Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Martxoaren 8ko erakunde adierazpena

Martxoaren 8ko erakunde adierazpena

Martxoaren 8an Emakumeen Eguna ospatzen da mundu osoan. Ospakizun hau beharrezkoa da oraindik ere, emakumeek, emakume izate hutsagatik, egunez egun eta bizitza osoan zehar jasaten dituzten desberdintasunak agerian jartzeko

2018/03/08

 Desberdintasun horiek urratzen dituzten eskubideen inguruan eta desberdintasun horien oinarrian dauden arrazoien inguruan sentsibilizatzeko.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten ere, bat egiten du egun honen inguruan sortzen den aldarriarekin, munduko emakumeekin batera esateko aski dela.

Martxoaren 8az haratago joateko garaia da.

Desberdintasunak iraunkorrak direla eta horiei aurre egiteko unea iritsi dela onartzeko garaia da. Justiziagatik eta errespetuagatik, adorez eta ausardiaz aurre egin behar diegu emakumeen eta gizarte osoaren oraina eta etorkizuna, modu ageriagoan edo ezkutuagoan, baldintzatzen dituzten arrail guztiei.  Nahi dugun Gipuzkoa eraikitzeko ezinbestekoa da berdintasunaren defentsa eta praktika argia eta erabatekoa egitea.

Horren mende dago, neurri handi batean, gizarte kohesionatu gisa dugun etorkizuna. Egoera guztiek gizarte erronka kritikoen aurrean jartzen gaituzte, gizarte aurreratu gisa lortu nahi dugun gizarte ongizateari eutsi nahi badiogu behintzat, eta hori ezinezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik gabe.

Gizarte eragileekin bat eginez, garrantzitsua iruditzen zaigu arrail horiei guztiei eta, aurten bereziki, desberdintasun ekonomikoei aurre egitea.

Unibertsitate tituludunen % 55 emakumeak dira.

Seme-alabak edo adinekoak zaintzeko baimenak eskatzen dituztenen % 95 emakumeak dira.

Emakumeek urtean 123 egun gehiago lan egin behar dute gizonezkoek adina irabazteko.

Gizon-emakumeen arteko soldata aldea % 25ekoa da.

Lanaldi partzialean lan egiten dutenen % 83 emakumeak dira.

Datu horiek agerian uzten dute gizarte honetan emakumeek, prestakuntza maila bikaina izan arren, zailtasun gehiago dituztela esparru profesionalean aurrera egiteko, gutxiago kobratzen dutela, eta gizarteak behartzen dituela etxearen eta pertsonen zaintzaren ardura nagusiki beren gain hartzera. Biztanleriaren erdia dira, baina ez dituzte beste erdiaren eskubide berak.

Horregatik, berariazko deia egiten dugu gizonek erantzukizun partekatua har dezaten zaintza lanetan, eta erakunde publikoak, enpresak eta gizarte eragileak elkarlanean aritu daitezen emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzen eta defendatzen. Datuek diotenari aurrez aurre begiratuta bakarrik lortu ahal izango baitugu guztiok nahi dugun gizarte justua eta berdinzalea eraikitzea.

Eragile guztiei eskatzen diegu zeregin horrekin bat egiteko. Legealdi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak pauso irmoak eman ditu bide horretan, eta lan partekatuaren oinarriak ezarri ditu erakunde, gizarte, enpresa, kultura eta bestelako esparruetako politikak eta praktikak eraikitzeko. Modu horretan, osatuko dugun gizarteak oinarri izango ditu erantzukizun partekatua eta konpromiso irmoa berdintasuna defendatzeko eta genero desberdintasuna, eta bereziki horren adierazpen mingarriena eta onartezinena den emakumeen aurkako indarkeria, modu argian eta etengabean salatzeko.

Konpromisoa hartzen dugu hasitako lan hori garatzeko, eta desberdintasunak gainditzeko bidean aurrera egiteko.

Foru Aldundi barruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, emakumeak ardura-postuetara iristeko neurriak sustatuz ekintza positiboen bitartez.

Gipuzkoako enpresetan, eta foru eskumenen esparruan, zenbait neurri sustatzeko, horien xedea izango delarik lan merkatuaren segregazio horizontala eta bertikala murriztea, eta sektore feminizatuak gutxiago baloratzearen eta zaintza lanaren ardura nagusia bere gain hartzearen ondorioz emakumeek jasaten duten soldata aldea gutxitzea.

Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sortu den lan esparruaren barruan sustatzeko enpresa sare bat, zeinak lan egingo baitu berdintasunaren eta kontziliazio erantzunkidearen alde, Lurraldean trakzio lan bat eginda.

Genero desberdintasunen aurkako eta berdintasunaren aldeko sentsibilizazio lana egiteko, bereziki gazteen artean eta pertsona heldu izatera iristen direnean lan eta harreman esparruan  dituzten itxaropenei begira.

Emakume taldeen aitortza eta ikusgarritasuna sustatzeko, batik bat ikusezintasun eta zaurgarritasun egoera zailenetan diren emakumeak aintzat harturik.

Garaiak eskatzen duen maila eman behar dugu. Emakumeen eta gizonen berdintasuna ziurtatzea baino erronka handiagorik ez dago, eta iritsi da genero desberdintasunei ausardiaz eta konpromisoz aurre egiteko unea.

Jarrai dezagun aurrera. Gaur, martxoak 8, munduak emakumeen eguna ospatzen du genero desberdintasunen inpaktuaren inguruko hausnarketa sakona eginez. Gaur, noski, eta martxoaren 8tik aurrera ere bai.

Gipuzkoako gizarte osoari dei egiten diogu printzipio eta konpromiso horiek bere egin ditzan eta gaurko deituta dauden ekintzetan parte har dezan.

Gipuzkoak atzeraezina den gizarte eraldaketa honek eskatzen duen maila emango du.

  

1671