Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) garraio publikoaren zerbitzua indartuko dute Pasaia Itsas Festibala dela-eta

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) garraio publikoaren zerbitzua indartuko dute Pasaia Itsas Festibala dela-eta

Maiatzaren 9, 10, 11 eta 12an, Donostia, Oarsoaldea eta Bidasoa Pasaiarekin lotzen dituzten Lurraldebuseko lineek zerbitzu bereziak eta autobus gehiago izango dituzte, egun horietan espero den erabiltzaile kopuru handiari erantzuteko. Gainera, Pasaiako motora joan-etorrian ibiliko da etengabe bi minutuan behin Pasai San Pedro eta Donibane artean.

2024/04/26
Garraio publikoa indartzea Pasaia Itsas Festibalagatik.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: "Uste dugu horrela jaialdiaren eskaintza ludikora egokitzen garela eta egun horietan Pasaiara joango diren pertsonen artean garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen dugula, jaialdiaren inpaktu ekologikoa murriztuz eta Gipuzkoa jasangarriago baterantz aurrera eginez".

Maiatzaren 9tik 12ra bitartean, Pasaiako badian Pasaia Itsas Festibala ospatuko dela-eta, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen eta Pasaiako motoraren zerbitzuak indartuko dituzte, "egun horietan garraio publikoaren erabilera areagotu, eta, horrela, jaialdiaren inpaktu ekologikoa murriztu dadin".                       

Hala adierazi du Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariordeak, Eluska Renedo Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren zuzendari nagusiarekin batera, indartuko diren zerbitzuen berri emateko Donostian egindako prentsaurrekoan. 

Azahara Domínguezek gogorarazi du jaialdia maiatzaren 9an, ostegunean, hasiko dela, 18:00etan, ontziak Pasaiako portura sartzen direnean. Horregatik, egun horretan, 17:00etatik aurrera, E09 lineak (Donostia>Pasai San Pedro) hiru autobus gehiago izango ditu zerbitzua indartzeko, bai San Pedrora eta Donibanera joateko, bai Errenteriara eta Donostiara itzultzeko. 

Horrez gain, E71 lineak (Pasai Donibane > Lezo > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia) ostiraletako eta jai bezperetako luzapen zerbitzu baten ohiko ordutegia izango du, eta 23:00etan eta 00:00etan irtengo da Pasai Donibanetik (Meipi-ko biribilgunetik), eta 23:30ean eta 00:30ean Donostiako Gipuzkoa plazatik. 

Halaber, maiatzaren 10ean, ostiralean, Tapia eta Leturiaren eta Calle Mambo taldearen kontzertuak izango direnez Donibanen, zerbitzuak indartu egingo dira. E01 lineari dagokionez (Donostia > Errenteria > Donibane), ohiko zerbitzuaz gain, bai Donibanera joateko, bai Errenteriara itzultzeko, 19:05etik 00:25era, gutxi gorabehera, anezka zerbitzua egingo da, E01 eta E03 lineekin koordinatuta. Zerbitzu hori Errenterian hasiko da Nafarroa hiribidea 75eko geralekuan, Iztietan, edo beharrezkoa den lekuan, Renfeko geltokiaren ondoan geldialdia egingo du eta zuzenean jarraituko du Donibanera. Gainera, 23:00etatik aurrera, E71 lineak (Pasai Donibane > Lezo > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia) ostiraletako eta jai bezperetako luzapen zerbitzu baten ohiko ordutegia izango du, hau da, 23:00etan, 00:00etan eta 01:00etan irtengo dira autobusak Pasai Donibanetik eta 23:30ean, 00:30ean eta 01:30ean Donostiatik. 

Era berean, linea hauek ostiraletako edo jai bezperetako luzapen zerbitzuko ohiko ordutegiak izango dituzte: E72 (Oiartzun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia) E75 (Errenteria > Beraun > Morrongilleta > Pasai Antxo > Donostia) eta E77 (Hondarribia > Irun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia). 

Alargun Beltzak taldearen kontzertuari dagokionez (Pasai San Pedron, 19:00etan), E09 lineak (Donostia > Pasai San Pedro), 17:00etatik aurrera, bost autobus izango ditu zerbitzua sendotzeko, bai San Pedrora eta Donibanera joateko, bai Errenteriara eta Donostiara itzultzeko. Gainera, 23:00etatik aurrera, E79 lineak (Pasai San Pedro > Donostia), ostiral eta jai bezperatako zerbitzuak izango ditu, ohiko ordutegia indartuta.  

Larunbatean, maiatzak 11, Trintxepen UR dantza ikuskizuna eta San Pedron Anna Colom eta Ana Tijouxen kontzertuak direla-eta, linea hauek gaueko ohiko ordutegia izango dute: E71 (Pasai Donibane > Lezo > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia), E72 (Oiartzun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia) E75 (Errenteria > Beraun > Morrongilleta > Pasai Antxo > Donostia) eta E77 (Hondarribia > Irun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia). 

Azkenik, igandean, maiatzak 12, 09:55etik 22:10era, sei autobus jarriko dira E01 linearen zerbitzuak indartzeko (Donostia > Errenteria > Donibane), beharrezkoa den guztietan. 

Azahara Domínguezek azaldu duenez, «zerbitzu horiek guztiak Pasaiako Udaleko trafikoko langileek zainduko dituzte, eta haiek arduratuko dira herriko trafiko dispositiboa kudeatzeaz jaialdi egunetan». 

San Pedro eta Donibane arteko lotura, bi minutuan behin
Bestalde, Azahara Domínguezek azaldu duenez, Pasaiako motora "joan-etorrian ibiliko da etengabe", eta "bi minutuan behin" lotuko ditu Pasai San Pedro eta Donibane. Ostegunean, hilaren 9an, 06:30ean hasiko da eta 23:00ak arte egongo da martxan; ostiralean ere 06:30ean hasiko da baina gauerdira arte ibiliko da; larunbatean, 07:00etatik gauerdira, eta, azkenik, igandean, 07:45etik 23:00etara. "Gogorarazi nahi dut zerbitzu hau duela gutxi sartu dela Mugi sisteman, eta, beraz, erabiltzaileek garraio txartelekin ordaindu ahal izango dutela. Gainera, Pasaiara edozein garraiobide publikoren bidez iristen diren erabiltzaileek, Lurraldebusek, Dbusek, Euskotrenek edo Renfek, doako transbordoa izango dute motorrarekin, eta 6 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute. Bizikletek ere ez dute txartelik ordaintzen motorrean", adierazi du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren lehendakariordeak.  

"Uste dugu horrela jaialdiaren eskaintza ludikora egokitzen garela eta egun horietan Pasaiara joango diren pertsonen artean garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen dugula, jaialdiaren inpaktu anbientala murriztuz eta Gipuzkoa jasangarriago baterantz aurrera eginez", adierazi du Azahara Domínguezek.

  

2386