Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mugikortasun jasangarriari lotutako industria, garapen ardatz

Mugikortasun jasangarriari lotutako industria, garapen ardatz

Hogeita hamar enpresa eta eragile inguruk parte hartu dute energia eta mugikortasun iraunkorraren kontraste mahaiean

Jardunaldia

"Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren eta iraunkorraren industriaren garapen ardatz” bihurtzeko lurralde estrategia osatu asmoz, alorreko bigarren kontraste mahaia antolatu du gaur Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, zabaldu du bigarren bilkura hau. Gipuzkoa osotik bertaratutako 30 bat enpresa, elkarte, erakunde eta ikerkuntza zentrotako ordezkariren aurrean, diputatuak gogorarazi duenez, gidatzen duen departamentuaren “apustu estrategikoetan” kokatzen da mugikortasunaren eta energiaren inguruan Aldundia osatzen ari den estrategia.

“Gure lurraldeak baditu mugikortasun elektrikoaren eta jasangarriaren eremuan zabaltzen ari diren aukerak probesteko moduko ezaugarriak. Eta ezin dugu aukera hori galdu”, azpimarratu du Ainhoa Aizpuru diputatuak, jardunaldiaren irekieran. “Ezaugarri” horien artean, aipatu duenez, “oinarri sendoa” dauka lurraldeak: “mundu mailako erreferentzia” diren enpresak, “punta-puntako”  ikerkuntza zentroak eta energiarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten elkarteak. “Gizartea mugiarazten duten sistemak aldatzen ari dira” eta teknologia horietan adituak diren enpresa, zentro eta elkarteak ditugu, osatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako duen lehentasun nagusietako bat ekonomiaren berpiztea da. Hori dela eta, foru erakundeak Ekonomia Suspertzeko Plana abiarazi du, zeinaren bidez, lau urtean, 200 milioi inbertituko baititu hainbat jarduera eta deialdiren bidez, hartara gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna sustatzeko. Ainhoa Aizpuruk zehaztu duenez, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak helburu du "urrats bat gehiago ematea" eta "sektore estrategikoetan apustu berriak sustatu, erraztu eta aktibatzea", hartara gure lurraldeak "Europako industria eskualdeen buruan" jarrai dezan.

"Gure lana bideratu nahi dugu enpresentzako testuinguru berriak sorraraztera, Gipuzkoako industriaren ezaugarriak ikusita, gure lurraldea erreferente izan daitekeen alor batzuetan. Etorkizuneko ekonomien lehen lerroan kokatzeko aukera dugu", zehaztu du diputatuak.

Aizpuruk zehaztu duenez, 40 eragile identifikatu dira Gipuzkoan –enpresa, erakunde eta ikerketa zentro– Sustainable Mobility esparruarekin zerikusia dutenak. Biltegiratze sistemetan, motorretan, garraioan eta, oro har, mugikortasun teknologietan, “mundu mailako mugarri” diren enpresak, operadoreak eta zerbitzu hornitzaileak ditu Gipuzkoak. Halaber, bada energiarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten puntako ikerketa sare bat, agentziak eta klusterrak.

Elkarlan prozesu honetan lehen jardunaldia joan den azaroan antolatu zuen Ekonomia Sustapeneko departamentuak. Gipuzkoaren eremu honetan izan beharreko estrategiaren bisioa, helburuak eta aukera-esparruak definitu zituzten parte-hartzaileek. Gaurko bigarren topaketa honek balioko du ekintza-ardatz nagusiak, egitasmo berriak eta proiektu berritzaileak definitzeko.

  

1826