Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Pantaila akustiko berriek "4.200 zarauztarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duen azpiegitura" osatuko dute

Pantaila akustiko berriek "4.200 zarauztarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duen azpiegitura" osatuko dute

Bihar, ostirala, hasiko dira AP-8aren paraleloan egitura fonoxurgatzaileak jartzeko lanak. Obra osoa 14 hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

2023/02/02
Aintzane Oiarbide, lanen zehaztasunak ematen.

Ostiralean, otsailak 3, zarataren aurkako pantailen lerro berria instalatzeko lanak hasiko dira Zarautzen. Egitura fonoxurgatzaile hauek AP-8ak sortzen duen zaratatik babestuko dute herriaren hegoaldearen parte bat, autobidearekin muga egiten duen zonaldea. Bertan, hain zuzen, 4.200 pertsona inguru bizi dira. Lau pantaila-tartetan banatutako jarduketa izango da, 1.382 metro luze guztira, eta Donostiarako eta Bilborako norabidean jarrita dauden pantaila tarteei lotuko zaie. Lineal osoa osatzean, hala," garrantzi handiko azpiegitura honi" amaiera emango zaio, eta horrek "nabarmen hobetuko du zonalde horretako bizi-kalitatea", Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez. Eraikuntza-proiektuak 3.265.768 euroko (gehi BEZ) aurrekontua du, Bidegiko pantailetan akustikoen egindako inbertsio handienetako bat da, eta 14 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten da.

          AP-8ko tarte honetako pantaila akustikoen ekimenaren abiapuntua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bide Azpiegituretako Departamentuaren bitartez garatzen ari den Zaratari Aurre Egiteko Ekintza Plana da. Lurraldeko errepide eta autobideetako hainbat tokitan eragiten du planak eta Oiarbidek zuzentzen duen sailak “arreta berezia” eskaintzen dio ekimen horri, “milaka gipuzkoarren bizitzan baitu eragin zuzena”. Zarautzen kasuan, esaterako, pantaila akustikoek auzune oso bat babestuko dute, eta etxebizitzez gain, hainbat hezkuntza-eraikin eta osasun-zentro bat ere badaude zonalde horretan. Xabier Txurrukak alkateak, horrela, inbertsio honen garrantzia azpimarratu du, “autobidetik hurbilen dauden eremuetan bizi, lan egin edo ikasten duten pertsonen bizi-kalitatea zuzenean eragingo baitio”.

Lau tarte

Lanak lau zatitan egingo dira: ordainlekuko errei-zabaltzan dagoen pisatze-baskulatik hasi eta 40 metrotan zehar, Itxasmendiko beheko pasabideraino, lehena. Bigarren zatiak 460 metro izango ditu, eta puntu hori Frantsesbideko goiko pasagunearekin lotuko du. Pasabide horren ondoren, lineal osoko tarterik luzeena egongo da, 655 metrokoa, Abendañoko beheko pasabideraino. Azken zatiak Abendaño eta Azkenkale lotuko ditu, 105 metro izango ditu eta gaur egun etxebizitza-eremu horretan dauden pantailetara iritsiko da. Pantaila multzo berriak autobidearekiko paraleloa den lerro jarrai bat osatuko du, trazadura osoan 4 metroko garaiera izango duena, Itxasmendi eta Abendañoko beheko pasabideetan izan ezik, horiek 2 metrokoak izango baitira. Bi pasabide horietan euste-sistema berriak ere instalatuko dira.

Lan horiek trafikoan izan dezaketen eraginari dagokionez, Oiarbidek aurreratu du ez dela afekzio nabarmenik aurreikusten, obrek galtzadaren kanpoko bazterbidea hartuko baitute nagusiki. Barrualdeari dagokionez, bi erreien zabalera 3,20 metrora murriztuko da errei bakoitzeko, eta barruko bazterbideak 0,30 metroko zabalera izango du. Horrela, obretarako eremu bat ireki ahal izango da, errei bat bera ere itxi gabe lan egiteko adinakoa.

Paisaiara egokitzea

Era berean, bai obrek, bai pantailen kokapenak, eragin txikia izango dute gaur egun autobidea eta herrigunea bereizten dituzten zuhaiztietan, lanak egiteko nahikoa leku baitago. Gainera, diputatuak berak aurreratu duenez, paisaiara egokitzeko jarduketa bat ere aurreikusi da, ikastolaren aurrean eta autobidearen beheko bi pasabideetan (Itxasmendi eta Abendaño) inpaktu bisuala murrizteko. Interbentzio hauetan, horma-irudi bat jarriko da konposite-plaken bidez osatutakoa. Hormigoia gehien ikusten den eremuetan inprimatutako estaldura bat jarriko da, eta eremu osoan zuhaitz gehiago landatuko dira.

Zaratari aurre egiteko plana

Zarauzko lineal berriarekin, beste urrats bat egiten da Zaratari Aurre Egiteko Ekintza Planean ezarritako ibilbide-orria betetzeko. Horrela, egitura fonoxurgatzaile horien instalazioari azken hilabeteetan Elgoibar eta Tolosako hainbat tokitan jarri diren, eta Errenterian edo Beasainen instalatu diren edo instalatzen ari diren egiturak gehituko zaizkio. Diputatuak azpimarratu duenez, ekintza-plana “asmo handikoa” da, hainbat jarduketaren bidez, “gure errepide nagusien inpaktu akustikoa ia 3,7 kilometrotan zehar murriztuko duen ibilbide-orria” baita, eta, “are garrantzitsuagoa dena, zarataren eraginpean dauden eremu horietatik gertu bizi diren 10.100 gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetuko du”. Planaren hedapenak 20 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako hainbat udalerritan, foru sareko errepideak kontuan hartuta diseinatu da, urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten dituztenak eta, besteak beste, N-I, AP-8 eta GI-20 errepideetan kokatuko dira, Tolosa, Zarautz edo Errenteria parean adibidez.

  

2698