Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Pasaiak, dagoeneko, badu Ondartxoko pasealekua erabat berrituta

Pasaiak, dagoeneko, badu Ondartxoko pasealekua erabat berrituta

Marisol Garmendia: “Erakundeen arteko akordioari esker, Pasaiako herritarrek eta bisitariek hainbeste erabiltzen duten pasealekua berritu da. Hasi dira berroneratzeko lanaren emaitzak ikusten eta Pasaiaren etorkizunaren oinarriak finkatzen”

Marisol Garmendia: “Erakundeen arteko akordioari esker, Pasaiako herritarrek eta bisitariek hainbeste erabiltzen duten pasealekua berritu da. Hasi dira berroneratzeko lanaren emaitzak ikusten eta Pasaiaren etorkizunaren oinarriak finkatzen”

Izaskun Gómez: “Berroneratzearen helburua pasaiatarren bizi-kalitatea hobetzea da, eta, Ondartxo berritu ondoren, esan dezakegu hobekuntza hori hasi dela errealitate izaten”.

Ondartxo pasealekua berroneratzeko obrak, San Pedro Arraun Elkartearen eta Albaolaren artekoak, dagoeneko amaituta daude; horrela, pasaiatarrek eta bisitari guztiek oinezkoentzako itsas pasealeku berrituaz goza dezakete, Puntaseraino.

Proiektuak 554.000 €-ko aurrekontua izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuaren ekarpenaren ondorio, eta dagoeneko amaituta dago. Pasealeku berria Aldundiak eta Pasaiako Udalak inauguratu dute, eta bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Marisol Garmendia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Izaskun Gómez Pasaiako alkatea. Zaharberritze horren bidez, nabarmen hobetu da itsas pasealekuaren gune osoa Albaolaraino, eta askoz ere erakargarriago bilakatu da sarbidea antzinako Ondartxo ontziolaraino; bertan Nao San Juan eraikitzen ari da. Pasai San Pedrok, horrela, oinezkoentzako pasealekua osatzen du, itsasoaren ertzetik; orain arte Arraun Elkarteraino baino ez zegoen gaituta. Horrela, bada, espazio publiko garrantzitsua berreskuratu da, pasaiatarrek eta egunero Albaolako itsas faktoriara gero eta sarriago hurbiltzen diren bisitari eta turistek gozatzeko.

Jarduketa Pasaialdeko hiri-ingurunea berroneratzeko programan sartzen da, eta Pasaiako Udalak gauzatu du. Jarduketaren oinarri izan den tarteak 600 metro luze ditu eta 2.850 m2-ko arloaren berrurbanizazioa jaso du, malda, zoladura eta sarbideei dagokienez. Halaber, pasealekua itsasotik bereizten duen horma berritu da eta, haren ordez, beste estuago bat jarri da, oinezkoentzako gunean espazio gehiago egoteko, eta altuera igo da, oinezkoek babes gehiago eduki dezaten. Era berean, azpiegiturak eta instalazioak, besteak beste, argiteria, saneamendua, drainatzea, hornidura, telekomunikazioak eta abar hobetu eta lurperatu egin dira. Pasealekuaren alderik zabalenean, ekialdean, Albaola faktoriaren alboan, lorategia duen egonlekua sortu da eta, bertan, hiri-altzari berriak jarri dira.

Irisgarritasuna ere nabarmen hobetu da; maldak beti % 8tik beherakoak eta maila zabalagoak, oinezkoak errazago joateko. Pasealekuaren zabalerak orain gutxienez 3,5 m ditu, eta horrek paseo erosoa eta zabala egiteko aukera ematen du. Eraikinera sartzeko gunean sestrak aldatu dira, oinezkoentzako sarbideak eroso eta zuzen egiteko.

Ondartxoko berrurbanizazioa Pasaiako hiri-inguruneetako bizi-kalitatea hobetzeko, eremu osoko zuzkidura eta ekipamenduak areagotzeko, ingurumen-jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa  areagotzeko eta, azken batean, pasaiatar guztien bizi-kalitatea hobetzeko berroneratze-proiektu integralean sartzen da. Hori horrela, Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak zera nabarmendu du: “oso garrantzitsua da erakundeen arteko akordio hau eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta tartean diren erakundeek duten konpromiso irmoa; izan ere, horiei esker, urrats sendoz eta ageriko emaitzak izanik dihardugu aurrera egiten berroneratze integralean eta Pasaiaren eta Pasaialdearen etorkizunaren oinarriak ezartzen”. Ildo beretik, Izaskun Gómez Pasaiako alkateak hauxe azpimarratu du: “urte askoren ondoren, azkenean urrats zehatzak eman dira, eta emaitzak eraginkorrak izan dira”, eta “berroneratzearen helburua pasaiatarren bizi-kalitatea hobetzea da, eta, Ondartxo berritu ondoren, esan dezakegu hobekuntza hori hasi dela errealitate izaten”.

Amaitzeko, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du Aldundiak “ibilbide-orria” duela Pasaiako badia berroneratzeko, “gune hori lehentasunezkotzat jotzen” baitute. Eta zera esan du: “ibilbide-orri hori kudeaketa-plan honen bidez gauzatzen ari gara, eta hasi dira lehen emaitzak ematen”. “Ondartxoko pasealekuaren berroneratzearen ondoren, Herrera eta Trintxerpe lotzen dituen oinezkoentzako pasabidearen obrak egingo dira; gaur egun, ari dira dagoeneko lanean. Eta, datorren urtean, hasi ahalko gara gauzatzen hasiko diren beste proiektu batzuk ikusten, besteak beste: Trintxerpeko kaiko gunearen berroneratzea eta Hospitalilloko lurpeko aparkalekua”. Aldi berean nabarmendu du Adinberri-Zahartzeari Arreta Emateko Erreferentziazko Zentroaren eraikuntza, “Pasaiaren erdigunean”, ez dela kasuala; izan ere, lurralde osoarentzat “funtsezkoa” izateaz gainera, “aldaketa-palanka” ere izan nahi duela, badia berroneratzeko; aldaketa horrek “pasaiatarren bizi-kalitatea eta gizarte- eta ekonomia-ongizatea” hobetzen lagunduko du.

  

1772