Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 330 boluntariok itsasoko zaborrari buruzko datuak jaso dituzte Gipuzkoako hiru hondartzetan

330 boluntariok itsasoko zaborrari buruzko datuak jaso dituzte Gipuzkoako hiru hondartzetan

Plastikoek eta eraikuntzarako materialek kosta hartu dute

2016/12/28
Surfrider España eta Gipuzkoako Foru Aldundia 2014tik elkarlanean ari dira OSPAR protokoloa sustatzeko Gipuzkoako hiru hondartzetan boluntarioen laguntzarekin.

Boluntarioek itsasoko zaborraren karakterizazio datuak (sailkapena eta identifikazioa) jasotzen dituzte Murgita kalan (Donostia), Inpernupe hondartzan (Zumaia) eta Mutrikuko Burumendi hondartzan. Datu horiek lagungarri dira Ministerioaren Kostako Zuzendaritzaren urteko txostenaren idazketan, egungo MAPAMA, Hondartzetan Itsasoko Zaborra Zaintzeko Programa. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduera hori bultzatu du herritarrak sentsibilizatzeko xedez eta jasotzen diren datu zientifikoak interesgarriak direlako, izan ere, departamentuaren helburu estrategikoetako bat hondartzen kudeaketa integralean aurrera egitea da, erabilera jasangarrirantz pausuak emanez.

Ospar Protokoloa itsasoko kutsadura aztertzeko metodologia estandarizatua da eta Ipar-ekialdeko Atlantikoko, edo OSPAR hitzarmenaren, itsasoaren babeserako hitzarmenaren barruan sartzen da, 1994an Espainian berretsia.

OSPAR herritarren zientzia proiektuak boluntarioei aukera ematen die itsasoko zaborrak duen eraginaren berri izateko eta nazioartean onartuta dauden metodologia estandarizatua aplikatuz datu zientifikoak jasotzeko.

Ingurumenaren Europako Agentziaren (EEA) arabera urtero 10 milioi tona itsasoko zabor joaten dira munduko itsaso eta ozeanoetara. Itsasoko zaborrak hainbat arazo eragiten ditu ingurumenean, eta baita ekonomian eta osasunean ere. Egun administrazio maila guztietan hobekuntza politikak eta neurri posibleak aztertzea bultzatzen ari dira. Irtenbideen bilaketa eskura dituzten datuekin lotuta dago, komunitate zientifikoaren arabera. Horregatik, oso garrantzitsua da boluntarioek egiten duten lana, objektuak karakterizatzen dituzte eta 100 metroko transeptuan kuantifikatzen dituzte Gipuzkoako hiru hondartzetako bakoitzean, urtaro bakoitzeko kanpaina batean. Proiektua hasi zen

Proiektua 2014ko udaberrian hasi zen, laginek gutxienez 4 urtez jarraitu beharko dute datuen serie historikoa bermatzeko eta modu horretan hondakinen portaera aztertzeko aukera ematen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilizazio alorreko ekintzak sustatzen ditu, baita datuen interes zientifikoagatik ere.

Proiektuak  Surfrider Españak koordinatzen dituen zenbait kolektiboren laguntza du, hala nola, Patris Surf, Mutriku BHI ikastetxeko ikasleak, Zumaiako Geoparkea, eta barneratzea sustatzen du Gurutze Gorriko boluntarioei esker eta Aztegi elkarteari esker.

Orain arte boluntarioek 15.423 objektu (edo item, azterketa protokoloetan erabilitako terminoak) jaso eta identifikatu dituzte Gipuzkoako hiru hondartzetan urtean egindako 4 kanpainetan. Donostiako Murgita kalak eta Mutrikuko Burumendi hondartzak antzeko jokabidea uzten dute agerian, eta udaberri garaian pilatzen da itsasoko zabor gehien. Bi hondartzetan plastikoa da elementurik ugariena aztertutako 2 urteetako kanpaina guztietan (neguan, udan, udaberrian eta udazkenean), jasotako zabor guztiaren %94ko portzentajearekin Donostian eta %97,7koarekin Mutrikun. Zumaiako jokabidea, berriz, ezberdina da, Inpernupeko hondartzan, bi urteetan zaborra pilatzeko garaia ezberdina izan da, 2015ean udan eta 2016an neguan. Zaborren tipologia ere bestelakoa da eta beira, zeramika eta eraikuntzako material kopuru handia jaso da portzentaje handiekin. Dena dela hondakin plastikoek garrantzi handia izaten jarraitzen dute, eta 2015ean hondakin guztien %48 izan ziren.

Gaur egun oraindik zaila da joerak identifikatzea eta datu historikoen artxibategia handitu beharko da. Hala ere, aurkitzen diren hondakin plastikoak egunerokotasunean kontsumitzen diren produktuetatik datoz, eta puska txikitan zatitzen dira, milimetro gutxitatik hasi eta 2,5 cm-ko zatietan. Bestetik, arrantzarako materialak aurkitzen dira, hala nola arrainarentzat erabiltzen den poliuretanozko kutxa zatiak, eta eraikuntza hondakinak, ziurrenik biltegi ezegokietatik datozenak.

Oraindik lan handia dago egiteko itsasoko zaborrari dagokionez, kudeaketaren eta kontsumoaren hobekuntzan, kontsumitzailearen ingurumen hezkuntzan eta neurriak zehazteko datuen bilketan, Espainiako Itsasoko Estrategiaren barruan Itsasoko zaborrari buruzko neurrien programak proposatzen duen moduan. Boluntarioen lana ezinbestekoa da ohitura aldaketak sustatzeko eta itsasoko zaborrak kostan duen eraginaren aurrean beharrezkoa den ezagutza izateko.

  

1542