Ondarea ezagutzeko Jardunaldi irekiak
Ondarea ezagutzeko Jardunaldi irekiak
53 ekintza 22 udaletan. Denetarikoak: erakusketak, bisita eta ibilbide gidatuak, teatralizazioak, kontzertuak, tailerrak, topaketak, ikastaroak, erromeria…
- Denis Itxaso: “egiaztatu ahal izango dugu gure ondarea, hein handi batean, nahasketaren edo mestizajearen emaitza dela, jatorri harrigarriak dituela”
- 53 ekintza antolatu dira 22 udaletan denetarikoak: erakusketak, bisita eta ibilbide gidatuak, teatralizazioak, kontzertuak, tailerrak, topaketak, ikastaroak, erromeria…
Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Ana Arrieta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko erretoreordeak Ondarearen Europako Jardunaldiak aurkeztu dituzte. Jardunaldi horiek Europako Kontseiluak sustatu ditu Europar Batasunarekin elkarlanean, eta Gipuzkoako hainbat lekutan ere egingo dira, erakunde ugariren parte-hartzearekin. Ateak zabaltzeko egunak dira, hau da, iraileko eta urriko egun jakin horietan, jendeak bere ondarearekin eta historiarekin lotzen diren baliabide askotara sartzeko eta baliabide ugari horiek ezagutzeko aukera izango du.
Aurtengo Europako Jardunaldien gaia “Migrazioak eta Kultura Ondarea” da. Ekitaldi honetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek elkarlanean jardun dute, eta “Etxetik kanpo” goiburua erabili dute, biek batera proiektu bat garatzeko borondatearen erakusgarri.
53 ekintza antolatu dira 22 udaletan denetarikoak: erakusketak, bisita eta ibilbide gidatuak, teatralizazioak, kontzertuak, tailerrak, topaketak, ikastaroak, erromeria…
"Europako Erkidegoko erakundeek ondareari buruzko Europako jardunaldietarako hautatutako gaia aukera ezin hobea da nabarmentzeko migrazio-mugimenduek zer eragin duten arte- eta kultura-ondarean. Kultura eta tradizioen mosaiko bat da Europa, eta historiak erakutsi du migrazio-mugimenduek, edozein jatorrikoak izanik ere, kultura-mailako aldaketak, nahasketak eta bat-egiteak eragiten dituztela, eta hori ondarean islatzen dela. Zorionez, askotan gaur egunera arte irits daitezen lortu da” adierazi du Itxasok.
"Gipuzkoan eragin horren analisi zorrotza egiteak eta herritarrei gure ondarearen zati handi baten jatorria zehatz-mehatz erakusteak aukera emango digu ondarearen ikuspegi ez hain esentzialista izateko, eta, hein handi batean, beste kultura batzuen ekarpenaren eta nahasketaren emaitza dela jakiteko. Kultura-ondarea lagungarria izango zaigu gure gaur egungo errealitatea hobeto ulertzeko; errealitate plurala, nortasun partekatuen emaitza. Ezagutza hori oso garrantzi handikoa izango da kulturen balioa ulertzeko, partaide garela sentitzeko eta balioak partekatzeko. Izan ere, aniztasunean komuna dena, batzen gaituena eta lotzen gaituena ezagutzea funtsezkoa da elkarbizitza eraikitzeko eta edozein bereizketa edo diskriminazio modu baztertzeko” eman du aditzera Itxasok.
Kultura Diputatuaren iritziz, gogoeta hori une bereziki zail batean egiten da, zeinetan aniztasunaren inguruko batasuna eta proiektu komuna sustatu zuen Europaren ideiak ziurgabetasun eta larritasun egoera bizi duen.
Jardunaldi horietara bertaratzen direnek ezagutu ahal izango dute Beasain moduko udalerri industrialen ingurunea nola eraldatu den eta garrantzizko industria-legatua nola metatu den XX. mendeko lehen erdian izan ziren migrazio-fluxu handien ondorioz. Era berean, kanpotik ekarritako arteaz goza dezakegu Bergarako Jauregian, edo arrazoi akademikoen edo erbestearen ondoriozko migrazioek Donostiako kale izendegian duten isla ikus dezakegu. Ondarretako lorategi-hiria, ingelesen hilerria, edo erdi-aroko eta aro modernoko Errenteriaren historia dira ondareari buruzko asmo handiko jardunaldi hauek ezkutatzen dituzten erakargarritasunetako batzuk.
Oraingoan, Andoain, Astigarraga, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Irun, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Ormaiztegi, Pasaia, Tolosa, Usurbil eta Zeraingo erakundeek, kultura-eragileek, museoek, liburutegiek, artxibategiek eta udalek hartuko dute parte.
Aipatutako udalerrietako udalez gain, erakunde hauek ere hartu dute parte jardunaldien antolamenduan: Aldabe Zerbitzu Turistikoek, Ancorak, Andoaingo Jubilatu Elkarteko boluntarioek, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoak, Arkeolan fundazioak, Arma fundazioak, Atari Kultura Arkitektonikoak, Cavalle Coll organoaren lagunek, EHUk, Gipuzkoako Campuseko Bibliotekak, Eresbilek, Ezkil-jole taldeak, GENVitrumek, beiraren eragileek, Gipuzkoako Dantzaguneak, Hernaniko Soinuak, Lenbur fundazioak, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneak, Oinatur Koop. Txikia, Soinuen Fundazioak, Albaolak, Armagintzaren Museoak, Delikatuzek, Donostiako Aquariumak, Igartubeiti Baserri Museoak, Igartza Monumentu Multzoak, Laboratorium Museoak, Oiasso Erromatar Museoak, Sagardoaren Lurraldeak, San Telmo Museoak, TOPICek, Untzi Museoak, Zeraingo Paisaia Kulturalak eta Zumalakarregi Museoak.
Jardunaldi horien helburua da herritarren eta kultura-ondarearen arteko lotura ezartzea eta herritarrak ondare horietara sar daitezen erraztea. Horretarako, ateak zabaltzeko egunak antolatu dira, eta ondarea hobeto ezagutzeko, ulertzeko eta interpretatzeko gidak banatuko dira. Europa osoan sekulako arrakasta izan dute jardunaldiek, Europako Kultura Hitzarmena sinatu zuten 50 estatuek parte hartzen baitute jarduera horretan. Ildo horretatik, Kultura Departamentuak Gipuzkoa osora hedatu nahi izan du jarduera, bertako ondarearen hedapena eta ezagupena sustatzearren. Lehen aldiz proposatu du Aldundiak Gipuzkoa ere Europako proiektu handi horren parte izatea, betiere honako helburu hauek aintzat hartuta: Europako hiritarrak Europako kulturaren aberastasunarekin eta aniztasunarekin sentsibilizatzea; kulturen arteko elkarrizketa sustatzea eta arrazakeria eta xenofobia borrokatzea, nazioen mugak gaindituta; Europako sentimendua sendotzea; eta ondarea mehatxu berrien aurrean babesteko beharraz sentsibilizatzea gizartea eta eragile ekonomiko, sozial, politiko eta administratibo guztiak.
Egingo diren askotariko jardueren arteko batzuk datozen egunotan egingo dira:
- Astigarraga: Sagardo Ibaiak, Bizitza Iturri: Aldi baterako erakusketa. Irailaren 16tik 25era: 16:00-19:30. Bisita gidatua. Irailaren 16a: 19:00etan
- Donostia: Top Of… Artzain Ona. Bisita gidatua. Irailaren 17a: 9:00-13:00
- Irun: Oiasso, Muga eta Kulturen Topaleku. Bisita gidatua. Irailaren 17a: 12:00etan (euskaraz)
- Pasaia: Gurdi Bidea: 17 egun, Burgosetik Pasaiara. Irailaren 1etik 17ra
- Tolosa: Tolosako Ekinbide Etxea: Eroen ontzia erakusketa. Bisita gidatua. Irailaren 18a: 12:00etan /Gipuzkoako Artxibo Orokorra: Aukera berrien bila. Migrazioak XIX. mendeko Gipuzkoan. Hitzaldia. Irailaren 17a: 12:00etan
- Usurbil: Harria Hitz. Bisita gidatua. Irailaren 17a: 16:30ean
Programaren gainerakoa argitaratu den liburuxkan jaso da eta www.gipuzkoakultura.eus eta http://www.europeanheritagedays.com
1908