Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak bi milioitik gora ostatu gau lortu ditu 2017an, 2016ko arrakasta turistikoa kontsolidatuz

Gipuzkoak bi milioitik gora ostatu gau lortu ditu 2017an, 2016ko arrakasta turistikoa kontsolidatuz

Atzerriko turista kopuruaren igoera, nekazalturismoaren hobekuntza eta udako hilabeteetatik kanpoko hazkundea dira azpimarratzekoak.

Itxaso: "turismoarena da gaur egun Gipuzkoan dinamismo eta indar handiena duen sektore ekonomikoa, eta milaka ekintzaileri zor diogu hori"

2017. urteari dagozkion turismo datuen berri eman du gaur Eustatek. Datu orokor horien arabera, bidaiarien sarrera % 0,5 igo da Gipuzkoan -1.098.525 bidaiari-, eta ostatu gauak % 0,1 gehitu dira -2.182.575 ostatu gau-.

Bisitari kopurua gehien igo diren hilabeteak dira apirila -% 19,7ko igoera- eta ekaina -% 3,5eko igoera-. Igo egin dira, halaber, abuztua -% 1,2-, iraila -% 0,1- eta azaroa -% 5,8-. Nabarmena da, baita ere, ostatu gau kopuruak apirilean eta azaroan izan duen gehikuntza, % 26koa eta % 5,1ekoa hurrenez hurren.

Zonaldeka, lurraldearen barrualdean % 0,1 igo da gau kopurua, eta eremu metropolitarrean, berriz, % 16. Bai kasu batean bai bestean, azpimarratzekoak dira apirila eta ekaina, igoera handiak eman baitira bi hilabete horietan. Horrek txikiagotu egiten du urtarokotasunaren kurba, eta tradizionalki hain turistikoak izan ez diren hilabeteetara zabaltzen du hazkunde turistikoa.

Bisitari atzerritarren kopurua ere igo egin da, % 3,5. 2017an, ostatu gau guztien % 45,7 atzerriko merkatuarena izan da; 2016an, aldiz, atzerritarren proportzioa % 44 izan zen.  Udako hilabeteez gain, azpimarratzekoa da atzerriko turisten gehikuntza behe denboraldiko hilabeteetan ere (urtarrilean % 5,4, apirilean % 13,35, azaroan % 14,73 eta abenduan % 4,5)

Jatorriaren arabera, merkatu espainiarraren barruan, 280.000 ostatu gauekin, Madril izan da Gipuzkoan ostatu gau gehien egin dituen erkidegoa -jatorri espainiarreko bisitariek egin dituzten ostatu gau guztien % 23-. Madrilen atzetik datoz Katalunia (% 17,8) eta Euskal Autonomia Erkidegoa (% 13,8).

Andaluzia dago laugarren postuan, eta jatorri espainiarreko bisitariek egindako ostatu gauen % 7,9arekin, 2016tik igoera handiena izan duen erkidegoa da (% 16,22ko igoera). Valentziako Erkidegoa laugarren postuan dago zerrenda horretan, baina 2016tik gehien hazi den bigarren erkidegoa da (% 7ko igoera).

Atzerriko merkatuari dagokionez, Gipuzkoan egindako gau kopuruaren rankingean Frantzia dago lehenengo (% 20,3), AEB bigarren postuan (% 12,1) eta Erresuma Batua hirugarren (% 9,9).

Gorabidean dauden merkatuei dagokienez, Errusia azpimarratu behar dugu. Herrialde horretako 12.000 bisitari izan ditugu 2017an, % 38ko igoerarekin 2016tik. Argentinak eta Mexikok ere gehikuntza garrantzitsuak erregistratu dituzte aurreko urteari dagokionez, % 30eko eta % 25eko igoerekin hurrenez hurren.   Nabarmentzekoa da, baita ere, Japonia, % 30eko hazkuntzarekin.

Hala ere, daturik onenak landetxeetan eman dira. Gipuzkoako landetxeetan % 5,4 igo da ostatu gau kopurua, eta % 6,3 bidaiarien sarrera. Gehikuntza horiek izugarriak izan dira apirilean (% 65eko igoera sarreretan eta % 125ekoa ostatu gauetan) eta abenduan (% 31,5eko igoera sarreretan eta % 47koa ostatu gauetan). 

Landetxeetako jardueran eman den gehikuntza garrantzitsu hori urtearen bigarren seihilekoan gertatu da nagusiki, eta batez ere Gipuzkoaren barrualdean (% 12,74ko igoera). Merkatu espainiarra da oraindik ere landetxeetako bezero nagusia; 2017an bisitari guztien % 82 jatorri espainiarrekoak izan dira. Joerak positiboa izaten jarraitzen du, merkatu espainiarraren urteko hazkuntza % 6 baino gehiagokoa izan baita. Merkatu atzerritarrak ere izan ditu hazkunde garrantzitsuak urtean zehar; horrela, 2017an turista atzerritarrek landetxeetan eman dituzten gauak % 1,84 gehitu dira.

Batez besteko egonaldiaren bilakaera, urteko hilabete guztietan, oso antzekoa izan da 2016an eta 2017an, eta horrek erakusten du aurrean dugun eredu turistikoa oso finkatua dagoela lurraldean. Udako hilabeteak dira egonaldiko bi gauen muga gainditzea lortzen dutenak.

"Lortu dugu 2016an, hots, Europako kultur hiriburutzaren urtean izan genituen datuak errepikatzeko erronkari eustea. Baina garrantzitsuena ez da markak hausten jarraitzea, datuek erakusten digutena finkatzea baizik.  Bisitari atzerritarren kopurua gehitzen doa, barrualdeko turismoa hazten ari da -hala erakusten baitute landetxeetako datu bikainek-, eta, batez ere, goi denboralditik eta udako hilabeteetatik kanpo hazten ari gara. Horrek esan nahi du etorkizunean xede jasangarriagoa izateko aukera dugula" baloratu du Denis Itxasok, Kultura eta Turismo diputatua.

Datuek agerian jartzen dute Gipuzkoako sektore turistikoaren heldutasuna, dinamismoa eta indarra, BPGren % 4,7 turismotik baitator.   Itxasorentzat "turismoarena da gaur egun Gipuzkoan dinamismo eta indar handiena duen sektore ekonomikoa, eta gauzak geroz eta hobeto egiteko ahalegina egiten duten milaka ekintzaileri eta sektore oso profesional bati zor diogu hori guztia".

 

  

1738