Aldundiaren eta Musikeneren arteko akordioa Gipuzkoako organo ondarea ezagutzera emateko
Aldundiaren eta Musikeneren arteko akordioa Gipuzkoako organo ondarea ezagutzera emateko
Gipuzkoako Organoak Plazara programaren bidez lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi da.
Denis Itxaso: “Gipuzkoako Organoak Plazara programaren bidez lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi dugu, bere balio musikala eta historikoa eta errepertorioa zabaldu, eta etorkizun oparoko gazteei laguntza eman”
Aldundiko Kultura Departamentuak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Organoak Plazara programa gauzatzeko eta, horrela, Gipuzkoako organo ondarea zaintzen eta ezagutzera ematen laguntzeko, Gipuzkoako ondare esparru garrantzitsuenetako bat baita. Horretarako, Aldundiak 15.000 euro ordainduko dizkio Musikeneri. Denis Itxaso Kulturako diputatuak eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak sinatu dute hitzarmena.
“Programa horren bitartez, lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi da, bere balio musikala eta historikoa eta errepertorioa zabaldu, eta esparru horretan ikasi eta lan egiten duten etorkizun oparoko gazteei laguntza eman. “Laburtuz, helburua da organoaren musika gizarteari hurbiltzea eta, aldi berean, balioa ematea Gipuzkoak duen aberastasun instrumentalari eta aberastasun hori zaintzen laguntzea", esan du Itxasok.
Horretarako, lurraldeko bi edo hiru organo hautatuko dira eta horien inguruan hainbat jarduera antolatuko dira: kontzertuak; tailer didaktikoak; umeei, musika ikasleei eta jendeari, orokorrean, zuzendutako saio dibulgatzaileak; eta organoak ezagutzeko bisitaldiak. Musikeneko ikasleek, graduatuek eta irakasleek nahiz ospe handiko organista gonbidatuek eskainiko dituzte kontzertuak; azken horiek masterclassak ere emango dituzte. Halaber, diziplina anitzeko kontzertu batzuk emateko ahalegina egingo da, hau da, organo musikari lotutako beste ekitaldi batzuk antolatuko dira, zinema, dantza, margolaritza eta beste alor batzuk hartuko dituztenak. Gainera, Musikenek kontzertu bat antolatuko du Ataungo elizan, Barroko Aire jaialdiaren barruan. Jarduera horiek guztiak azaroan egingo dira.
“Musikenekin sinatutako hitzarmen honi esker, kultura alorreko hainbat entitate eta eragileren babesa bermatzeko helburua betetzen dugu, aukera izan dezaten kultura zaindu, zabaldu eta aberasteko, kulturari lotutako ikerkuntza eta garapena bultzatzeko, eta gai artistiko desberdinetan gazteen prestakuntza espezializatua osatzera bideratutako laguntzak sustatzeko”, esan du Kulturako diputatuak.
Itxasok adierazi du Gipuzkoak Europako organo bilduma onenetako bat duela. Organo egile onenak egindako 150 jatorrizko instrumentu inguru dira, eta horien artean nabarmendu behar dira Ataungo San Martingo Tours elizan dagoena, barrokoa, eta Cavaillé-Collek egindako erromantikoak; horiez gain, beste asko daude gure lurralde osoan sakabanatuta.
Ondare artistiko garrantzitsu hori babesteko beharrezkoa da instrumentuak zaindu eta eraberritzea, musika programak garatzea instrumentuak ezagutzera emateko eta jendeak haien soinuaz gozatzeko, eta musika tresna horien irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzea, bizitza emango dieten musikari eta interpreteak gure artean izateko.
Organoa hedatzeko programa ezinbesteko gakoa da musika ondare hori balioan jartzeko eta instrumentu bikain horien ahalbide guztiak ateratzen joateko, lehen mailako musikariak ekarriz eta interprete berrien parte hartzea sustatuz. Eta hori guztia, musika horrekin gozatzeko eta hunkitzeko aukera egon dadin Gipuzkoako bazter guztietan. Azaroan zehar, Ataun, Donostia, Orio, Usurbil eta Zumaia izango dira zaleentzako elkarguneak eta aukera ezin hobea Gipuzkoako soinuak entzuteko, askotan arte lanak ere badiren instrumentuen bidez.
Programa orokorra:
DONOSTIA
IESU Parrokia
Azaroak 15, asteazkena
20:00etan
Xabier Urtasun, organoa
Ignacio Arakistain, organoa
Azaroak 16, osteguna
Michel Bouvard
Hitzaldia / Charla, 19:00etan
Organo kontzertua, 20:00etan
Azaroak 17, ostirala
9:00tik 14:00ra
Masterklasak / Masterclasses
Michel Bouvard, gonbidatutako irakaslea
ATAUN
San Martingo Tours eliza
Azaroak 19, igandea
12:00etan
María Nacy, organoa
USURBIL – ZUMAIA
Gipuzkoako organoak ezagutzeko txangoak /
Azaroak 25, larunbata
USURBIL, 10:00etan
Salbatore eliza
Juan Luis Atxega: Bisita gidatua eta entzunaldia
ZUMAIA, 11:30ean
San Pedro parrokia
Iñigo de Peque: Bisita gidatua eta entzunaldia
9:30ean doako autobusa aterako da Gipuzkoa plazatik, eta geldialdia egingo du Musikenen
ORIO
Bariko San Nikolasen eliza
Azaroak 27, astelehena
Xabier Lizaso: Kontzertu didaktikoa
1959