Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Marrutxipiko lotune berriaren eraikuntza-lanekin aurrera jarraitzen du Aldundiak

Marrutxipiko lotune berriaren eraikuntza-lanekin aurrera jarraitzen du Aldundiak

Datozen hilabeteetan lanen etaparik konplexuenari ekingo zaio, GI-20 errepidean, eta aurreikuspena da 2024ko bigarren erdialderako amaituta egongo direla.

2023/03/10
Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua

Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua


Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eneko Goia, Donostiako alkateak eta Aintzane Oiarbide Bide, Azpiegituretako diputatuak, Donostiako saihesbidean (GI-20) Marrutxipiko lotune berria eraikitzeko lanak bisitatu dituzte gaur goizean. Hiriburuko ekialdeko sarrera-irteeren trafikoa deskargatzeko balioko duen obra, Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean (saihesbidearen zatian) eta Dbuseko kotxetegien (Intxaurrondo auzoan) inguruan kokatzen da, hain zuzen. Lanak iazko maiatzean hasi ziren, eta dagoeneko gainditu dute lehen etapa: kolektore berriak jarri dituzte, eta saneamendu orokorreko lanak egin dituzte Udalari egokitzen zaion zatian. Gauzak horrela, 24 hilabeteko hasierako exekuzio-epeari eutsiko zaio, eta datorren urteko bigarren seihilekorako sarbidea erabilgarri egongo dela espero da, arduradunek gaurko agerraldian aurreratu denez.

Lotura berriak, berrantolaketa baten bidez, nabarmen arinduko du zonalde batzuen trafiko motela, zehazki, Karlos I.a kaleko eta Loiolako Erriberako sarreretatik datozen eta hiriaren ekialderantz jo nahi duten ibilgailuena, Gros eta Egia auzoetara sartzeko. Horrek eragina izango du Urumea ibaiaren pasealekuko trafikoaren hobekuntzan eta Intxaurrondoko sarrera-irteeretan ere. Ondorioz, Frantzia Pasealekutik ateratzen diren ibilgailuen kopurua murriztea ere lortuko da. Obra konplexua eta hedadura handikoa da, “lurraldearentzat eta Donostiarentzat estrategikoa eta beharrezkoa”, Markel Olano diputatu nagusiaren iritziz. Azaldu duenez, Aldundia ahalegin handia egiten ari da obra honekin, eta, “zalantzarik gabe, trafikoaren kudeaketa eta hiriburuaren ekialdeko gune osorako sarbideak hobetuko ditu, eta eragin positiboa izango du donostiarren ongizatean”.

Eneko Goiak nabarmendu duenez, hiriko mugikortasunaren eskemarako eta antolamendurako funtsezko pieza den proiektu baten aurrean gaude. Alkateak gaineratu du obra honen amaierarekin, “klabe diren guneetako trafikoak nabarmen hobetzea lortuko dela, Gros eta Egia auzoetara doazen ibilgailuei sarrera eta irteera ahalbidetuz, Erdialdera sartu beharrik gabe”.

 

Lehen zatia amaitu da

Mons pasealekuaren eta Fernando Sasiain kalearen artean, Dbuseko kotxetegien instalazioen ondoan, dauden kolektore berrien instalazioa amaitzen ari dira uneotan. Horrela, udal-eremuko lanak bukatzear daude. Hala ere, saihesbideari berari dagozkion obrak dira esku-hartzearen konplexuenak, lurraren ezaugarri geometriko eta geoteknikoak direla eta. Azken aste hauetan lehenengo hormako lehen mikropiloteak instalatzeko zulaketa-lanei ekin zaie. Era berean, lurra egokitzeko eta bide berria eraikitzeko, bazterbidea sendotu behar izan da, plataforma desbideraketa egin ondoren, errepidearen zati horretatik igarotzen den trafikoa jasateko gai izateko. Horrez gain, beharrezkoa izan da obrak egiteko, bai Intxaurrondoko eremuan, bai saihesbidean bertan, zuhaitzak moztea. Galera hau, eraikuntzaren azken etapan, ingurumena lehengoratzeko esku-hartze batekin konpentsatuko

da. Horrela, 350 zuhaitz berri landatuko dira, gehienak Intxaurrondo inguruan, hainbat espezierekin: haritzak, lizarrak, astigarrak, urkiak, magnolioak, gereziondoak, gorostiak, arantzak eta hurritzak, besteak beste.

  

4971