Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mugikortasuneko departamentuak zama-bizikleta berri bat aurkezten du, Don Boscoko ikasleek diseinatua, salgaiak bizikletaz banatzea sustatzeko sortua

Mugikortasuneko departamentuak zama-bizikleta berri bat aurkezten du, Don Boscoko ikasleek diseinatua, salgaiak bizikletaz banatzea sustatzeko sortua

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok eta Mugikortasuneko zuzendari Ander Iturriak gaur goizean bisitatu dute Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Institutua, non aurkeztu den zama-bizikleta, ikastetxe horretako galdaragintzako eta soldadurako erdi maiako ikasleek diseinatua Gurpilartea elkarteak bultzatutako proiektu baten barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko Departamentuaren laguntzarekin.

2022/01/28

Proiektuak, zeinak Foru Aldundiaren 4.000 euro inguruko zuzkidura bat baitu, balioa ematen dio erakundeen eta prestakuntza-zentroen arteko lankidetzari, gazteek mugikortasuna eraldatzeko duten ikuspegia bultzatzekoari. 

Bizikleta berria Analema Design Studiorekin batera diseinatu da, eta duen diseinuari esker, herritarrek mugitzeko modu berri bat txertatu ahal izango dute beren negozioen eta jardueren egunerokoan. Modelo berri horren helburua da laguntzea bizikleta gero eta gehiago erabil dadin paketeak, janaria eta abar garraiatzeko, gure lurraldeko hiri eta udalerrietan. 

Mugikortasuneko diputatu Rafaela Romerok azaldu duenez, bizikleta berriak “erantzuna ematen dio bizikletaren erabilera eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko ekimen bati, zeina, aldi berean, uztartzen baita mugikortasun jasangarriaren sustapenarekin, tokiko garapenarekin, eta, Gipuzkoa hobetze aldera, berrikuntza eta modernizazioa bultzatzearekin. Horiek guztiak departamentu honen helburu dira, gure lurraldea erreferente bihur dadin”. 

Alde batetik, Don Bosco LHIIren Berrikuntzako zuzendari eta aldaketaren sustatzaile Jose Luis Perez Riverok adierazi duenez, “ikasleek eta irakasleek oso partaidetza positiboa dute proiektu honetan; izan ere, ateak irekitzen dizkio ikastetxean duela zenbait ikasturtez ezarrita daukagun prozesu metodologikoaren aplikazio erreal bati, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzan egituratzen denari. Kasu jakin honetan, ikasleak izugarri sustatzen dituen praktika erreal bat da, eta, gainera, balioak lantzen dira, helburu sozial bat duen proiektu bat baita, ekonomia zirkularraren osagai garrantzitsu bat duena”. Halaber, eskerrak eman nahi izan dizkio irakasle taldeari, Analemarekin eta Gurpilartearekin batera egindako lanagatik. “Jarduera hauek gure inguruneko mapan jartzen gaituzte”.

Beste alde batetik, Gurpilartea elkarteko Oihan Lópezek adierazi duenez, Analema Design Studiorekin batera diseinatutako proiektuak “bi helbururi erantzuten die: batetik, herritarrei beste bizikleta-modalitate bat hurbiltzea, ahalbidetzen duena zama astunak eta tamaina handikoak modu eroso eta seguru batean eramatea; eta, bestetik, sustatzea ikasleek gaitasunak eskura ditzaten jasangarritasunarekin lotutako proiektuen bidez”. Era berean, nabarmendu du proiektua garatu dela Bir-ziklatu proiektuaren filosofiarekin; beraz, zama-bizikleta berria eraikitzeko abiapuntutzat hartu dira bi bizikleta eta berreskuratutako osagaiak. “berrerabilpenaren bidez, sortu dugu zerbait berria eta guztiz erabilgarria”, esan du.

Amaitzeko, Rafaela Romerok azpimarratu duenez, “jarraitu behar da gehitzen bai talentu gaztea –Don Bosco ikastetxekoa bezalakoa– bai talentu profesionala –Gurpilartearena bezalakoa– gipuzkoarren borondateari, hau da, gipuzkoar guztiek modu jasangarriago eta demokratikoago batean mugitzeko duten borondateari”.

  

2017