Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Udazken-neguko Modaren Astea urriaren 25etik 29ra ospatuko da

Udazken-neguko Modaren Astea urriaren 25etik 29ra ospatuko da

Jorge Vázquez, Ailanto, Juanjo Oliva, Isabel Zapardiez eta Txabarria izango dira pasareletako firma nabarmenetako batzuk

Jorge Vázquez, Ailanto, Juanjo Oliva, Isabel Zapardiez eta Txabarria izango dira pasareletako firma nabarmenetako batzuk

San Sebastián Moda Festival, Euskal Herrian proiekzio handiena duen moda ekitaldia, berrikuntzaz beteta datorkigu udazken-neguko edizioan. Balenciaga Museoak (Getaria), San Telmo Museoak (Donostia), Miramar Jauregiak (Donostia) edo Tabakalerak (Donostia) hartuko dituzte desfile eta jarduera nagusiak.

Laura Chamorro jaialdiaren zuzendariaren arabera: “berriro ere, jardunaldien eta parte-hartzaileen kopurua handitzen doa. Gero eta gehiago dira bertan firma handiak. Hortaz, ibilbide luzea izango duen Jaialdia dela pentsarazten digu horrek. Aurreko edizioetan ere parte hartu izan duten firmez gain, Jorge Vázquez edo Ailanto izango ditugu aurten aurreneko aldiz gure pasareletan. Gainera, hirukoiztu egingo ditugu desfileak Balenciaga Museo enblematikoan, eta Tabakaleran eta Miramar Jauregian egingo ditugun jarduerekin osatuko dugu San Telmo Museoko programazioa. Egoitzak bilatzen jardun behar izan dugu jarduera guztiak garatzeko".

Edizio honetan, Jorge Vázquez izango da firma gonbidatua, Balenciaga Museoan Isabel Zapardiezekin batera desfilatuko duena. Urriaren 26an, 2018 udazken-neguko bere bildumako silueta arin eta femeninoak gailendu egingo dira Museoaren espazio dotorean. Vázquez, azken hamarkadako Espainiako zuzendari sortzaile handienetako bat, goi-mailako jantzigintzako Isabel Zapardiez diseinatzailearekin batera izango da protagonista egun horretan. Zapardiezek lehen aldiz aurkeztuko du bere lana Balenciagan, oso berezia izango den desfile batean, bere 15. urteurrena ospatzeko eszenaratze ikusgarri batekin.

Urriaren 26ko jardunaldi horretan lan dinamikak eta gogoetarako guneak ere izango dira. GdM Donostia Moda Festival goizean goiz hasiko da solasaldiekin eta tailerrekin Tabakalerako 4. solairuan, GK Green Fashion-en eskutik. “Lekua egingo diogu berriro ‘Slow Fashion’ deritzan korronte honi. Duen garrantziagatik, berriro ere, lehen mailako profesionalak izango ditugu gure artean, espazio zabalago bat eta harridura sorrarazteko aukera handiagoa eskaintzen dituen Kutxa Kultur gunean”, nabarmendu zuen Ingurumeneko Diputatu José Ignacio Asensiok.

Gemma Gómez (Slow Fashion Next-en sortzailea) eta beste marka eta erakunde nabarmen batzuk, horien artean Hilaturas Ferre, EkoRec eta Ternua, izango dira buru sektore profesionalari eta publiko orokorrari zuzendutako programan. Eta, gainera, moda iraunkorrari buruzko fashion film bat ikusteko aukera izango dugu.

‘Face to Face’ saioak eta eztabaidarako denbora izango dira bigarren jardunaldiaren protagonista, Donostia Moda Klusterraren eskutik. Urriaren 27ari tailer interesgarriarekin emango zaio hasiera, hiriko Moda Eskola eta diseinatzaile nagusiek dinamizatuta, eta arratsaldean San Telmon jarraituko du, besteren artean Ailantoko eta Javier Barroeta zuzendari sortzaileen solasaldiekin eta hitzaldiekin eta haien Goi Mailako Jantzigintza Eskola berriarekin.

Gauez, ostiraleko jardunaldiak berriro eramango gaitu Balenciaga Museora bigarren desfile eguna gozatzera, oraingo honetan Kutxa Kultur Modako egoiliarren lehenengo promozioaren eskutik. Inge Zubeldia, Goiuri Unanue, Pispiripispo, Julen Linde, Miguel Ángel Lima eta Saioa Matxain izango dira gradu amaierako beren lanak aurkezten. Kutxa Kulturreko zuzendari Mikel Mendartek adierazi zuen bezala “Gure sei egoiliarrentzat aukera paregabea da beren lana Balenciaga Museoan aurkeztu ahal izatea, hau bezalako jaialdi baten esparruan. Sinergia etengabeen emaitza da Moda Jaialdi hau babestu eta bertan izatea, sortzaile berriei ikusgarritasuna emateko”.

Urriaren 28an, San Telmoko Eliza argiz, soinuz eta kolorez jantziko da berriro hainbeste esperotako desfile egunaren agertoki bilakatuta. Goizean, hamahiru bildumak zeharkatuko dute pasarela 2017/2018 udazken-neguko joerekin eta 2018 udaberri-udako bildumen aurrerapenekin. Arratsaldean hiru desfile nagusi izango dira lehenik, Gipuzkoako BOX San Sebastián, Zergatik eta Txabarria firmenak, eta ondoren, Aliantori egingo zaio harrera –edizio honetako beste berrikuntza bat– 2018 udaberri-udako bere bilduma aurkez dezan. Muñoz anaiak aurreneko aldiz igoko dira Donostiako Moda Jaialdi honetako pasarelara, firmaren 15. urteurrenarekin bat etorriz. Arratsaldeko kartela osatzeko, gure artean izango ditugu Juanjo Oliva by ECI eta Isabel Zapardiez, Balenciagatik igaro ondoren show desberdin batekin datorkiguna.

“‘San Sebastian Region’ marka aurkezpen gutun hobezina da kanpora begira. Ospetsu bihurtutako Moda Jaialdi honen udaberri-udako eta udazken-neguko edizioak sektore hau berreskuratu egin dugula eta lurraldearen balio kultural/turistiko gisa hazten ari dela erakusten digu” adierazi zuen Kultura eta Turismoko Diputatu Denis Itxasok. Bere aldetik, Alfonso Gurpegui Donostiako Gune Publikoetako Zinegotziak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa ordezkatuz, nabarmendu zuen “bi urte daramatzagu lanean Donostia Moda Klusterretik ‘San Sebastián’ marka eta bere osagaiak nazioartean nabarmentzeko. Joan den Zinemaldian horren erakusgarri izan ginen sarien eta galen aurkezle nagusiak jantzi genituenean, eta Modaren Aste honetan gauza bera egingo dugu lehen mailako ponentzien eta eztabaiden jardunaldi bat garatzean Aitor Muñozen edo Javier Barroetaren eskutik’.

GdM Donostia Moda Festival jaialdiaren udazken-neguko bosgarren edizioan hauek ere izango ditugu: erakusketak Miramar Jauregian, azokak eta gogoetarako guneak Garbera Zentro Komertzialean edo pop up tradizionala Hotel de Londres e Inglaterra-n.

Sortu zenetik bigarren aldiz, azaroaren 3an eta 4an luzatuko da ekitaldia Gros eta Antigua auzoetan izango diren desfileekin, hiriko leku desberdinak dinamizatzearren eta dendek eskaintzen duten produktuaren berezitasuna nabarmentzearren. Maiatzean izugarrizko arrakasta izan zuen ekimen berri honek; 400-500 pertsona bildu zituen pasareletako bakoitzean eta edizio honetan ere eramango dugu aurrera hazten jarraitzeko eta etorkizuneko edizioetan espazioak gehitzeko helburuz”.

Ekitaldi osoaren erakunde babesle izango den BBVAko Gipuzkoako Zuzendariak adierazi bezala, “urriak modaren industriaren erreferente eta erakusleiho hobezin bilakatuko ditu Gipuzkoa eta Euskal Herria, eta guretzat plazer bat da ekitaldi hau babestea”.                                                                   

  

1838