Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Portaera matxista normalizatuak modu kolektiboan desaktibatzeko deia

Portaera matxista normalizatuak modu kolektiboan desaktibatzeko deia

Azaroaren 25eko nazioarteko egunaren atarian, ‘Indarkeria matxistaren aurrean, ez zaitez ikusle huts bat izan’ kanpaina abiarazi eta lurraldeko zinemetan egindako bizipen-esperientzia plazaratu du foru erakundeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren azaroaren 25eko Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren aitzinean, emakumeei beren eguneroko bizitzetan kalte egiten dieten “jarrera eta jokabide matxistak” guztion artean “identifikatu eta modu kolektiboan desaktibatzera” dei egin nahi du. Helburu horrekin gizarteratze eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian gaur goizean bertan, halako portaeren aurrean herritarren “kontzientzia zabaldu” eta “ikusle soil” izan ez gaitezen.

Hala azaldu du Aldundian eskainitako prentsaurrekoan Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak, zeinetan aurkeztu dituen Indarkeria matxistaren aurrean ez zaitez ikusle huts lemapean abian jarritako ekintza nagusiak. Iaz hasitako lan ildoari jarraituz, lurraldeko zinemetan azken bi hilabeteetan garatutako bizipen-esperientzia bat dago aurtengo kanpainaren muinean; bertan, sozialki onartutako hainbat eraso matxista simulatu dituzte ezustean, filma hasi aurreko unean, aretoan zeuden pertsona guztien begiradapean. Eguneroko bizitzan normalizatuak ditugun oldar horiek azaleratzen dituzten ikus-entzunezko materialak osatu dira esperientzia horietatik abiatuz.

Eguneroko eraso txiki eta jarrera matxista horiei buruz hitz egiten ari gara, behin eta berriz eta denbora igaro ahala, emakumeei eragiten eta kalte egiten baitiete. Itxuraz kaltegabeak eta inozenteak diren jarrera, portaera eta sinesmen horiek guztiak identifikatzen lagundu nahi dugu, ondoren denon artean desaktibatu ahal izan ditzagun", adierazi du Berdintasuneko zuzendariak. Ohartarazi duenez, herritar guztiok, “gazte, heldu zein adineko”, ohiko indarkeria normalizatu horren “kontzientzia hartu” behar dugu, hori baita indarkeria matxistaren aurkako "konpromiso kolektiboa eta indibiduala" garatzeko lehen baldintza.

Azaroaren 25eko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren atarian, Berdintasuneko zuzendariak adierazi du “premiazkoa” dugula gizarte gisa bortizkeria matxista gure gizartetik “ezabatzea”. “Horretarako, ezinbestekoa dugu berdintasunaren alorrean aurrerapauso sendoak egiten jarraitzea. Gauzak aldatzeko tenorean gaude eta, ekintza hauen bitartez, portaera matxista hauek bere gordinean azaleratu nahi ditugu: emakumezkoek, emakume izate hutsagatik, jasaten duten egiturazko biolentziaren zati dira”, gehitu du.

 

Berdintasuna, gakoa

Berdintasuneko zuzendariak gogorarazi du Gipuzkoa berdintasunaren arloan inplikazio argia duen lurraldea dela, "berdintasun eraginkorraren” alde dagoen konpromiso sozialari eta arlo horretan politika publiko aurreratuak "etengabe" bultzatzeari esker. Izan ere, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan "funtsezkoa" da emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen gainean eragitea, eta, horretarako, Aldundiak Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana oinarritzen du bere lana. Hala ere, kontrajarri duenez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunek bizirik diraute, eta indarkeria matxista da errealitate horren "lagin mingarriena".

          "Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurraldea lortzea erabateko lehentasuna da. Gizarteak eta erakundeok partekatzen dugun xedea da”. Ildo horretan, gaineratu duenez, aurtengo sentsibilizazio-kanpainaren beste helburu nagusietako bat da "biktimei erakustea erakundeak eta gizarte osoa haiekin gaudela, gertu, une oro, laguntzeko prest". Horrela, berdintasuna.eus webgunearen bitartez, biktimentzat eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabideak ezagutzera eman nahi dira. Gainera, inork halako egoera bat ikusi edo entzunez gero, nola parte hartu jakiteko tresnak eskaintzen dira kanpainaren testuinguruan. Garrantzitsua da, bere ustez, transmititzea “indarkeriatik atera daitekeela” eta “lortu dezakegula” bortizkeria matxista ezabatzea, “baldin eta denok gaiaren garrantziaz jabetzen bagara eta horrelako jokabideak justifikatzeari uzten badiogu".

          "Gure eguneroko bizitzan, askotan  gara publikoaren parte,. Zinemara joaten garenean, kontzertu batean… ikusten dugunaren aurrean objektu pasiboak izaten gara, normalean. Baina gure bizitza erreala da, ez da ikuskizun bat; beraz, gure jarrerarekin, inguratzen gaituen errealitatea alda dezakegu. Hortik garatu dugu indarkeria matxistaren aurrean publikoaren parte ez izateko ideia", berretsi du Elgarrestak.

 

Bizipen-esperientzia

Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina gaur bertan abiatuko da eta bere isla izango du komunikabide –prentsa idatzia, irratiak, telebista, markesinak– eta sare digitaletan. Halaber, www.berdintasuna.eus webgunean hainbat edukiko jasoko dira. Bertan, lehenago aurreratu moduan, sentsibilizazio-materialez gain, indarkeria matxista normalizatuari buruzko informazioa emango da. Baita indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko dauden baliabideei eta eraso bat ikusiz gero jarduteko moduari buruzko informazioa ere, besteak beste.

          Elgarrestak sakondu duenez, kanpainako ekintza lerroen bidez, "indarkeria normalizatu horri buruz ari garelarik, herritarrok gure ispiluaren aurrean jartzea” da helburua. Horren lekuko, lurraldeko hamahiru zinemetan urrian eta azaroan zehar 53 bizipen-esperientzia garatu dira, aktorez osatutako hiru bikotek osaturik. Ekintza horietan, sozialki onartutako hainbat eraso matxista simulatu dituzte, hain zuzen ere filma hasi aurreko unean, berandu zetozela irudikatuz, aretoan zeuden pertsona guztien begiradapean. Erasoaren ondoren, pantailan mezu bat irakurri zezaketen publikoan zeuden herritarrek, bertan zeudenak horrelako eraso matxistak ikusten zituztenean ikusle huts ez izatera gonbidatuz. Mezu horrekin batera, berdintasuna.eus webgunea bisitatzera gonbidatzen zituzten, ikusi berri zuten egoera hartan nola jardun zezaketen jakiteko.

Bizipen-esperientzia berritzaile hori zabaldu asmoz, hilaren 25etik 28ra bitartean, Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean mikrozinema bat kokatuko du Berdintasuneko zuzendaritzak, non herritarrek Gipuzkoako zinema-aretoetan egindako bideoa izango duten ikusgai. Gainera, bertara hurbiltzen direnei ekintza honi lotutako informazio-materiala emango zaie, biolentzia matxistaren aurkako gogoeta, kontzientzia eta konpromisoa hedatzeko helburuarekin.

Mikrozinemaren ordutegiak honako hauek izango dira:

  • Osteguna, hilak 25. 10:00etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Ostirala, hilak 26. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Larunbata, hilak 27. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Igandea, hilak 28. 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  

2022