Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Otsailean hasiko dute praktikaldia ezgaitasun intelektuala duten eta plaza eskuratu duten 3 pertsonek

Otsailean hasiko dute praktikaldia ezgaitasun intelektuala duten eta plaza eskuratu duten 3 pertsonek

Beste 133 pertsonek osatuko dute enplegu poltsa, Aldundiak udalen esku jarri duena.

2022/01/14

Gipuzkoako Foru Aldundia ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako lehen Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) prozesua osatzetik gertu dago. Hautaketa-proba guztiak amaituta, eskainitako plazak lortu dituzten hiru pertsonak (bi emakumezko eta gizonezko bat) otsailaren 1ean hasiko dira lanean, artxiboko eta zerbitzu orokorretako ofizial gisa. Ezgaitasun intelektuala duten 152 pertsonak parte hartu dute hautaketa-prozesuan, eta, hortik, EPE gainditu edo lehen ariketa gainditu dutenen artean, 133 pertsonako lan poltsa bat osatu da. Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak gaur iragarri duenez, Foru Aldundiak Gipuzkoako udal guztien esku jarriko du lan poltsa hori, erabiltzea interesatzen bazaie ere.

Foru Aldundiko arduradunak lan topaketa batean parte hartu du gaur goizean, plaza lortu duten pertsona hauen etorkizuneko lankideen eta lagun hauek kide diren Atzegi eta Ortzadar elkarteen artean. Aldundiaren Gune espazioan egindako jardunaldiaren helburua datorren otsailaren 1ean foru langile izaten hasiko diren hiru pertsonen inguruan sentsibilizatzea eta hauek hobeto ezagutaraztea izan da. Lau hilabeteko praktikaldiaren ondoren, hiru lagun hauek karrerako funtzionario bihurtuko dira.

Mendozak, ekitaldiaren aurkezpenean, EPE prozesua arrakastatsutzat jo du. Foru arduradunak nabarmendu duenez, “orain, helmugara hurbiltzen ari garenean, esan dezakegu prozesu osoa arrakastatsua izan dela, eta, zifrak alde batera utzita, sekulako balio kualitatiboa duela Aldundiarentzat eta lurralde osoarentzat”. “Asko ikasi dugu, eta gure konpromisoa horrelako ekimenei jarraipena ematea da: desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPE gehiago egongo dira etorkizunean”, gaineratu du.

EPEa aurrera ateratzeko prozesuari dagokionez, Mendozak elkarlanean jarri du azpimarra. "Prozesu honen arrakastaren gakoa, zalantzarik gabe, hasieratik elkarlanean lan egin izana izan da. Lehen minututik, Atzegi, Gautena, Ortzadar, Gureak, Fevas eta Ehlabe elkarteak gonbidatu genituen, eta guztiek erantzun positiboa eman ziguten. Denek hartu dute parte EPE deialdi hau osatu eta aurrera eramateko prozesuan", azaldu du. Horiekin batera, Uliazpi foru erakunde autonomoa eta Aldundiko Gizarte Politikako departamentuko Mendekotasuna eta Desgaitasuna Baloratzeko Zerbitzua ere funtsezkoak izan direla gaineratu du.

"Eragile horiek guztiek ezinbesteko laguntza eman digute, ez bakarrik deialdia osatzeko orduan, baizik eta EPEra aurkeztu diren pertsonen bidelagun izanez”, azpimarratu du. Era berean, eskerrak eman dizkie Gobernantza eta Gizarte Politikako departamentuko langileei, prozesu horretan plaza lortu duten hiru pertsonek bertan egingo baitute lan. Zehazki, hauek izango dira artxiboko eta zerbitzu orokorretako ofizial gisa beteko dituzten eginkizunak: posta jaso, banatu eta sailkatzea, dokumentuak digitalizatzea, fotokopiagailuak mantentzea, papera banatzea, biltegiko materiala eraikineko unitateetan banatzea, bilera-gelak prestatzea…

 

Berdintasunarekin konpromisoa

"Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, mota honetako lehen EPEa izan da, baina aurretik ezgaitasun intelektuala duten langileak izan ditugu, eta esperientzia beti izan da positiboa. Horrela, ekimen honekin, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren aldeko konpromisoa berresten dugu, bereziki laguntza-premia bereziak dituztenena”, azaldu du. "Esparru horretan, erreferente bihurtu nahi genuke; eta EPE honekin egin dugun lana, azpimarratu nahi dut inguruko administrazioen eskura dagoela, antzeko prozesuren bat egin nahi balute”, gaineratu du.

Gogorarazi duenez, Aldundiaren helburu estrategiko nagusia Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatu edo bertan mantentzea da, desberdinkeriari ikuspegi guztietatik helduz: soziala, ekonomikoa, linguistikoa, emakumeen eta gizonen artekoa... "Beraz, inor atzean utzi nahi ez badugu, argi dago ezgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lan egiten jarraitzeko gure konpromisoak benetakoa eta irmoa izan behar duela", gaineratu du.

  

2049