Etorkizunera begira lanean, berrikuntzatik
Etorkizunera begira lanean, berrikuntzatik
Ainhoa Aizpuru. 'Guia de la Innovación 2017, una mirada al futuro' gidan argitaratua. Estrategia Empresarial.
Erakundeok berrikuntza eta lehiakortasuna aldarrikatu ohi ditugu gure gizartearen garapenerako ezinbesteko balio gisa. Nolanahi ere, ezin gara mugatu berrikuntza ekosistemaren fintzantzatzaile publikoak izatera. Zeregin horri eutsi arren –ezinbestekoa baita–, administrazioak sakoneko berrikuntza politikoko prozesuei ekin behar die, gure erakundeak eragile bilaka daitezen, eta gai izan daitezen hain aldakor, konplexu eta interdependente diren gizarteari, munduari eta gaur egungo ekonomiari erantzuteko.
Lehenik erakunde publikoak eraldatu behar ditugu, publiko dena aldaketarako eta hobekuntzarako benetako palanka bihur dadin, prozesu sozial, ekonomiko eta kulturaletan. Horretarako, lankidetza, gobernantza, harreman eta ekintza forma berriak behar dira, besteak beste. Hori xedetzat hartuta, eta diputatu nagusiaren gidaritzarekin, Etorkizuna Eraikiz izeneko ekimena abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Programa horrek xedetzat du etorkizun hurbilean etorriko zaizkigun erronka sozial eta ekonomikoak identifikatu, diseinatu eta gizarte gipuzkoarrean esperimentatzea. Guztion artean egingo dugu: erakundeek, enpresek, elkarteek, unibertsitateek eta Gipuzkoa osatzen dugun guztiok. Erabakiko dugun etorkizun horrekin lortu nahi da Gipuzkoa Europako lekurik onena izatea bizitzeko, lan egiteko eta pertsona gisa garatzeko. Azken batean, foru erakundea sakonki eraldatu nahi da, ezagutza sortuz, Gipuzkoalaben proiektu pilotuen bidez esperimentazio aktiboa sustatuz, eta politika publikoak hobetuz, betiere eragile eta herritarren arteko maila askotako lankidetza oinarri hartuta.
Apustu horixe egiten dugu guk Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko, berrikuntza politikoa ekarriko duen benetako ariketa publiko bat eginez. Orobat, Etorkizuna Eraikizen esparruan, hainbat proiektu estrategiko ezarri ditugu, besteak beste, lurraldean daukagun potentzial berritzailea sektore ekonomiko berrietara eramateko xedez. Horrela, jarduera eta lanpostu berriak sor daitezke, eta, bide batez, 2019ra arte marraztu dugun estrategia ekonomikoan urrats bat gehiago egin. RIS3 espezializazio estrategia aplikatzean eta gure lurraldera egokitzean datza, horren bidez ezagutza, talentu eta jarduera berria sorrarazteko, betiere ikuspegi berritzaile batetik. Proiektu horietako lehena, fabrikazio aurreratuari eta industria 4.0ri loturikoa, zibersegurtasunerako zentro industrial bat da. Biozientzien eta osasunaren arloan ere lanean ari gara, Pasaian zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretarako erreferentziazko zentro bat egiteko. Hirugarren proiektua, berriz, elektromugikortasunari eta energiaren biltegiratzeari buruzko esperimentazio polo bat sortzean datza.
Gipuzkoarron kultura eta DNAren osagai nagusietako bat da berrikuntza. Gure gizarteak berrikuntzarako duen gaitasunetik bakarrik uler baitaiteke lortutako ongizate maila. Alor publikotik gure lurraldeak berekin duen berrikuntza gaitasuna hobetzeko lan egin behar dugu. Baina, horretarako, alor publikoan ere Berritzen jarraitu behar dugu. Eta horretan dihardugu, etorkizuna eraikitzeko lanean, berrikuntza oinarri hartuta.
2434