Mediterraneo burdinbidea babestu du Aldundiak
Mediterraneo burdinbidea babestu du Aldundiak
Markel Olano diputatu nagusia Ramon Millan Teruelgo Diputazio Probintzialeko presidentearekin elkartu da gaur goizean Donostian
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakundearen babesa adierazi dio gaur Ramon Millan Teruelgo Diputazio Probintzialeko presidenteari, Kantauri-Mediterraneo trenbidearen proiektuaren inguruan. “Ekimen interesgarria da, Terueldik igaro eta Valentziako Saguntoko portua bezalako azpiegitura garrantzitsu batekin lotuko gintuena, eta horregatik babesten dugu”, adierazi du. “Ziur gaude penintsulako eta Europako trenbide sareen indartzea Euskadiko Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren mesedetan izango dela”, gehitu du diputatu nagusiak, azpiegitura honen aldeko apustua berretsiz.
Olano eta Millan gaur goizean elkartu dira Donostian. Bi aldeak bileraren irakurketa baikorra egin dute, eta aurrera begira elkarlana sendotzen jarraitzeko asmoa adierazi. Diputatu nagusiak trenbideen garapenaren alde egin du, AHTren proiektua nabarmenduz, “biztanleriari zerbitzua eman eta jarduera ekonomiko eta logistikoaren mesedetan baitoa”. Hori dela eta, “positiboa” dela esan du trenbide sarearen hedapenaren eskutik Gipuzkoa penintsularekin eta Europa osoarekin “konektatzea”.
Teruelgo Diputazioko Probintzialeko presidenteak, bere aldetik, esker oneko hitzak izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko. “Guretzako, Teruel eta Aragoirentzako, berebiziko garrantzia du Kantauri-Mediterraneo korridorea gauzatzeak. Gaurko bileran hori adierazi eta ulertzen dutela ikusi dugu. Beraz, oso eskertuta gaude jasotako elkartasun eta babesarekin”, azaldu du Millanek. Zentzu honetan, azaldu du Donostia eta Bilboko alkateekin ere bilerak lotu dituela eta “ziur nago giro berdinean egingo direla”.
1493