Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei babesa

Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei babesa

Zerbitzu honen kontratazioa onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak, 307.120 euroko aurrekontuarekin

2018/02/28
Kontseilua Imanol

Gipuzkoan mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntza emateko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak, Sendian programaren barruan. Kontratuaren hasierako iraupena 12 hilabetekoa izango da, 24 hilabeteraino luzatu ahal izango da eta 307.120 euroko aurrekontua izango du. Adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitza zerbitzuak eta egonaldi mota desberdinak eskaintzen ditu Foru Aldundiak, baina lehentasunez sustatzen du, baita ere, adineko pertsona horiek beren ingurune soziofamiliarrean jarraitzea. Hain zuzen ere, Sendian programa da helburu hori bultzatzeko Aldundiak duen ildoetako bat, duela hamar urte baino gehiago sortua.

«Iruditzen zaigu, besteren beharra duten adineko pertsonen ongizaterako, oso onuragarria dela beraien bizimoduan aldaketak ez sorraraztea eta, ahal dela, beren ohiko ingurunean bizitzen jarraitzea, familiek zainduta. Mendekotasun egoeran dauden gehienek nahiago izaten dute beren etxean jarraitu. Horregatik, oso garrantzitsua da adineko pertsonak zaintzen dituzten familiak ondo prestatuta eta trebatuta egotea», adierazi du Foru Aldundiaren bozeramaileak. Programa honen bitartez, kontuan hartzen da pertsona zaintzaileak berak ere atenditzea; izan ere, zainketa lana ez da erraza izaten eta, batzuetan, neke eta desgaste handia eragiten dio zaintzaileari, «eskakizun eta dedikazio emozional handia» dakarrelako.

Horregatik, Sendian programak familien laguntzarako baliabide desberdinak ditu, familietan arazoak gainezka ez egiteko, bizikidetza normalizatua ahalbidetzeko eta mendeko pertsonari atentzio egokia emateko: zainketarako trebakuntza, elkarren laguntzarako taldeak, laguntza psikologikoa, iraupen laburreko egonaldiak, eta asteburuetan eta jaiegunetan egunezko egonaldiak. Trebakuntza arloan saio teoriko-praktikoak izaten dira, ezagutza espezifikoak emateko eta, hartara, zaindutako pertsonek atentzio hobea jaso dezaten eta, aldi berean, zaintzaileek beren ardura berme hobearekin bete dezaten. Ikasgaiek arlo hauek hartzen dituzte: medikuntza, erizaintza, psikogeriatria, legeria, eta gizarte baliabideak. Informazio eta heziketa helburuak dituzte, eta balio terapeutikoa ere bai.

Bestalde, egoitzetan egonaldi laburrak egiteko aukeraren bitartez, mendekotasuna duen pertsona adinekoen egoitza batera joan daiteke, hilean bost egunean gehienez, familiak aldian behin atseden hartu ahal izateko. Era berean, eguneko zentroetan egunezko egonaldiak egin ditzake mendekotasuna duen pertsonak, familiei zainketak dakarkien karga egunean zehar arintzeko, adineko pertsonak egunez izaten dituen beharretara egokitutako zerbitzuari esker. Iaz, egitasmo honen baitan, 215 lagunek jaso zuten formakuntza, 159 lagunek laguntza psikologikoa, 337k parte hartu zuten elkarren laguntzarako taldeetan, eta 445 onuradun izan ziren guztira asteburuko egonaldietan eta egonaldi laburretan. 

Emakume eta gizonen ahalduntzea sustatzen dituen eredu batetik abiatzen da programa. Horregatik, Sendian programak planteatzen du «erantzunkidetasuna» sustatzea zainketa ez profesionaletan, eta bereziki atenditzea emakume zaintzaileen ongizatea eta eskariak. Baita etxeetan zainketa lanak «modu ekitatiboagoan» banatzea ere. Izan ere, senitartekoren baten zainketaz arduratzen diren hamar pertsonatik zortzi, gutxi gorabehera, emakumeak izaten baitira.

Lasak azpimarratu du mendekotasuna duten pertsonen zainketa familiarra «gizartearen erronka izugarria da, sekula ez bezalakoa eta aurrerantzean garrantzia handiagoa izaten segituko duena» bizi-itxaropena handitu, jaiotza tasa txikitu eta biztanleria zahartu ahala.  «Mendekotasun egoeran dagoen senitarteko bat zaintzeak familiaren erantzukizun handia eskatzen du, denbora igaro ahala handitzen joaten dena eta luzaroan iraun ohi duena; horrek guztiak, senitartekoa egoera ahulean egon ohi denez, eragin fisiko eta psikologiko nabariak izaten ditu zaintzaile nagusien bizitza  eta, ondorioz, gainerako senitartekoenean».

Horregatik, nabarmendu du behar-beharrezkoa dela baliabideak jartzen segitzea «zaintzailea bera zaintzeko eta bakarrik ez uzteko». Pertsona zaintzaileek zeregin anitz izaten dituzte eta zeregin horiek denbora eta energia handia eskatzen dute, beti ez baitira errazak edo erosoak egiteko. Gainera, batzuetan ustekabean etortzen direnez, pertsona horiek ez dira aurretik prestatuta egoten zainketa lanak egiteko, era guztietako zereginak sortzen baitzaizkie. Horregatik da oso garrantzitsua hau bezalako programak edukitzea».

Deba-Mutriku errepideak bizikleta bidea izango du zati batzuetan

Kontseiluaren saio berean, onartu zen Deba-Mutriku errepidea hobetzeko proiektuari aurkeztutako 13 alegazioen erantzuna. Proiektu horren helburua da Mutrikuk Lurraldeko gainerako puntuekin duen komunikazioa hobetzea eta azpiegitura horren segurtasuna handitzea. Halaber, Batzar Nagusiek eskatuta, alderdi tekniko, juridiko eta ekonomikotik bideragarria den zatietan, bizikleta bidea ere egingo da proiektuan, txirrindulari eta oinezkoentzako 3 metro zabaleko bidea erantsita. Obra hori Bide Azpiegituretako Departamentuak finantzatuko du.  Hobekuntza horren mugak orografiak berak eta Kosta Legeak ezarriko dituzte, eta onartu diren gainerako alegazioekin batera, hasieran aurreikusitako aurrekontua, 11 milioi eurokoa zena, handitzea ekarriko du berekin

Obra honek nabarmen hobetuko du mutrikuarren komunikazioa, bai Gipuzkoako «errotondarekin», bai Mendaroko ospitalearekin, horrela «Gipuzkoako lurralde orekan sakonduz». Bizikleta bidea eginez bizikletazko mugikortasuna hobetuko den bezala, oinezkoen mugikortasuna ere nabarmen hobetuko da proiektu honen bitartez; izan ere, egungo errepidearen trazatua hobetzeko lanekin batera oinezko bidea egingo da, behar besteko zabalera ez dagoen zatietan errepide ertzean hegala eraikiz. «Espazioa irabaziko dugu itsasertzerantz, oraingo egoera zeharo irauliko duen oinezko pasealeku bat egiteko. Komunikazioa eta segurtasuna hobetzeaz gainera, herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu, hemendik aurrera oinez ibiltzeko eta paisaia ederrez disfrutatzeko aukera emango duen pasealeku honen bitartez», adierazi du Lasak.

Horrenbestez, onartutako proiektua izaera anitzeko lan eta helburuen emaitza da, eta Mutrikuko sarrera-irteerak hobetzea du funtsezko helburu. GI-638 errepidean batez beste 6.000 ibilgailu igarotzen dira egunean, eta Mutriku eta Deba komunikatzen dituen ia errepide bakarra da.  Proiektu hau gauzatuz, errepidearen zati estuenak zabalduko dira eta alderdi geoteknikoki ezegonkorrenak sendotuko dira, bihurguneak eta puntu arazotsuenak leuntzeaz gainera.  Aurrekusten da lanak udazkenean hastea.

Errepideak

Lasak gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza baliabide eta makina guztiak lanean aritu dira gauerditik, gaurko elurtea dela eta. Euskalmet agentziak iragarritako elurtearen ondorioz laugarren arrisku maila aktibatu zen atzo, hau da, “honek esan nahi du gure medio guztiak kalean daudela”. “Gauerdirako prest zeuden gure baliabide guztiak eta, elurtea hasi arte, gatza botatzen ibili dira. Elurtea hasi ostean, elurra kentzeari ekin diote”, gehitu du.

            Gipuzkoako errepide sarea zabalik dago, A-15 autobideko mendatea izan ezik, baina elur asko erori da eta hau trafikoari eragiten ari zaio. Etzegarateko mendatea itxita egon da goizaldean Donostiako norabidean, baina ordu honetan errei bana dago irekita bi norabideetan. “Errepide sare nagusia zabalik egoteak ez du esan nahi ohiko zirkulazioa dugunik. Arazoak daude puntu batzuetan eta kontuz gidatu behar da errepide guztietan. Batez ere gaurkoa bezalako egunetan ematen diren aholkuak jarraitu behar dira eta nagusiena hau da: ezkerreko erraila libre uztea larrialdietako ibilgailuek lana egin dezaten”.

  

2039