Pandemiaren desafioei aurre egiteko Think Tank-a, abian
Pandemiaren desafioei aurre egiteko Think Tank-a, abian
Jakintza eta esperimentazio gunean parte hartuko du ekonomia eta gizarte alorreko hainbat ordezkari esanguratsuk.
Aldundiak Think Tank bat abiarazi du, zeinetan parte hartuko duten foru erakundeko arduradunek nahiz gizarte eta ekonomiaren alorreko hainbat ordezkari esanguratsuk. COVID-19aren pandemiaren eraginez, Gipuzkoak etorkizunera begira dituen desafioak gero eta “handiagoak eta larriagoak” diren honetan, lurraldearen norabidea adieraziko duen “gogoetarako eta esperimentaziorako espazio komunitarioa” osatzea izango du helburu. Etorkizuna Eraikiz Think Tank lau taldetan banatuko da eta bakoitzak bere lan esparrua izango du, guztiak ere gaurkotasun handikoak: ekonomia eta etorkizuneko lanpostuak, aldaketa klimatikoa eta ekonomia berdea, ongizate estatuaren eta zaintza ereduen etorkizuna eta kultura politiko berria.
“Etorkizuna Eraikiz Think Tank ez da soilik gogoetara eta jakintza aurreratua sortzera bideratua egongo”, azaldu du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Izan ere, “esperimentazio kooperatiboa” ere egingo duela jakinarazi du, lurraldea eraldatzeko ekimenak gauzatuko baitituzte parte hartzaileek lankidetzan. Azkenik, osatu duenez, “erreferentzia” bilakatzeko lan egingo du, pandemiak areagotu dituen eraldatze sozial eta ekonomikoak eragindako “ziurgabetasun eta noraezaren” aurrean “itsasargi kolektibo” gisa.
Kazetariekin izandako topaketa batean aurkeztu ditu Olanok Think Tankaren egitura eta printzipio nagusiak. Bere alboan izan ditu Ekonomia Sustapena, Ingurumena eta Gizarte Politikako diputatuak, Imanol Lasa, Jose Ignacio Asensio eta Maite Peña, hurrenez hurren, eta Aldundiko Estrategia arduraduna, Xabier Barandiaran. Haiek gidatuko dituzte bakoitzaren alorreko lan taldeak. Lankidetzarako espazio berritzaile honen koordinazioaz arduratuko da, berriz, Miren Larrea Orkestrako ikerlaria –gaurko aurkezpenean ere hartu du parte–. Horien guztien gidaritzapean, esparru bakoitzean adituak diren 60 lagun inguruk osatuko du Think Tanka.
Lau lan talde, lau desafio
Diputatu nagusiak gogoeta egin duenez, pandemiak “ziurgabetasunen” sakontze bat ekarri du eta, aldi berean, gero eta arazo “konplexuagoei” aurre egiteko premia azaleratu du, “inter-konektatutako” mundu batean. “Nolako etorkizuna izango du gure lanak eta gure seme-alabenak? Nola egingo diogu aurre ingurumenaren degradazioari eta klima aldaketari? Nola zainduko ditugu gure zaharrak? Zer egin dezakegu herri erakundeak irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izan daitezen? Guztiok gure buruari egiten dizkiogun galdera horiei erantzunak bilatu eta eraiki nahi ditugu. Elkarren artean, modu komunitarioan, eraiki ere”, azpimarratu du.
Aldundiko bost ordezkarik eta Gipuzkoako ehun sozial eta ekonomikoko hamar bat norbanako esanguratsuk hartuko du parte lan talde bakoitzean. Hilabetero elkartuko dira. Ekosistema bere osotasunean, beraz, 60 lagun inguruk osatuko dute eta urtean behin batzarra egingo dute, partekatu asmoz proposamenak, gogoetak eta esperientziak.
Kultura politiko berria sustatzeko lan taldea Xabier Barandiaranek gidatuko du eta helburu gisa izango du gogoeta egitea eta esperimentatzea, “herritarren desafekzioa” gainditzeko, nahiz erakundeek beren kabuz soilik gaur egungo desafio ekonomiko, sozial eta politikoei aurre egiteko “gaitasun falta” hobetzeko. Etorkizuna Eraikiz Gunean elkartuko da, aste honetan bertan, lan talde hau.
Etorkizuneko ekonomia eta lanaren inguruko ekimena, berriz, Imanol Lasak zuzenduko du. Diputatuaren esanetan, adimen artifizialak, digitalizazioak eta robotizazioak “galdera ikur” ugari ekarri ditu, bereziki industriak lehiakor izaten jarraitzeko beharko dituen perfilen inguruan eta baita kualifikazio baxuagoko perfilen geroaren gainean. Pandemiaren eraginak, gainera, “inoiz baino beharrezkoago” bilakatu du enplegu duina “babestu eta sustatzea”, mundu osoan hazten ari diren “desberdintasun sozialen” aurrean.
Klima aldaketa eta planeta jasaten ari den degradazioari mugak jarri beharra da gizartearen beste kezka nagusietako bat eta desafio horri helduko dio Jose Ignacio Asensiok gidatutako lan taldeak. “Trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, ekonomia zirkularra eta fiskalitate berdea aztertu eta garatuko dituzte, esperimentazio lanen bitartez.
“Aurrekaririk gabeko krisi honetatik ateratzeko, Gipuzkoan anbizio handiagoko gizarte, ekonomia eta ingurumen eraldaketa bat sustatzeko aukera dugu; gure lurraldea gobernantza aurreratuan eredu gisa kokatuz, gure enpresak eta industria lehiakorragoak izan daitezen, ekonomia eta aberastasuna sortuz berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez; haien nazioartekotzea sustatuz eta, horrela, pertsona askoren arazoa konponduko duen tokiko enplegu bat sortuz”, gogoeta egin du Asensiok. Egitasmo hau, azaldu duenez, Europako Itun Berdean oinarritzen da, hiru zutabetan ardaztutako hazkunde-estrategia gisa: digitalizazioa, deskarbonizazioa eta erresilientzia. “Lehiakortasuna eta ingurumena batera baitoaz, ingurumen-iraunkortasunik ez badago, ez baitago ekonomia edo gizarte jasangarritasunik”, amaitu du Asensiok.
Amaitzeko, laugarren lan taldeak etorkizuneko gizarte politiken inguruan pentsatzea eta eragitea izango du helburu, Maite Peñaren gidaritzapean. Gauza jakina da COVID-19aren krisialdia desafio izugarria izaten ari dela gizarte zerbitzuentzat, bereziki kolektibo ahulenekin lan egiten duten horientzat. “Birpentsatu eta eraldatzen jarraitu nahi dugu guztion artean eraiki dugun ongizate sistema, ekintza kolaboratiboaren bitartez, orain arte bezala pertsona guztien osasuna eta ongizatea bermatzen jarraitzeko”, sakondu du Peñak.
1602