Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ordiziako erreferentziazko zentroak sintomarik gabeko COVID-19 kasuak artatuko ditu bihartik aurrera

Ordiziako erreferentziazko zentroak sintomarik gabeko COVID-19 kasuak artatuko ditu bihartik aurrera

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DYAk prebentziozko PCR probak areagotu dituzte Tolosaldeko, Goierriko, Azpeitiko eta Azkoitiko adinekoen egoitzetan.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jakinarazi duenez, Ordiziako San Jose egoitza martxan egongo da bihartik, urriaren 15etik, aurrera, eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lehen erabiltzaileak artatzen hasi ahal izango da, COVID-19an positiboak direnak eta sintomarik ez dutenak. Diputatuak berretsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19a duten pertsonei arreta emateko plazak gehitzeko apustuan sakontzen jarraitzen duela: "Osasun-krisia hasi zenetik, gure apustua izan da beharrezkoak diren baliabideak eta zerbitzuak eman eta egokitzea une bakoitzak eskatzen duenera, egoitzetan bertan ematen den arreta osatuz". Hala, martxoaren 15ean Donostiako Gurutze Gorriaren zentroa horretarako prestatu zela gogorarazi du, eta maiatzaren 8tik Eibarko Ospitaleko solairu sozialak betetzen duela funtzio hori.

Eibarko zentroak dituen 56 plazei beste 58 gehituko zaizkie Ordiziako San Jose zentroan, titulartasun publikokoa eta Kabia foru-erakundean integratua dagoena, kasu positibo aktiboak dituzten egoitzak, COVID-19rik gabe uzteko apustuarekin jarraituz. Beraz, San Jose zentroa, aldi baterako, COVID-19 kasuak artatzera bideratuko da, sintomarik gabekoak, karga biral txikikoak eta arreta soziosanitarioa behar ez dutenak. "Horrela, zentro barruan kutsatzeko aukerak murrizten ditugu, eta egoiliarrek irteerak egiten eta bisitak jasotzen jarraitzea ahalbidetzen dugu", azpimarratu du Peñak.

Ekainaren hasieran itxi zen Ordiziako zentroa, "instalazioak behar berrietara egokitzeko" birmoldaketa lanak egiteko, diputatuak zehaztu duenez. "Beharrizan horiek eta COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoerak adineko pertsonen egoitzetatik eratorritako kasu positiboak artatzeko plaza gehiago prestatzera garamatzate egun, eta, horregatik, Ordiziako erreferentzia-zentroa pertsona horien arretara bideratuko da aldi baterako", gaineratu du.

Kontingentzia-plana zentroko langileekin partekatzeaz gain, langileek COVID-19aren sintomarik gabeko kasuak artatzeko beharrezkoa den eta plan horren barruan jasotzen den prestakuntza jaso dute, eta bihartik aurrera lehenengo egoiliarrei harrera egiten hasteko prest egongo da zentroa. Ordiziako zentroan egin diren berrikuntza lanek igogailu berriaren instalazioa, aldagelen egokitzapena, banakako gelen kopurua handitzea eta oxigeno-sistema baten instalazioa hartu dituzte bere gain, 400.000 euro inguruko inbertsioarekin. "Horrela, espazioa egokitu eta prestatu dugu COVID-19ari aurre egiteko eta zentroak bere kontingentzia planean aurreikusitako neurri guztiak bete ditzan", zehaztu du Maite Peñak.

 

1.500 PCR prebentibo Tolosaldean, Goierrin, Azkoitian eta Azpeitian

Bestalde, Tolosaldea, Goierri eta Urola Erdiko eskualdeetan egoera epidemiologikoa dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela egun batzuetatik hona, PCR prebentzio-probak areagotu ditu Tolosa, Villabona, Zizurkil, Azpeitia, Azkoitia, Beasain, Segura eta Legazpiko adinekoen egoitzetan.

Hala, urriaren 9tik 16ra bitartean, Aldundiko eta DYAko profesionalek osatutako taldeek 1.500 PCR proba baino gehiago egingo dituzte udalerri horietako egoitza-zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean, birusa zentro horietan sartzea prebenitzeko eta, hala badagokio, detektatu eta hedapena geldiarazteko. Gainera, aldi horretan, aurretik planifikatutako mapaketak egiten jarraituko da Arrasaten, Oñatin, Donostian, Bergaran, Elgoibarren, Errenterian, Mutrikun edo Eibarren dauden egoitzetan.

Gipuzkoako egoitza-sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu adinekoei arreta emateko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko zentro guztietan egiten jarraitzen duen prebentzio-lanean, uztailetik hona, Aldundiak eta DYAk 24.000 PCR proba baino gehiago egin dituzte.

 

Hiru COVID-19 positibo berri

Azken orduetan, Alai Etxe zentroko bi erabiltzailek eta Donostiako Berrako batek positibo eman dute COVID-19an; bestalde, ez da heriotzarik izan, eta gaixotasuna gainditu duten pertsonak 56 dira dagoeneko, Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzako erabiltzaile batek alta jaso ostean.

Egun, COVID-19an positibo emandako erabiltzaile positiboak Gipuzkoako sei egoitzatan daude: Hernaniko Santa Maria Magdalenan (8), Errenteriako Jesusen Bihotzan (2), Donostiako Alai-Etxen (25), Bergarako Mizpirualden (13), Donostiako La Pazen (1) eta Berran (1). Beraz, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 50 COVID-19 kasu positibo daude. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 56 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 33 pertsona hil dira.

Zortzi dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 39 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan artatuak ari dira izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentzia-zentroan.

  

1799