Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak lurraldea antolatzeko dirulaguntza lerro bat jarri du abian udalerri txikientzako

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak lurraldea antolatzeko dirulaguntza lerro bat jarri du abian udalerri txikientzako

Azahara Domínguez diputatuak agerraldia egin du Jon Gorrotxategi Gaintzako alkatearekin eta Maite Arana Larraulgo alkatearekin, 2023ko deialdiaren onuradun izan ziren bi udalekin

Azahara Domínguez, Maite Arana eta Jon Gorrotxategi

Azahara Domínguez, Maite Arana eta Jon Gorrotxategi


Mugikortasuneko, Turismoko  eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 7.000 biztanletik beherako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdia jarri du abian. Laguntzak urtero ematen dira, eta udal plangintza berrikusteko eta egokitzeko gastuak finantzatzea dute helburu. Udalek apirilaren 21era arte dute eskaerak aurkezteko. Dirulaguntza gehienez ere gastuen % 50ekoa izan daiteke, betiere 30.000 euroko mugarekin.Ehunekoa % 75era igoko da 2.500 biztanletik beherako udalerrien kasuan, eta % 90era 500 biztanletik beherako udalerrien kasuan.

Gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan, Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez, "kontuan izan behar dugu hirigintzatik eta lurzoruaren plangintzatik abiatuta ere lan egin daitekeela gizarte kohesioaren, jasangarritasunaren, hiri berroneratzearen eta klima aldaketaren aurkako borrokaren alde;  izan ere, arazo eta erronka globalak dira, baina eragin zuzen-zuzena dute tokian tokikoan; horregatik Gipuzkoako udalerri txikiei hirigintza jasangarriaren alde lan egiten lagundu nahi diegu”.

“Hirigintza plangintza funtsezko tresna da lurraldean jarduteko. Horrela, krisi energetikoak, etxebizitza eskuratzeak, lurraldearen degradazioak edo klima aldaketak eragindako ondorioei aurre egin nahi badiegu, hirigintza beharrezko tresna da, bai ondorioei aurre hartzeko, bai horiek arintzeko eta lehengoratzeko.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gogorarazi duenez, "Gipuzkoak, ia 2.000 kilometro karratuko azalera du eta lurzoru gehiena sailkatu gabea da, alegia, lurzoru urbanizaezina. Baina, aitzitik, Gipuzkoako biztanle gehienak hiri lurzoru gisa sailkatutako zati txiki batean biltzen dira, batez ere kostaldean, bertan bizi baita biztanleriaren % 61. Departamentuak laguntza eman nahi die udal txikienei, 7.000 biztanle baino gutxiagokoei, haiek baitira bitarteko tekniko eta aurrekontu baliabide gutxien dituztenak, hirigintza arloko erabakiak jasangarritasunean oinarritutako hiri agendaren estrategian txerta ditzaten", gaineratu du.

Diputatuaren arabera, "pertsonak ardatz dituen hirigintza eredu bat bilatzen dugu, ingurumenaren jasangarritasuna, hazkunde ekonomiko jasangarria eta gizarte kohesioa lortzeko jarduketa integrala ahalbidetuko duena". "Gipuzkoa desberdin baterantz aurrera egiteko urratsak ematen ari gara, eta berdintasunaren, jasangarritasunaren eta lurralde kohesioaren irizpide berrien arabera eraikitzea dugu jomuga", azaldu du.

2023an, hamar udalerri onuradun

2023an, Gipuzkoako 10 udalerrik jaso zituzten laguntzak, tartean Gaintzak eta Larraulek, eta laguntza horietara bideratutako zenbatekoa agortu egin zen.
Gaintzako alkate Jon Gorrotxategik azaldu duenez, partida horri esker, bere udalerriak aurrera egin ahal izan du Plan Orokorra egiten. "Urtea amaitu baino lehen behin-behineko onarpena izango dugulakoan gaude" azaldu du Gorrotxategik.

Bestalde, Maite Arana Larraulgo alkateak iragarri du dirulaguntza horri esker "Plan Orokorra egiten aurrera egin" ahal izan dutela. “Orain parte-hartze prozesuan murgilduta gaude eta tailerrak egiten ari gara herritarrekin", erantsi du.
"Horrelako laguntza-deialdirik gabe, udal txikiak ezinduta egongo ginateke plan orokor horiek egiteko", adierazi dute bi alkateek.

GAOen argitaratzea: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/euskera/gao/2024/03/20/e2401812.htm

  

1611