Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Mundu guztiko landare bildumak erakusgarri datorren asteburuan Iturrarango Landare Berezien 20. Azokan

Mundu guztiko landare bildumak erakusgarri datorren asteburuan Iturrarango Landare Berezien 20. Azokan

Apirilaren 27 eta 28an Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundia

Kontinente guztietako landare eta loreak ezagutu eta erosteko aukera paregabea eskainiko du beste behin Iturrarango Landare Berezien Azokak datorren asteburuan. Apirilaren 27 eta 28an egingo den 20. edizio honetan, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Landare asko gure artean ezezagunak badira ere, arazorik gabe lorategietan edo etxeko leihoetan zaindu ditzakegun lore eta landareak aurkitu ahalko dituzte bistari zein bildumagileek.

Bildumako landare-zaleentzat huts egin ezineko zita bilakatu da Aiako Iturraran Lorategi Botanikoan egiten den azoka. Aukera ederra izaten da ohiko azoketan aurkitzen ez diren landareak ikusteko eta erosteko eta, baita ere, negozio aukera da bertako mintegientzat.

Gainera, ohiko merkatuetan aurkitu ezin diren sukalderako landare erabilgarriak edota jangarriak erosteko azoka aproposa da Iturrarangoa, antzinako edo ezohiko barietateak aurkitu ditzakegu bertan. Aurtengoan, ostalarientzat interesgarriak izan daitezkeen 6 ekoizle espezializatu datozkigu (zitrikoen bilduma, bildumako barazki ekologikoak, fruitu txikidun landareak, landare aromatikoak…).

Aurten ere zenbait berrikuntza ere izango dira Landare Berezien 20. Azoka honetan. Besteak beste, zenbait mintegizale berrik postua ipiniko dute Iturraranen, esaterako Orchid’s Garden (Frantzia) bildumako orkideak egongo dira; Succulovers-ek (Cadiz) Aeonium eta Echeveria bildumak eskainiko ditu eta, Frantziako Sous un arbre perche mintegiak itzalpeko landareak eramango ditu. Ekintza osagarriak ere egongo dira Aia eta Iturraranen. Hala nola, Apirilak 27an, Iñaki Larrañagak, Gipuzkoako Lorategi eta Parkeei buruzko hitzaldia emango du 11:30etan Aian eta, Jakoba Errekondok baratza, fruta-arbolen, loreen eta basoen inguruko jardunaldia eskainiko du 16:00etan Aian. Apirilak 28an, aldiz, Garbiñe Larrea eta Aroa Zuloagak "Udaberria eta sendabelarrekin egindako gibel garbiketa" eta “Sendabelarrak, Aiarren ondare inmateriala” liburua aurkeztuko dute 11:30etan Aian; Garbiñe eta Miak, lore moztuarekin eginiko zesto tailerra eskainiko dute 16:00etan Aian eta, Emilia Valenciak natura argazkilaritzaren inguruko ikastaroa emango du 12:00etan Iturraranen. Ekitaldi guzti horietan parte hartzeko beharrezkoa da aurretiaz izena ematea 943 83 53 89 telefonoan edo, iturraran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoan.

Informazio erabilgarria

Azoka 10:00etatik 18:00etara irekiko da, larunbat zein igandean. Sarrerak azokaren atarian egongo dira salgai eta prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat, eta 12 urte edo gutxiagokoentzat, berriz, dohainik izango da sarrera. Prezioak barne hartuko ditu, aparkalekuetatik azoka gunerainoko autobusezko joan-etorria eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta eroslearen ibilgailuraino garraioa.

Estatu mailan ospatzen den ezaugarri hauetako azoka bakarra izanik, eta Euskal Herriko zein kanpoko bisitarien kopurua urtetik urtera handituz joan dela jakinik, parkearen inguruetan bi aparkaleku gune antolatuko dira (Aiako herrian eta Txurrukako aparkalekuan, Orio ondoan), hauetatik azokarako etengabeko autobus zerbitzuarekin. Aparkalekuetatik azoka gunera lehendabiziko autobusa 9:20tan aterako da, eta azkenekoa 16:40etan. Azoka gunetik aparkalekuetara, berriz, 18:15tan izango da azkena. Bestalde, trenez joango direnentzat ere Zarauzko Euskotren geltokitik autobus zerbitzua egongo da azoka gunera. Autobus geltokia suhiltzaileen biribilgunean kokatuko da, San Pelaioko geralekutik 5 minutura oinez. Lehendabiziko autobusa 10:25tan aterako da Zarauztik azoka gunera eta 14:25ak bitartean ordu erdiro izango da eta handik aurrera orduro izango da, azkena 16:25tan izanik. Azoka gunetik Zarautzerako itzulerako lehendabiziko autobusa 10:45tan izango da. 13:45ak bitartean ordu erdiro izango da eta gero orduro, azkena 17:45tan. Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik ondoko estekan: Landare Berezien Azoka (gipuzkoanatura.eus)

  

3640