Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mugi txartelaren erabiltzaileentzako proiektu pilotu batek Tolosaldeako herriak lotuko ditu eskaeraren araberako taxi zerbitzu baten bidez

Mugi txartelaren erabiltzaileentzako proiektu pilotu batek Tolosaldeako herriak lotuko ditu eskaeraren araberako taxi zerbitzu baten bidez

Esperientzia hau uztailean jarriko da martxan; astelehenetik ostiralera funtzionatuko du, 09:00etatik 19:00etara eta Lurraldebusen Alegia, Altzo, Orendain, Baliarrain, Ibarra, Berrobi, Elduain eta Berastegiko zerbitzuak zabalduko ditu

2022/06/10
Romero e Iturri con el alcalde de Berrobi, David de Miguel

Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak gaur goizean Berrobin aurkeztu du Tolosaldearako eskariaren araberako taxi zerbitzu berri bat, Lurraldebusen zerbitzuak osatuko dituena. Zerbitzua aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute David Miguel herriko alkateak eta Ander Iturri Aldundiko Mugikortasuneko Zuzendariak.

Proiektu pilotu hau uztailaren 1ean jarriko da martxan, hilabeterako, eta epe horren ondoren emaitzak aztertuko dira. Helburua da Lurraldebusen TO25E (Alegia – Altzo); TO24E (Orendain – Alegia); TO26E (Baliarrain – Alegia) eta TO02 (Tolosa – Ibarra – Berrobi – Elduain – Berastegi) lineak erabiltzen dituztenen mugikortasuna hobetzea. 


Eskariaren araberako garraio zerbitzu berria emango da astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara, eta eskatu ahal izango dute aipatutako lineen ibilbideetan mugitu behar duten pertsonek, hala behar dutenean.
 

Eskaeraren araberako zerbitzu hau eskatu beharko da ordubeteko aurrerapenarekin Lurraldebusen bezeroaren arretarako doako telefonoan, (900 30 03 40) eta ibilbidea ordainduko da MUGI txartelaren bidez; hartara, txartelaren erabiltzaileek soilik baliatu ahal izango dute zerbitzu osagarri hau.

TO02 lineari dagokionez –Tolosa eta Berastegi lotzen ditu, Ibarra, Berrobi eta Elduainetik pasata–, udako ohiko zerbitzuak mantenduko dira. Hartara, proiektu pilotuak beteko ditu zerbitzu erregular horrek betetzen ez dituen ordutegiak. Hala bada, Berastegitik 15:00etan zerbitzu bat eskatzen duen erabiltzaile bat bideratuko da programatutako zerbitzu erregularrera; aldiz, zerbitzua 16:00etan eskatzen duen erabiltzaileari berariazko zerbitzua emango zaio, proiektu pilotu honen baitan.

Mugikortasuneko diputatuak adierazi du proiektu pilotuaren helburua dela garraio publikoko zerbitzuak indartzea garraio publikoak herri handietan baino maiztasun txikiagoa duen eremuetan, zerbitzurik gabeko orduetan. «Mugikortasuna funtsezko eskubidea eta horregatik da gakoa ibilgailu pribatua beharrean garraio publikoa erabil dadin sustatzen duten politikak burutzea». «Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bat landaguneetan bizi da eta ingurune horietan mugitzeko autoa behar da, eta horrelako proiektuekin gure garraio sistema eta eskaintzen dituen onura guztiak hurbiltzen dizkiegu herritarrei».   

Bere hitzaldian, Mugikortasuneko zuzendariak adierazi du «mugikortasunerako eskubidea landa ingurunean ere bermatu behar dela eta proiektu honek estali nahi dituela garraio publikoko aukera gutxi dituzten herritarren mugikortasun beharrak. Ekimen honek erakusten du landa mugikortasunak ere baduela berrikuntzarako tartea». Lurraldebuseko teknikariek aztertuko dute erabiltzaileen artean nolako harrera izan duen proiektu pilotu honek, ikusteko etorkizunean orokortu daitekeen. «Harreraren arabera, agian proiektu pilotua abuztuan ere martxan egongo da», azpimarratu du Iturrik.

Bestalde, David de Miguel Berrobiko alkateak eskerrak eman dizkie mugikortasuneko arduradunei Lurraldebusen zerbitzua etengabe hobetzeagatik eta, zehazki, Berrobi Gipuzkoako gainerako herriekin lotzen duten TO02 linean eskaeraren araberako garraiorako proiektu pilotu hau martxan jarri izanagatik. «Lurralde guztian biztanleria finkatu nahi badugu, baita gizarte bazterkeriaren aurka borrokatu ere, bermatu behar dugu garraio publikoaren maiztasunak malguak direla eta ahalik eta ordutegi gehien biltzen dituztela, eta ezaugarri horiek baditu ekimen honek, herritarren mugikortasun beharrak estaliko baititu ordutegi askoz zabalagoko eta erabiltzaileen beharretara egokitutako garraio publikoari esker».
 

  

2891