Mikel Laboak badu webgune berria
Mikel Laboak badu webgune berria
Aurtengo ikerketa eta sormen-lanerako beken deialdia egin da ere
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak Mikel Laboari buruzko webgune berria aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian. Ekitaldian parte hartu dute: Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia; Juan Cruz Igerabide, Mikel Laboa Katedrako zuzendaria; eta, Itziar Zubizarreta, web orriaren koordinatzailea eta edukien egilea (Marisol Bastida Laboa alargunarekin elkarlanean).
Mikel Laboaren webgune berri horrek biltzen ditu hala Laboaren biografia nola haren diskografiaren eta kantuen informazioa, bai musikari dagokionez, bai erabili zituen testuei dagokionez. Gainera, hemeroteka zabal bat ere gehitu da, Laboari buruzko iritzi, kritika eta beste zenbait gorabeherarekin. Itziar Zubizarretak koordinatu du webgunea eta Itxaso Mezzacasa izan da diseinatzailea eta informatikaria. Bestalde, informazioaren iturri nagusia Marisol Bastida izan da, Mikel Laboaren alarguna. Jose Luis Zumetaren irudiak erabili dira web orrian zehar. Azkenik, Elkar eta Eresbilen laguntza ezinbestekoa izan da hala dokumentazioa nola diskofrafia antolatzerakoan.
*Webgunearen helbidea honako hau da: www.mikellaboa.eus
Ikerketa eta sormen-lanerako bekak
Bestalde, ekitaldian aurtengo ikerketa eta sormen-lanerako beken deialdien berri eman dute ere:
Tesiak egiteko kontratu bat
Ikerketa monografikoak egiteko hiru beka
Sormen-lanerako bi dirulaguntza
Dagoeneko bi tesi amaituak eta defendatuak izan dira eta beste bi abian dira. Aurtengo honekin bosgarren tesia abiatuko da, betiere katedraren ildo nagusien bidetik. Ikerketa-lan monografikoak gehienbat Master Amaierako Lanak izaten dira, geroko ikertzaileak formatzeko bide bat. Jada hamabi eginak dira, eta aurten beste hiru gauzatuko dira. Katedrako ikertzaileek jardunaldietan ezagutarazten dituzten beren lanak.
Ikerkuntzaren alor honetan, Mintzolarekin ere egiten dira deialdiak, bertsolaritzari buruz tesiak eta ikerketa-lanak egiteko. Maiatzaren 25ean egingo da deialdia.
Sormen-laguntzei dagokienez, aurten dantzaren alorrean egingo da deialdia. Beste dirulaguntza Benito Ansola Ikusentzunezko Saria bultzatzeko izango da.
*Informazio gehiago izateko eta deialdietan parte hartzeko, ikus Mikel Laboa Katedraren webgunea: http://www.ehu.eus/es/web/laboakatedra
2612