Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa arduratuko da Donostiako Koruko Andra Mariaren Basilikako Cavaillé-Coll organoa zaharberritzeaz

Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa arduratuko da Donostiako Koruko Andra Mariaren Basilikako Cavaillé-Coll organoa zaharberritzeaz

Zaharberritze lanak 2020. urtearen bukaeran amaitzea aurreikusten da.

2018/12/28

Kontratuaren prezioa 599.797 euro da.

Itxaso. “Gipuzkoako organo erromantikoak gure arte ondare garrantzitsuenetakoak dira, eta horregatik da hain berri ona Santa Mariako organoa zaharberritzeko proiektu bat izatea, azkenean. Organo hori Cavaillé-Coll organo egile maisuak egindako azkena da, eta bat dator organo erromantikoaren jatorrizko prototipoarekin”.

Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa arduratuko da Donostiako Koruko Andra Mariaren Basilikako Cavaillé-Coll organoa zaharberritzeaz. Uztailean esan zen bezala, Donostiako Koruko Andra Mariaren Basilikako Cavaillé-Coll organoa zaharberritzeko aurreproiektuak aurkezteko aldez aurreko fase baten ondoren, bi enpresa hautatu ziren egikaritze proiektua idazteko: Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa eta Manufacture d’orgues Thomas/ Sarl Béthines Les Orgues Boisseau-Gabonit enpresek osatutako enpresa.

Instrumentuaren jabea den Koruko Andra Mariaren Basilikak enpresa horiei enkargua egin ondoren, eta joan den irailaren 30ean proiektuak aurkezteko epea amaitu ostean, Donostiako Elizbarrutiko Organoak eta Harmoniumak Zaindu eta Zaharberritzeko Batzorde Teknikoak bi proiektuak aztertu ditu. Azterketa horiek osatzeko, elkarrizketa bana egin zitzaien enpresa organo egileei, beren proiektuak azaltzeko eta beharrezkoak ziren alderdiak argitzeko. Proiektuak aztertu eta ebaluatzeko fase hori amaituta, Batzorde Teknikoak erabaki du Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa frantsesak aurkeztutako proiektua dela egokiena zaharberritze lanetarako. Horrela jakinarazi dio Donostiako Elizbarrutiko Organoak eta Harmoniumak Zaindu eta Zaharberritzeko Batzorde Teknikoari, zeinak bereganatu egin baitu proposamena. Hemendik aurrera, Koruko Andra Mariaren Basilika arduratuko da Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresa kontratatzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteaz. Enpresa horrek esperientzia handia du horrelako organoak zaharberritzen eta oso ondo ezagutzen du Santa Mariakoa.

Zaharberritze lanak 2020. urtearen bukaeran amaitzea aurreikusten da. Kontratuaren prezioa 599.797 euro da, salbu zaharberritze lanak gauzatzen diren bitartean gerta litezkeen aldaketak. Foru Aldundiak aurrekontuaren % 50 jarriko du, gainerakoa erdibana finantzatuko dute Donostiako Elizbarrutiak eta Donostiako Udalak.

“Gipuzkoako organo erromantikoak gure arte ondare garrantzitsuenetakoak dira, eta horregatik da hain berri ona Santa Mariako organoa zaharberritzeko proiektu bat izatea, azkenean. Organo hori Cavaillé-Coll organo egile maisuak egindako azkena da, eta bat dator organo erromantikoaren jatorrizko prototipoarekin. Fernand Princek harmonizatu zuen eta 1863an instalatu zuten. Adituek diotenez, ezaguna da nazioartean, César Francken musika interpretatzeko aproposenetakoa delako”, adierazi du Itxasok.

Denis Lacorre Facteur d´Orgues enpresaren kontratazioak amaiera ematen dio prozesu luze eta neketsu bati, 2017ko maiatzaren 31n Donostiako Elizbarrutiko Organoak eta Harmoniumak Zaindu eta Zaharberritzeko Batzordearen eraketarekin hasi zenari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Elizbarrutiak osatzen duten batzorde hori sortu zen Donostiako Elizbarrutiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ondarea zaintzeko sinatutako hitzarmenaren esparruan, eta bere helburua da Gipuzkoako organo ondarearen babesa, zaintza eta zabalkundea bultzatzea, Gipuzkoako interes bereziko ondarea baita.

Batzordearen bokazioa da lurraldeko organo eta harmonium guztien zaintza eta zaharberritze lanetan parte hartzea.  Aipatutako batzordeak Batzorde Tekniko baten aholkularitza dauka; Musikeneko organo irakaslea, Esteban Landart, da koordinatzaile eta ondareari lotutako hainbat diziplinatako adituek osatzen dute, baita zaharberritu beharreko organoaren titularra den parrokiako ordezkari batek eta eliza kokatuta dagoen udaleko ordezkari batek ere.

Joan den urtearen erdialdetik aurrera, eta organo horri dagokionez, Batzorde Teknikoak zenbait azterketa egin ditu organoaren kontserbazio egoera ezagutzeko, eta eskatutako zaharberritze aurreproiektuak eta proiektuak idazteko oinarri gisa erabili diren baldintza teknikoen agiria prestatu du. Halaber, batzorde horrek baloratu ditu aurkeztutako proiektuak, eta bere ardura izango da zaharberritze lanen jarraipena egitea.

Organo ondarea

Gipuzkoako organo ondarea Europako garrantzitsuenetakoa da.   Ia 150 organok osatutako ondarea da. Honako hauek dira nabarmenenak: Ataungo San Martin de Tours elizako organo barrokoa, Lorenzo de Arrázolak eraikia 1761n; Cavaillé-Coll  organo erromantiko frantsesak, 1861-1989 urteen artean eraikiak;  Stoltz-frères organoak, Merklin/Gutschenritter, Puget, Didier… eta XIX. mendearen amaieran bertako organogileek egindakoak ere bai. Horien artean, nabarmentzekoa da Artzain Oneko organoa, Azpeitiko Organería Española enpresak 1953an eraikia, Espainiako organo neoklasikorik handiena.

Kultura handia garatu da organoaren inguruan: konpositoreak, interpretatzaileak, bertako enpresa organogileak... Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak instrumentu horri zuzendutako espezialitatea, urteroko kontzertu zikloak lurraldeko leku desberdinetan eta Asociación Fray Joseph de Echevarria de Amigos del Órgano de Gipuzkoa elkartea dira instrumentuak duen indarraren adierazle.

  

2012