Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Martxan da Donostiako mugikortasuna hobetuko duen Marrutxipiko lotune berria

Martxan da Donostiako mugikortasuna hobetuko duen Marrutxipiko lotune berria

Lotura berriarekin, Gros, Egia eta Intxaurrondoko sarbideak hobetuko dira, eta Urumea ondoko errepideetako trafikoa arinduko da.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur, urriaren 11n, irekiko du Marrutxipiko lotune berria Donostiako saihesbidean (GI-20). Azpiegitura honek trafikoaren pilaketa arinduko du hiriko ekialdeko sarreretan eta irteeretan, eta ibilgailuen zirkulazioa nabarmen hobetuko du trafiko handia duen ingurune osoan. Hala, aurreikuspena betez, ia bi urte eta erdiko lanen ostean, lotune berriak zuzeneko sarbidea eskainiko die Intxaurrondo, Gros eta Egiako auzoei, Urumea ibaiaren inguruetako sarreren trafikoa eta ohiko pilaketak nabarmen arinduz.

Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “lotura berri hau Donostiarentzat ez ezik Gipuzkoa osoarentzat ere azpiegitura giltzarria eta estrategikoa da. GI-20 errepidea hobetzen du, Gipuzkoako ekialdea eta hiriburura lotzen dituen errepide nagusia, eta antolaketa berriak zirkulazioaren arintasuna eta segurtasuna bermatzen ditu, ingurune osoan eragin positiboa izango duelarik".

Eneko Goia alkateak Foru Aldundiari eskerrak eman dizkio obra honetan egindako lanagatik, eta adierazi du “gure hiriko mugikortasunerako mugarri bat" dela. "Aspalditik espero zen jarduketa bat da, eta gure hiriko bideen zirkulazio-eskema eta ordenamendua hobetzen lagunduko du. Donostiako sarreren eta irteeren trafikoak eta ekialdeko auzoen mugimenduak berrantolatuko ditu. Gainera, pilaketarik handienak dituzten guneak arinduko ditu, milaka gidarirentzat zirkulazioan eta mugikortasunean hobekuntza nabarmena ekarriz".

Zirkulazio arinagoa

Marrutxipiko lotuneak trafikoaren fluxua hobetuko du Gros auzoari dagokionez, bai Bilbotik, bai Irunetik datozen noranzkoetan. Bide-eskemak bi noranzko nagusietan banatuko du zirkulazioa: mendebalderantz (GI-20 Bilborako noranzkoa) eta ekialderantz (GI-20 Irunerako noranzkoa). Gainera, lotune honek hiriko ekialdeko auzoetara iristeko irteera espezifikoak ditu, Urumea ondoan dauden sarrera-bideetan pilaketak saihesteko.

GI-20aren azpiko pasabideen diseinuak hirigunea eta saihesbidea lotzeko zirkulazio arin eta azkarra bermatzen dute, ekialdetik eta mendebaldetik datozen sarrera-irteerak eraginkorragoak direlarik. Banaketa berriak nabarmen gutxituko du Urumeako sarrera-bideetako trafikoa, Bizkaia eta Gernikako Arbola pasealekuetako pilaketak arinduz, baita Garbera merkataritza-gunera doan biribilgunean ere. Halaber, trafikoa murriztea espero da Frantzia eta Federico García Lorca pasealekuetan.

Gainera, oinezkoentzako pasabide bat eraiki da lotunearen gainean, eta saneamendu-sistema berri bat ezarri da Monseko pasealekuan. Obra urrian osatuko da, hegaztien kolisioen kontrako biniloak jarrita, eta urte hasieran ingurumen-berreskuratze lanak gauzatuko dira. Monseko pasabidearen inguruan 300 zuhaitz baino gehiago landatuko dira, besteak beste, haritzak, lizarrak, astigarrak, urkiak, magnolioak, gereziondoak, gorostiak, elorriak eta hurritzak.

  

4904