Mugikortasunak MUGI sistemako Udalekin adostuko du, 4 urtez, garraio publikoa sustatzeko
Mugikortasunak MUGI sistemako Udalekin adostuko du, 4 urtez, garraio publikoa sustatzeko
• Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bultzatutako hitzarmen-proposamenak, 4 urteko iraupena izango du, eta urteko 1.354.733 euroko dirulaguntza-lerro bat izango du, helburutzat hartuta egungo mugikortasun erronkei laguntzea MUGI sistema osatzen duten Gipuzkoako 11 udaletan.
2022/02/10
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, MUGI sistema osatzen duten Gipuzkoako udaletan garraio publikoa sustatzeko hitzarmenaren proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu ditu prentsaurrekoan.: Arrasate, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zarautz. Jarduketa horren aurkezpena gaur goizean egin da, Foru Aldundiaren Jauregian, Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendaria bertan zela.
Hitzarmen-proposamenak 4 urteko iraupena izango du, eta urteko 1.354.733 euroko dirulaguntza-lerro bat izango du. Hitzarmenaren helburua da laguntzea hiri garraio publiko irisgarriago, unibertsalago eta eraginkorrago bat garatzen MUGI sistema osatzen duten udalerriek zerbitzua ematerakoan. Orobat, udalei aukera emango die beren udalerrietako hiri garraioaren defizitari aurre egiteko, Lurraldebuseko geltokien mantentzean inbertitzeko, eta mugikortasun planen garapenarekin lotutako ekintzak eta programak ezartzeko.
Rafaela Romerok bere mintzaldian nabarmendu duenez, jarduketa horrek garrantzitsutzat jotzen du “mugikortasun berri bat Gipuzkoan, zeinak, Lurraldebus eta MUGI sistemetarako baliabideak blindatu eta bermatzeaz gain, lankidetza ekonomiko eta politikoko etapa berri bat irekitzen baitu MUGI sistemako udalekin: 1.354.733 euro garraio publikoa sustatzeko; hobekuntza-lan bateraturako, lan hori aukera onena bihurtuz herritarrentzat garraio pribatuaren erabileraren aurrean”.
Foru Aldundiko Mugikortasuneko titularrak azaldu du, halaber, MUGI osatzen duten udalerriek ikuspegi bera dutela Gipuzkoarentzat nahi den mugikortasunari buruz: “Jasangarria, arina eta eraginkorra da, eta garraio publikoak gizartearen eta lurraldearen kohesioa eta herritarren bizi-kalitatea bermatzen ditu”.
Mugikortasuneko Departamentuak eta Donostiako Udalak joan den azaroan sinatu zuten hitzarmen horietako lehena, 650.000 euroz hornitua, hiriko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planeko ekintzak eta programak garatzeko.
Romerok azaldu duenez, “hitzarmen-proposamen hau ziklo-aldaketa bat da, puntu bat eta aparte. Etapa berri bat MUGI sisteman, garraio publikoa autoaren erabileraren aurrean aukerarik onena bezala sendotzeko. Udalekin intermodalitatearen eta txartel bakarraren alde egiten dugu, MUGI txartelaren alde. Eskubidez kargatzen duen txartela, gehien erabiltzen duenari gutxiago kostatzen zaiona. Era berean, mugikortasuneko foru arduradunak adierazi du ziklo-aldaketa horrek koordinazioa eskatzen duela, eta, jakina, baliabideak behar dituztela laguntza ekonomikoa gehien behar duten erakundeentzat: udalentzat. Esparru horri esker, 1.354.733 euro bideratu ditugu 11 udal horiei laguntzeko, Gipuzkoako mugikortasunaren egungo erronkei aurre egiteko”.
Bestalde, Ander Iturri Mugikortasuneko Departamentuko zuzendariak azpimarratu du eredu aldaketa dakarrela hitzarmen horiek onesteak, zeren “MUGI sistemaren barruan, lehen aldiz artikulatzen da udalerriekiko lankidetza, hiriarteko eta hiriko garraioaren arteko hitzarmenen bidez. Tresna berri baten aurrean gaude, zeinak bultzatu eta babestuko baitu hiri garraio publikoaren sustapena, eta udalei lagunduko baitie Lurraldebuseko azpiegiturak mantentzen eta udalerrietan garatzen. Garraio publiko integral eta sozialaren zerbitzuaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko behin betiko urratsa da”.
Finkatutako zenbatekoen banaketa, demografia- eta erabilera-irizpideen arabera, hau da:
Donostia 650.000,00€
Irun 172.900,00€
Errenteria 108.680,00€
Eibar 76.310,00€
Zarautz 64.220,00€
Arrasate 60.710,00€
Hernani 56.160,00€
Lasarte-Oria 51.090,00€
Oñati 31.590,00€
Oiartzun 28.340,00€
Tolosa 54.733,00
GUZTIRA 1.354.733,00€
1839