Mugikortasunak 325.000 euro bideratuko ditu Udaletara hiri-mugikortasuna hobetzeko
Mugikortasunak 325.000 euro bideratuko ditu Udaletara hiri-mugikortasuna hobetzeko
Zuzkidura bi laguntza-lerro berritan banatuko da. Horien bidez, hain zuzen ere, herrien eta udalerrien konfigurazioa inbertitu, antolatu eta planifikatzeko behar diren baliabideak eman nahi zaie tokiko erakundeei, hurbileko mugikortasunari lehentasuna emanez, udalerriaren osasunean eta ongizatean eta herritarren ongizatean eragina izango duten garraiobide jasangarrien bidez
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, bi laguntza-lerro berri aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrekoan. Guztira, 325.000 euroko aurrekontua dute. Aste honetan, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluan onartu dira, eta beren helburua lurraldeko udalerrien hiri-mugikortasuna hobetzea da.
Lehenengo laguntzak 250.000 euroko aurrekontua du, eta Gipuzkoako udal guztiei zuzenduta dago, hiri-mugikortasun jasangarriko planak egiteko, eguneratzeko eta plan horietan aurreikusitako neurriak garatu eta/edo ezartzeko, mugikortasun jasangarria lortze aldera.
Bigarren laguntza-lerroa 50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat da, bizikleta-aparkalekuetarako azpiegiturak erosi eta instalatzeko, eguneroko joan-etorrietan erabil ditzaten bultzatzeko. Programa honetarako dirulaguntza 75.000 euro da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko arduradunak azpimarratu duenez, laguntza hauen deialdiaren helburua da «hurbileko mugikortasunari lehentasuna ematea, herritarren osasunean eta ongizatean eragina izango duten garraiobide jasangarrien bidez, eta laguntza horiek beharrezko baliabideak emango dizkiete tokiko erakundeei inbertitu, antolatu eta udalerrien konfigurazioa planifikatu ahal izateko; horretarako, honako helburu hauek bete beharko dituzte».
Onartutako deialdiaren arabera, garraio moduak antolatzea helburu duten Gipuzkoako udalerri guztiek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza horiek, baldin eta garraio modu jasangarrietaranzko aldaketak sortzearen aldeko apustua egiten badute. Udalen Mugikortasun Jasangarriko Planak ibilbide-orriak dira, eta horien bidez, udalek udalerrietan ekintzak ezar ditzakete, mugikortasun-gaietan ohiturak aldatzea lortzeko.
Bestalde, bizikleta-aparkalekurako azpiegiturak eskuratu eta instalatzeko laguntzen zergatia da elementu ezinbesteko batzuk eduki beharra herritarrei, jasangarritasunari dagokionez, mugikortasuna errazteko, eta horrek barne hartzen du udalerrietan bizikletak aparkatzeko sare bat izatea.
«Jarduera-ildo horiekin, klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egin nahi dugu, mugikortasun berdeagoa lortu, garraioaren digitalizazioa eta eraldaketa bultzatu, eta, azken batean, lortu nahi ditugu lurralde kohesionatuago eta jasangarriago bat eta gizarte bidezkoago, berdintasunezko eta inklusiboago bat», esan du Rafaela Romero diputatuak.
1511