Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Hasi dira Pasaiako Ondartxo Pasealekua biziberritzeko lanak

Hasi dira Pasaiako Ondartxo Pasealekua biziberritzeko lanak

Erakundeen arteko akordioa aukera ematen ari da Pasaialdea biziberritzeko

2017/12/28

Marisol Garmendia: “Erakundeen arteko akordioa aukera ematen ari da Pasaialdea biziberritzeko eta Pasaiaren etorkizuneko oinarriak finkatzeko”

Izaskun Gómez: “Biziberritzearen helburua da pasaitarren bizi-kalitatea hobetzea, eta abian diren lanak bide horretatik doaz”.

Ondartxo pasealekua, San Pedro Arraun Elkartearen eta Albaolaren artean, biziberritzeko lanak berehala jarriko dira abian, eta, hartara, oinezkoentzako itsas pasealeku berritua izango da laster Puntetaraino.

Proiektuak 554.000 €-ko aurrekontu-zuzkidura du, eta sei hilabeteko epea izango da obrak amaitzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak finantzatuko ditu obrak. Lanei urtarrileko lehen egunetan emango zaie hasiera, eta nabarmen hobetuko dute zona osoa. Itsas pasealekua Albaolaraino luzatuko dute, eta, hartara, askoz ere erakargarriagoa egingo dute Ondartxoko antzinako ontziolara arteko sarbidea —ontziola horretan ari dira San Juan baleontzia eraikitzen—.Lan horiekin, Pasai San Pedrok itsasertzeko pasealekua osatuko du, orain arte arraun-elkartera arte gaituta baitzegoen. Hortaz, garrantzi handiko espazioa berrituko da Pasaiako herritarren aisialdirako eta Albaola itsas faktoria ezagutzera hurbiltzen diren bisitarien eta turisten aisialdirako.

Jarduna Pasaialdea biziberritzeko programaren barruan sartzen da, eta Pasaiako Udalak gauzatuko du. Biziberrituko den tartea 600 metro luze da, eta 2.850 m2-ko eremua urbanizatuko da berriro, maldei, zoladurei eta sarbideei dagokienez. Era berean, pasealekua eta itsasoa bereizten dituen horma ordeztuko da. Altuera handiagoko horma estuago bat jarriko da, paseatzaileen babesa areagotzeko eta oinezkoen zonari espazio handiagoa emateko. Era berean, azpiegiturak eta instalazioak (argiteria, saneamendua, drainatzea, hornidura, telekomunikazioak eta abar) hobetuko dira eta lurpetik bideratuko dira. Pasealekuaren zonarik zabalenean —Ekialdean, Albaola faktoriaren ondoan— egonaldirako lorategi-zona sortuko da eta hiri-altzariak instalatuko dira.

Irisgarritasuna ere hobetuko da; horretarako, % 8tik beherako maldak izango dira eta oinezkoentzako ibilbideak errazteko maila zabalagoak jarriko dira. Pasealekua gutxienez 3,5 metro zabal izango da, eta, hartara, pasabide erosoa eta zabala eskainiko du. Eraikinera sartzeko zonan, berriz, sestrak aldatuko dira, oinezkoen sarbideak erosoagoak eta zuzenagoak izan daitezen.

Pasaialdea biziberritzeko proiektuan biltzen da Ondartxoren berrurbanizazioa. Izan ere, proiektu horren helburua da Pasaialdeko hiri-ingurunearen kalitatea hobetzea, zona horretako zuzkidura eta ekipamenduak gehitzea eta, azken finean, pasaitar guztien bizi-kalitatea hobetzea. Ildo horretan, Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak nabarmendu du “erakundeen arteko konpromisoaren garrantzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta nahastuta dauden erakunde guztien konpromiso irmoa. Izan ere, aukera ematen ari dira Pasaialdearen biziberritze integralean pixkanaka aurrera egiteko eta Pasaiaren eta Pasaialdearen etorkizuneko oinarriak finkatzeko”; ildo horretan bertan, Izaskun Gómez Pasaiako alkateak nabarmendu du urte askoren ondoren urrats zehatzak ari direla egiten, eta, adierazi duenez, “biziberritzearen helburua da pasaitarren bizi-kalitatea hobetzea, eta abian diren lanak bide horretatik doaz”. 

  

1806