Ogasunak datorren asteazkenetik aurrera irekiko ditu bulegoak 2019ko Errenta aitorpena aurkezteko
Ogasunak datorren asteazkenetik aurrera irekiko ditu bulegoak 2019ko Errenta aitorpena aurkezteko
Foru erakundeak segurtasun eta garbitasun neurriak indartu ditu modalitate mekanizatua berreskuratzeko. Uztailaren 29ra arte egongo da irekita
Gipuzkoako foru Ogasunak 2019ko Errenta aitorpena aurkezteko modalitate mekanizatua aktibatuko du datorren asteazkenean, hilak 13, eta bulegoak irekita egongo dira uztailaren 29ra arte. Ogasuneko instalazioak erabiltzeko beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea. Asteartean irekiko da honetarako epea, 943 11 30 00 telefonora deituta edota internet bidez, www.gipuzkoa.eus/ogasuna/renta web orrian sartuta. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak sortu duen ezohizko egoerak errenta aitorpena aurkezteko modalitate hau atzeratzera behartu zuen. “Ezohizko agertokian jarraitzen dugu, eta hori dela eta garbiketa eta segurtasun neurri guztiak indartu ditugu bulegoak ireki aurretik”, adierazi du.
Horrela, esan du Ogasunak mantendu egiten duela aitorpena zergadunen eskuragai dauden beste modalitate baten bitartez aurkezteko gomendioa, hau da, etxeetara bidali den autolikidazio proposamena onartuz (aitorpen guztien %60 inguru dira) edota internet bidez aurkeztuz. “Agertokia benetan arraroa denez, Errenta kanpaina honetan ahalegin berezia egin dugu, Gipuzkoako zergadun guztiek beraien aitorpena etxetik mugitu gabe egin ahal zezaten. Horrela, helburu hori gauzatzeko martxan jarri genituen erreminta guztiak mantentzen ditugu”, adierazi du.
Modalitate mekanizatuari dagokionean, ohiko bulegoetan egin ahal izango da: egoitza nagusian (Errotaburu pasealekuan, beheko solairuan); Donostian, Gros (Secundino Esnaola 10-12) eta Amaran (Sancho Jakituna etorbidea, 9); Azpeitian (Julian Elorza 3); Beasainen (Urbialde 1); Bergaran (Toki Eder 5); Eibarren (Arragüeta 2 behea); Errenteria (Santa Klara Plaza 2); Hernanin (Lantxube Berri 8-9); Irunen (Francisco de Gaintza 1, atzea); eta Tolosan (San Francisco 45). Bulegoek orain arte zituzten langile kopuru berdina izango dute, baina egunean ohikoa baino %25 hitzordu gutxiago emango dira, instalakuntzetan jende pilaketak saihesteko.
Gainera, langilea eta zergaduna isolatzeko babeserako manpara batzuk instalatuko dira. Itxaroteko ilarei dagokionean, gutxienezko bi metroko tartea errespetatu beharko da, eta bulegoan tokirik ez badago zergadunak kanpoan itxaron beharko du. Gainera, bulegoen garbiketa indartuko da, eta gel hidroalkoholikoa jarriko da zergadunentzat, sarreretan eta irteeretan. Garrantzitsua da hitzordu bakoitzera pertsona bakarra joatea, eta bikoteen kasuan, nahikoa da bietako bat agertzea, bestearen idatzizko baimen eta NANaren kopiarekin. Ogasunetik, beharrezkoa den dokumentazio guztia eramatea aholkatzen da, bulegoetara itzultzea ekiditeko. Itxaron-ilarak antolatzen dituen langilearen aginduak betetzeko ere eskatzen da. Azkenik, debekatua da bulegoan bertaratzea zergadunak sukarra edota COVID-19 gaitzaren sintomak baldin baditu, edota sintoma hauek dituen norbaitekin bizi baldin bada.
Herritarren arretarako bulegoak
Errenta aitorpena aurkezteko azpiegiturez gain, Ogasunak herritarren arretarako bulegoak ere berreskuratuko ditu datorren asteazkenetik aurrera, Donostiako Okendokoa salbu. Azken honek itxita jarraituko du. Bulego hauetan edozein zerga kudeaketa egin daiteke, Errenta aitorpena aurkezteaz a parte. Beraz, Irun, Tolosa, Azpeitia, Eibar eta Bergarako bulegoak irekiko ira, eta Donostiako Errotaburuko egoitza nagusikoa. Kasu hauetan, ordu erdi aurreratzen da ohiko irekiera ordutegia, 8:00etatik 14:00etara, eta astelehenetik ostiralera, beti ere lan egunak irenean. Berritasun nagusi bezala, eta aurre hartze neurriak indartze aldera, aurretiazko hitzordua hartzeko sistema ezarri da bulego hauetan bertaratu ahal izateko. Horretarako, modu bakarra 943 11 30 00 telefonora deitzea da. Zerbitzu hau ez da egongo erabilgarri web orrian, errenta mekanizatuko hitzorduarekin ez deskuidatzeko.
Errenta mekanizatuko bulegoetan bezala, herritarren arretakoetan ere ilaren kudeaketa eta kontrol sistemak indartuko dira, eta lehen aipatutako aurre hartze neurriak indartuko dira: babeserako manparak, gel hidroalkoholikoak, garbiketa indartzea… Ogasunaren partetik, bulego batean bertaratzeko asmoa duten zergadunei eskatzen zaie aurrez www.gipuzkoa.eus/ogasuna web orria kontsultatu edo 943 11 30 00 telefonora deitzeko, egin nahi dituen tramiteetan behar duen dokumentazio guztia kontsultatzeko eta beharrezkoak ez diren desplazamenduak ekiditeko. Gainera, eta Errenta kanpainan bezala, zerga kudeaketarako bide telematikoak lehenesteko gomendioa mantentzen da. Gaur egun, posible da ia edozein tramite etxetik egitea, departamentuaren bulegoetara gerturatu gabe.
4711