Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mintegi batek eta zinema amateur eta zurtzaren gaineko erakusketa batek irekitzen dituzte Elías Querejeta Zine Eskolaren ateak

Mintegi batek eta zinema amateur eta zurtzaren gaineko erakusketa batek irekitzen dituzte Elías Querejeta Zine Eskolaren ateak

Zinemagileak eta aztertzaileak elkartuko ditu urriaren 26tik 28ra

2017/10/16

• Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak) mintegiak film kategoria horretako zinemagileak eta aztertzaileak elkartuko ditu urriaren 26tik 28ra
• Eskolaren instalazioetan Izenik gabeko zinema izenburua duen ikus-entzunezko erakusketa ere jarriko da

Elías Querejeta Zine Eskolak nazioarteko mintegi bat antolatu du urriaren 26, 27 eta 28rako, gaitzat hartuta zinema amateurra, “izenik gabeko” filmak, eta autoretzaren kontzeptua, izenburu honen pean: Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak). Mintegia irekia da jendearentzat, oro har, eta bere hiru jardunaldietara bilduko ditu zinema zurtza eta artxiboen sekretuak lantzen dituzten espezialistak, kontserbatzaileak, artista bisualak, zinemagileak eta aztertzaileak. Programako saioak -hiru proiekzio eransten dira Euskadiko Filmategiaren eta Tabakalera kultura proiektuko Zinea eta Ikusentzunezko alorren lankidetzarekin- saio misto gisa pentsatuak daude, hau da, filmetako zati laburrekin ilustratutako hitzaldiak. Aldi berean, ikusgai jarriko da Izenik gabeko zinema ikus-entzunezko erakusketa, eta leit motiv beraren inguruko zinema erakustaldi zabala hartuko du eskolaren espazio berean.
Egilerik edo autoretzarik gabeko zinema, zinema zurtza deitutakoa, ez da bitxikeria, baizik eta XX. mendeko zinema produkzioaren zati handi baten ezaugarri komuna.  Zinema anonimoa sinadurarik gabeko zinema da: etxeko zinema, zinema zurtza, zinema industriala, zinema amateurra, osatu gabeko edo zentsuratutako zinema, erabaki politikoak edo testuinguru sozial jakin batzuk direla-eta artxibo batean ahaztutako zinema, beren burua egile gisa ikusi ez zuten zinemagileen pelikulak edo film-erakundeak pelikulatzat hartu gabeko zinema. Zinema anonimoa da, orobat, kredituak izan arren –baita autore zigilua ere–, jende anonimoaren bizitzako uneak jasotzen dituena: zinema horretako protagonistak ez dira izarrak, begitarte iheskorrak baizik. 
Autoretzaren kontzeptua ezin berezizkoa da zinemaren historia interpretatu den modutik, aurrena, star system delakoarekin (izarren sistema), eta gero, la politique des auteurs delakoarekin (autoreen politika). Beraz, “izanik gabeko zinema” aipatzeak ezeztatu egiten du zinemaren historiaren eta kritikaren funtsezko kategorietako bat. XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, zinema amateurraren, zinema zurtzaren eta zinema anonimoaren errebalorizazioak eta azterketak historiaren gune ezezagunak ikertzeko bide berriak ireki dituzte eta, ondorioz, anonimotasunak film-kategoria berri bat gaitu du, deitzeko, identifikatzeko, sailkatzeko eta zehazteko zailtasuna duen kategoria; eta galdera ugari planteatzen dituena eta leku komun ugari zalantzan jartzen dituena.
Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak) mintegiaren asmoa da, hain zuzen, zinemari begiratzeko modu berri horiek erakustea eta gai horren inguruan mundu osoan egiten ari diren azterketak eguneratzea. Ikuspegi didaktiko batetik abiatuta, eta mota horretako zinema produkzioen ikerkuntzan eta hedapenean lan egiten duten nazioarteko erakunde nabarmenetako profesionalen partaidetzarekin (ikusi programa), “izenik gabeko” zinemaren historiaren zati bat da arakatuko  da mintegian eta, halaber, alor hauetako gaiak aztertuko dira: mendearen hasierako zientzia eta medikuntza alorreko zinema, eta gerra aldiko eta zinema militante eta politikoari buruzko  zinema historikoa; gainera,  etxeko pelikulak erakutsiko dira eta baita ere material anonimo berezi hauetatik abiatuta egindako sorkuntza artistikoak.
PROGRAMA (Tabakalera / Zinema - 1 aretoa)
Urriak 26, osteguna
18:00 IREKIERA HITZALDIA
Egilerik gabeko keinuak.  Anonimotasuna eta egilerik eza film eta bideo artistikoetan.
Mark Toscano (Zinemako Arte eta Zientzien Akademia. Hollywood)
20:00 HITZALDIA / PROIEKZIOA
Ángel Lerma. 56 urte kamerarekin.
Ángel Lerma (zinegilea)
Urriak 27, ostirala
10:00 1. PANELA
“Zinema dela medio, zinema dela medium: magiaren eta zientziaren arteko zinema anonimoa”.
Neurologiaren inguruko filmen arkeologia: Vincenzo Neriren artxiboa. 
Simone Venturini (Università degli Studi di Udine)
Gau-historia. Aita Labururen zinema. 
Oier Etxeberria (artista bisuala eta musikaria)
Ignasi Barraquer doktorearen film oftalmologikoak. 
Paula Arantzazu Ruiz (Universitat Pompeu Fabra)
15:30 2. PANELA
“Memoria anonimoa. Autorerik gabeko dokumentu historikoak, historiaren protagonista izengabeak eta jabetze kulturala”.
I. Mundu Gerrako bobinak Pathé Babyrentzat.
Mirco Santi (Associazione Home Movies)
Agustín Ugartetxea: Gernikako sinadurarik gabeko irudiak.
Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia)
Egile izengabeen irudi ikusezinak existitu ere egiten ez den herri batentzako.
Josu Martínez (UPV/EHU. NOR ikerketa taldea)
17:30 HITZALDIA / PROIEKZIOA
Zer daki Historiak azazkalak jateari buruz? Abraham Lincoln Brigada Archiveseko Harry Randallen bobinei buruz.
Francesc Torres (artista bisuala)
20:00 PROIEKZIOA 
Cuatreros. Albertina Carri (Argentina, 2016). 83 min.
Urriak 28, larunbata
10:00 3. PANELA
“Autoreen politika(k). Autore zigilua, isiltasuna, ahazte politikoa, zinema amateurra subertsio eta erresistentzia politiko eta estetiko gisa”.
Begirada ikusezinak: IIEC/ EOen (1952-1969) emakumeek egindako film-praktikak.
Sonia García López (Universidad Carlos III)
“Arma hau eramateak herritarren ausardia mota berezia behar du”: amateur kamarak eta herritarrek kontrolatutako filmak Sobiet Batasunean. Maria Vinogradova María Vinogradova (New York University)
Ukatutako lantegia: industria-espazioak eta zine militantea Espainiar estatuan 70. hamarkadan. 
Pablo La Parra (New York University)
12:30 ITXIERA HITZALDIA
Fotogramak eta erritualak: zinema esperientziaren muga mugikorrak.
Guy Edmonds (Plymouth University / Eye Film Institut)
18:00 PROIEKZIOA
No intenso agora. João Moreira Salles (Brasil, 2017). 127 min. Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin.
Mintegiko hitzaldietan aldi bereko itzulpena eskainiko da. Proiekzioen prezioa 3,5 euro izango da.
Izenik gabeko zinema erakusketa
Mintegiarekin bat eginez, Elías Querejeta Zine Eskolak bere instalazioak irekiko ditu galeria baten itxura hartuta, zinemaren historiaren zehar izandako zinema izenik gabearen, zurtzaren eta amateurraren erakustaldi antologikoa hartze aldera. Proiektu honen helburua da, alde batetik, “zinemaren aurpegi ezkutua” identifikatzea: etxeko pelikulak, amateurrak, egile garbirik gabekoak, baztertutakoak, osatugabeak, isilarazitakoak, eta jendeari erakusteko asmorik gabe egindakoak, eta, bestetik, film bat ahaztuta eta egile argirik gabe gelditzeko izan diren arrazoi material, komertzial, kultural, eta historikoak argitzea.
Izenik gabeko zinema erakusketak zinema zurtzaren adiera desberdin guztiak hartzen ditu: zinemaren historiarako interes handia duten filmen zati laburrak (Edison-en materialak eta American Vitagraph-en materialak), asmo artistikoekin egindako obra amateurrak (Amateur Cinema League-ren barruan hogeita hamarreko hamarkadan egindakoak), Sobietar Batasunaren bihotzean egindako etxeko zinema burgesa, Madrilgo Instituto de Investigaciones y Experiencias Cinematográficas institutuan, berrogeita hamarreko hamarkadan, matrikulatutako lehen emakumeen praktika ahaztuak, eta artisten esku-hartzeak found footage teknikatik (Rebeca Baron, Goug Goodwin, eta Jen Proctor-en obrak) eta YouTubeko bukaezineko fluxutik abiatuta.
Erakusketa hau osatzen duten programen komisarioak aditu hauek dira: Sonia García López, Mirco Santi, Mark Toscano, Clara Sánchez-Dehesa (EQZEko Artxibo Departamentuko koordinatzailea), Guy Edmonds, Dan Streible eta Maria Vinogradova, eta gehienek mintegian parte hartuko dute; guztira, 30 film edo film zurtzen zati baino gehiago bilduko dira, 1894. urtetik gaur artekoak. Erakustaldiaren erdiko gunean, gainera, euskal zinema amateurraren tradizio luzearen film hautaketa jarriko da. 
Erakusketak aukera ematen dio bisitariari Elías Querejeta Zine Eskolako irakaskuntza espazioa bisitatzeko, mugimenduan dauden irudiak ikusten dituen bitartean. Eskolaren banaketa espaziala prestakuntzarako eta ikaskuntza praktikorako pentsatuta dago, baina baita ere toki malgu eta balioaniztun izateko, erakusketa galeria edo gune bihurtu daitekeena, kasu honetan bezala, Komisariotza saileko ikasleek esku-hartzeko eta proiektuak aurkezteko aukera izan dezaten. Erakusketak 26an irekiko ditu ateak arratsaldeko 16:00etan eta azaroaren 1era arte izango da ikusgai. Ordutegia honakoa da: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Elias Querejeta Zine Eskola nazioarteko zentro bat da, eta pentsamendua, praktika  esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa lantzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua da, eta gauzatzen da bere  kontzeptualizazioa eragiten ari diren hiru  eragileen ezagutza arloetatik abiatuta.  Hiru eragileok dira: Euskadiko Filmategia,  Donostia Zinemaldia eta Tabakalerako kultur proiektua. Informazio gehiago www.zine-eskola.eus webgunean.

  

2079