Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Oroimen historikoaren arloan argitzeke dauden eremuak identifikatzeko bi proiektu aurkeztu ditu Foru Aldundiak, Aranzadi eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean

Oroimen historikoaren arloan argitzeke dauden eremuak identifikatzeko bi proiektu aurkeztu ditu Foru Aldundiak, Aranzadi eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean

Lurraldeko oroimen historikoaren arloan burututako ekintzen mapa eta 1936 eta 1945 artean erail eta errepresaliatuen datu-basea osatu dituzte

Lurraldean oroimen historikoaren arloan burututako ekintzen mapa eta Izen Guztiak, 1936-1945 aldian errepresaliatuen datu-basea, osatu ditu, Aranzadi eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, elkarte memorialistek orain arte egindako lanari aitorpena egiteko baliatu du aurkezpen ekitaldia eta gaur bi egitasmo hauek bide horretan osagarri direla azaldu du. “Oraindik badaude esparru ilunak oroimen historikoaren arloan, sakondu beharreko esparruak, eta proiektu hauek motibazio iturri behar dute lanean jarraitzeko”, adierazi du.
Bi ekimenak gaur arratsaldean Donostian burutu den ekitaldi batean aurkeztu dira. Bertan, Olanorekin batera, ikerketen egileak eta Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria, Maribel Vaquero, egon dira. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, ikerketak modu zientifikoan eta era ordenatuan egin dira, baina lan hauen atzean dagoen “bihotza” azpimarratu du: “Egondako urraketak eta egia osoa azaleratzea dute ekimen guzti hauek jomuga, gizarte bezala demokrazia sendoago bat izan dezagun”.

“Amaitu gabeko” bi proiektu
Gipuzkoako memori historikoko ekimenen mapa 2015eko udazkenean abian jarritako proiektua da eta lurraldean arlo honetan egindako lanak jaso eta ezagutaraztea ditu xede. Ekimena Aranzadik garatu du eta helburu bikoitza du: batetik orain arte alor honetan egin diren ekimenen inbentarioa egin eta, bestetik, Bizikidetzako zuzendaritzaren lan ildoak hautematen diren hutsunetara bideratu. Vaqueroren hitzetan, “orain arte zer egin den jakin, egindakoaren mapa osatu, eta egiteke dagoena ezarri eta lehenetsi, hau da, egia ezagutzeko zer egin behar den planifikatu”.
Izen Guztiak proiektua, bere aldetik, Eusko Ikaskuntzako Pedro Barruso eta Aranzadiko Elisa Querejetak burutu dute. Azken urteetan egin diren ikerketak oinarri hartuta eta kontrastatutako informazio dokumentala erabiliz, 1936 eta 1945 artean errepresaliatutako gipuzkoarren datu-basea eratu dute. Egileen esanetan, pertsona eta izen guztiak bildu ahal izateko “lehen pausua” da eta “elkarte memorialisten lanak ere datu-basea osatzeko balioko dute”. Zehazki, 10.881 hildako, atxilotutako, torturatutako… pertsonen izenak jaso dituzte ikertzaileek baina, nabarmendu dutenez, bai ‘Izen Guztiak’ zein ekimenen mapa bizirik eta irekita dauden proiektuak dira: “Amaitu gabeko datu-baseak dira, datozen urteetan ekarpenak jaso eta osatuz joango garenak”.

  

1804