Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Goierriko eta Urola Kostako Lurralde Plan Partzialetan parte hartzeko prozesuari ekin dio
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Goierriko eta Urola Kostako Lurralde Plan Partzialetan parte hartzeko prozesuari ekin dio
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Goierriko eta Urola Kostako Lurralde Plan Partzialetan parte hartzeko prozesuari ekin dio
Azahara Dominguez diputatuak agerraldia egin du Batzar Nagusietan plan horien ildo nagusiak azaltzeko. Gainera, aste honetan zehar alkateekin, hirigintzako zinegotziekin eta Planaren eraginpeko udalerrietako teknikariekin bildu da, eta datozen asteetan herritarrei zuzendutako erakusketa publikoak egingo dira
Azahara Domínguez
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak duela hilabete batzuk hasi zuen Goierri eta Urola Kosta eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak (LPP) berrikusteko prozedura. Informazio eta diagnostiko dokumentuak eta aurrerapen dokumentuak idatzi ondoren, horri dagokion parte-hartze publikoko prozesuari ekin dio orain.
Azahara Dominguez diputatuak agerraldia egin du ostegun honetan Batzar Nagusietan, plan horien ildo nagusiak talde batzarkideen aurrean azaltzeko. Gainera, aste honetan zehar alkateekin, hirigintzako zinegotziekin eta Planak ukitzen dituen udalerrietako teknikariekin bildu da. Agerraldi hauen helburua elkarlanaren oinarriak eta parte-hartze publiko irekia, gardena eta zeharkakoa aktibatzea da.
"Prozesu luze bati ekin diogu. Guztion artean azkenean onartzen diren proposamenak egia bihurtu ahal izatea lortu behar dugu. Ilusioz, desioz, begirada zabalez, itxaropenez, baina oinak lurrean jarrita lan egin behar dugu horretarako. Izan ere, lanak ez du ezertarako balioko LPPren indarraldia igarota proposamen garrantzitsuenak eta estrategikoenak garatu ezin izan badira”, adierazi du diputatuak.
Heldu beharreko erronka nagusiak
Bere azalpenean, diputatuak bi planek dituzten erronka nagusiak azaldu ditu. Goierriren kasuan Zumarragako eremuaren hiri-berroneratzea, Beasain-Ordizia-Lazkao espazioaren goiburua, Ezkio-Itsasoko Santa Luziako korridorea edo eraztun berde bat eratzea edo uholde-arriskuak minimizatzea landu beharko ditu Planak; Urola Kostakoak, ordea, azpiegitura berdearen eta eten ekologikoen konfigurazioa eta artikulazioa, klima-aldaketarekin lotutako arriskuen azterketa, ibaiko eta itsasoko uholde-arriskua, bizitegi-hazkundea edo Iraetako eta Igaratzako jardueretarako lurzoru-erreserbak jorratu beharko ditu.
Era berean, plan hauek beste gai batzuk ere jorratu beharko dituzte, hala nola "erronka demografikoa, etxebizitzaren arazoa eta hiri-hazkundearen perimetroak".
Herritarrei irekitako hitzaldiak
Udalekin eta batzarkide-taldeekin egindako exposizioen ondoren, herritarrei irekitako saioak egongo dira hurrengo egunetan eta egutegi hau izango dute::
Urriak 1, 18:00etan Zelai Aristi Kultur Etxean (Zelai Arizti parkea-Zumarraga)
Urriak 2, 18:00etan Ordiziako Udaleko udalbatza aretoan.
Urriak 8, 18:00etan Etxezabala Aretoan (Kale Nagusia 29, Zarautz)
Urriak 9, 18:00etan Basazabal Jauregian (Enparan kalea 18, Azpeitia).
Diputatuak plan horiei buruzko informazioa jaso nahi duten guztiei programatutako saioetakoren batera joateko eskatu die. "Etorkizunean nahi dugun Gipuzkoaren diseinuaz ari gara, eta, beraz, ekarpen guztiek dute garrantzia", adierazi du.
4185