Pasaportes para Siria-k eta Aldundiak indarrak batu dituzte Amal eta seme-alabak ekartzeko
Pasaportes para Siria-k eta Aldundiak indarrak batu dituzte Amal eta seme-alabak ekartzeko
Gestioak egiten ari dira Amal eta bere bost seme-alabak, gerraren eta indarkeria matxistaren biktimak, lurraldean hartzeko
Pasaportes para Siria elkarteak eta Foru Aldundiak indarrak batu dituzte Amal eta bere bost seme-alabak Gipuzkoara ekartzeko. Amal 26 urteko siriar emakume bat da, eta familia oso egoera larrian bizi da iheslari diren aldetik, gerratik ihesi, eta indarkeria matxistaren biktima diren aldetik. GKEk eta foru erakundeak Madrileko gobernuarekin eta Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiarekin egiten ari diren gestioen berri eman dute, hartara bisa humanitarioa lortzeko Amalentzat eta bere umeentzat, eta gipuzkoar guztiei laguntza eskatu diete beraien sinadurarekin egoera larri horretatik ateratzen laguntzeko.
Hori dela eta, sinadura bilketa bat abiarazi dute change.org plataforman ‘#Amal Gipuzkoara’ lelopean. Atxikimendu horiek Marina del Corral Immigrazio eta Emigrazio idazkariari aurkeztuko dizkiote. Hark badu jada Amalen espedientea eta bisa humanitarioren eskaera, Amalentzat eta bere seme-alabentzat. Aldundiak hitza eman du hartuko dituela, eta egoitza eta laguntza baliabideak ere prest ditu, iheslarientzako, eta kalteberatasun egoera bereziki larrian daudenentzeko, daukan dispositiboaren barruan. Amalek eta bere seme-alabek, gainera, GKEren laguntza izango dute Gipuzkoan gizarteratzeko.
"Ezinbestekoa da erantzun humanitario bat ematea. Ekartzeko falta den bakarra idazkariaren sinadura da, eta, horretarako, Gipuzkoako gizarteari eskatzen diogu elkartasun uhin bat sortzen laguntzea, gure eskaera denok babestuta", nabarmendu dute Nagore Saenz eta Sara Pineda Pasaportes para Siria elkarteko kideek, gaur Imanol Lasa Kanpo Harremanetako diputatuarekin batera eman duten prentsaurrekoan.
Sara Pinedak ezagutu zuen Amal Grezian boluntariotza lanetan zebilenean, eta ordutik berarekin harreman zuzena izan du. Berak azaldu du haren egoera. Alepon jaioa, 13 urterekin ezkontzera behartu zuten bera baino 10 urte zaharragoa zen gizon batekin. "Senarrak tratu txarrak eman zizkion lehen egunetik, baina Amalek ez zion ezer esan inoiz familiari, uste batzuen tratu txar egoera hori ‘normala’ zela. Bortxaketa etenik gabekoen ondoren bost umeak jaio ziren (egun 10, 9, 8 eta 3,5 urte dituzte, txikienak bikiak direlarik). Horiei ere tratu txarrak eman dizkie aitak".
Familiak elikagai denda txiki bat zuen, eta horrekin aisa moldatzen ziren Alepon. Gerra hasi zenean, bonbardaketa batzuek etxea suntsitu zuten, eta beste familia baten etxera joan behar izan zuten. Hiru umerekin, eta bikiekin haurdun, Amalek ez zuen nahi herrialdea utzi. "Alabaina, txikiek urtebete egin zutenean, senarrak saiatzea erabaki zuen, zazpien bizitza arriskua zegoelako. Noraezeko bidaia bati ekin zioten, eta martxoaren 29an Greziako Chios uhartera iritsi ziren, trafikanteek hainbatetan engainatu ondoren eta aurrezki guztiak bideak utzi ondoren", kontatu du.
Vial uharteko atxiloketa zentroan izena eman ondoren, kanpin denda txiki batean sartu ziren Dipetheko kanpamenduan uztailaren erdi aldera arte. Senarrak jipoia eman zion, eta eremu horretan lan egiten zuten Gobernuz Kanpoko Erakundeek Atenasera eraman zituzten Amal eta haurrak. Haatik, senarrak Chiosetik irtetea lortu, eta Atenasen lokalizatu zituen. Bertan, modu basatian jipoitu egin zuen, eta ospitaleratu behar izan zuten. Gizona atxilotu, eta ondoren libre utzi zuten. Amal eta bere seme-alabak Greziako Gobernuaren babeserako programa batean sartu dituzte.
Pinedak azaldu duenez, zentro horren kokapena konfidentziala da, senarrak aurkitu ez ditzan, "baina azken asteetan hainbatetan joan omen da bulego zentraletara harengatik eta umeengatik galdezka. Ume zaharrenak goizero ikastetxe batera joaten dira, babeslekutik kanpo, eta hori ere familiaren segurtasunean puntu ahul bat da, aitak aurkitu baititzake eta bertara joan eta eraman. Inoiz senarra deportatua bada, familiak ere berarekin joan beharko luke. Horregatik premia larria dago egoera hau lehenbailehen konpontzeko, premiaz Gipuzkoara ekartzeko".
Egun, Amal (izena ez da egiazkoa, arriskuan baitago) eta umeak mediku arreta jasotzen dute (Amal diabetikoa da), eta oinarrizko beharrak beteta dituzte (arropa, janaria), baina ez dute arreta psikologikorik (ezinbestekoa egoera horretan) zentroko gizarte langileek eta psikologoek ez dutelako arabieraz hitz egiten. Amalek ez daki ingelesa, eta oraindik ez du greziera menderatzen: “Laguntza hau ezinbestekoa litzateke beretzat eta umeentzat, oraindik ez baitute ulertzen zer ari den gertatzeko".
"Gizarte presioa"
Bere aldetik, Imanol Lasak Aldundiak egindako gestioen berri eman du, Kanpo Harremanetako Departamentuaren bidez, GKE hori harremanetan jarri zenetik abuztuan Amalen kasua azaltzeko. Gizarte Politikako Departamentuaren bidez harrera baliabideak prestatu ez ezik, Aldundiak zuzenean hitz egin du Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin, kasu honi "modu berezituan" heldu diezaioten eta Greziako Gobernuarekin gestioak arindu ditzaten. Orobat, Lasa eta GKEren ordezkariak igandean Greziara joango dira Amalekin biltzeko eta abokatuarekin ere bai, babesa eskaintzeko emateko tratu txarrengatik duen epaiketan, eta “lehenbailehen etor dadin tramiteak azkartzeko”.
Lasak garbi esan du gizartearen presioa eta presio mediatikoak ezinbestekoak direla Madrilek bisa humanitarioa emateko Amali, eta laguntza berezi bat eskatu du kausa honetarako: "Gure konpromisoa Gipuzkoara ekartzea da eta aukera ematea bizi proiektu duin eta libre bat garatu dezan seme-alabekin batera".
EBko gobernu eta erakundeei "maila emateko" eskatu die eta iheslarien krisiari erantzuteko duela urtebete adostutako kupoak betetzeko; izan ere, "Pertsona honen kasua bereziki gogorra eta minbera da, baina gerraren milaka biktima daude, erantzun baten zain. Gizatasun, printzipio eta balio kontu bat da. Gizarte zibilak eta tokiko eta eskualdeko gobernuek erakutsi dugu prest gaudela, eta botere handiei berdina eskatzen diegu". Azkenik, nabarmendu du, besteak beste, Pasaportes para Siria, Zaporeak, Salvamento Marítimo eta antzeko GKEk egiten duten lana (azken biek, René Cassin saria jaso dute berriki), eta azpimarratu nahi izan du haien eta erakundeen arteko lankidetzaren balioa.
1855