Programazio zabal batekin, Ekainberrik 2018an zehar bere hamargarren urteurrena ospatuko du
Programazio zabal batekin, Ekainberrik 2018an zehar bere hamargarren urteurrena ospatuko du
Inauguratu zenetik 280.000 bisitarik margoak ikusi eta historiaurreko bizimoduaz gozatu ahal izan dute.
Ekainberri, bere barnean Ekain kobazuloaren eta bere margoen erreplika zehatza duen azpiegitura kultural bat da. Gipuzkoako Zestoako herrian dagoen Sastarrain bailaran dago, kobazulo originaletik oso gertu.
1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta bere Madelein aroko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia.
Zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa da, eta espezie horretan, horma-mihise onena. Hartzak, oreinak, kapridoak... ere ikus daitezke Ekainen. Kobazuloa hainbat galeriatan banatzen da, eta jasotzen dituzten irudien arabera izendatu dira: Erdibide, Auntzei (ahuntzak), Erdialde, Zaldei (zaldiak), Artzei (hartzak) eta Azkenzaldei (zaldiak).
2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Ekain kobazuloko margoak Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituzten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 14 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.
Gauzak horrela, jatorrizko elementuaren osotasuna arriskuan jarri gabe ondare garrantzitsu honetaz gozatu ahal izateko, kobazuloaren erreplika sortzea sustatu zen. Ekaingo erreplika Sastarraingo bailaran dago, jatorrizko haitzulotik 600 metrora eta Zestoako erdi gunetik metro gutxira. Sastarrain orain dela 14.500-10.000 urteko Ekaingo artista paleolitikoen ingurune naturala zen, eta bere natura-balioa eta paisaia babesteko hainbat neurri hartu dira. Babes-neurri horietako bat Ekainberrira motordun ibilgailuekin sartzeko debekua da. Era berean erreplika gordetzeko eraikina paisaian kokatuta eta ezkutatuta dago.
2004an Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eraikin berriaren jabea den Ekain Fundazioa eratu zuten. 2007an eraikinaren kudeaketarako lehiaketa atera zen eta ARAZI ARANZADI UTE enpresari esleitu zitzaion.
Ekainberriko bisitariak
Oro har, seme-alaba gazteak dituzten familiek eta eskolek osatu dute Ekainberriko bisitarien profila, nahiz eta esan beharra dagoen oso anitza dela. Museoan arlo askotan lizentziatutako langile gazte eskarmentudunak ari dira lanean. Guztien sormenarekin eta ekarpenekin atontzen dira Ekainberriko eskaintza eta bere produktuak, kontzeptu nagusi baten inguruan: arkeologia esperimentala.
Nolanahi ere, zentroaren kudeaketan zeresan handia dute ikastetxeek: 500 ikastetxe baino gehiago egon dira Ekainberriko jardueretan parte hartzen. Gutxi gorabehera, Ekainberriko bisita guztien herena esan nahi du horrek. Kontuan hartu behar da zentro gehienak behin baino gehiagotan joaten direla, eta askok dagoeneko beren urteroko ekintzen agendan daukatela Ekainberri.
Erreplikari esker, UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatutako altxor hau, Euskal Herrian dugun bakarrenetakoa, gizarteratu da. Bisitariek Ekaingo zaldi-multzoa, hartzak eta oreinak ikusteko, eta Paleolitoko ondare artistiko hori ikusi, ezagutu eta sentitzeko aukera dute. Munduan lau erreplika besterik ez daude eta Ekain horietako bat da. Horri esker, koba originala oso ondo kontserbatuta dago.
Bisitariek balorazio altua ematen diote Ekainberriri. Hamar urteotan, etengabe zabaltzen eta osatzen joan da jarduera-kopuruak eta haien aniztasuna. Dagoeneko, Ekainberriren eskaintza osoa eta integrala da, eta adin guztietako bisitarientzako eskaintza bereziak ditu, arkeologia esperimentalean oinarrituta: erakustaldiak, eskaintza didaktikoa, Kobaz Koba Trail, Ekainfest, Kobazuloen Eguna, Ekain Abentura… Ekimen horiekin guztiekin Ekain esperientzia osatzen doa atengabe: bisita hutsetik haratago doan esperientzia.
Ekainberriko gaur egungo zerbitzu eta eskaintza
Ekainberri erreplika
Ekainberriren barrualdean espazio-mugen kontzientzia galtzen du bisitariaren begiak. Iluntasunak, soinuak eta tenperaturak bisitaria beste garai eta leku batera daramate. Pasabideak, egoki argiztatua, erreplika osoan barrena ibiltzera gonbidatzen du bisitaria, eta pixkanaka-pixkanaka orain 14.500-10.000 urte gizakiak egin zituen irudiez jabetzen da. Erreplika honetan pinturez gain ere, tenperatura, argiztapena, eta soinuen bidez, jatorrizko kobazuloa ahal izan den fidelkien berreraiki denez gero, kultur ondare horren jatorrizko ingurunea ahalik antzekoen ezagutzeko aukera izango da.
Ekaingo kobazuloko labar artearen testuinguru orokor bat ezagutzen lagunduko digun sarrera labur baten ondoren, bisitariak erreplikara gida batekin sartzen dira zirraretan oinarrituriko esperientzia bat bizitzera. Ekaingo kobazuloarekiko ahalik eta zehatzen eraikitako inguru batetan, Goi Paleolitoko artista haiek sentitu ahal izan ziren bezala sentitzen dira bisitariak eta barrunbearen txoko eta sekretu guztiak aurkitzen dira, gidak margoak interpretatzeko gakoak eskaini eta labar artearen jatorriei buruzko teoriak azaltzen dituen bitartean.
Euskal Herriko labar-artearen erakusketa
Erakusketa erreplikaren bisita gidatuaren aurretik edo ondoren bisita daiteke. Erakusketan Ekaingo beste alderdi batzuen berri ematen da eta ibilbidean zehar ikusitakoa zabalago azaltzen da. Informazioa panelen, ikus-entzunezko pantailen eta objektuen bidez ematen da. Erakusketan haitzuloa nola eta nortzuk aurkitu zuten, Ekain hartu eta dekoratu zuten garaiko denbora eta espazio testuingurua edo horma-agerpenak dituzten Euskal Herriko gainontzeko haitzuloen, eta munduan paleolitiko garaiko labar-artearen zabalkundearen berri ematen da.
Ekain Abentura
Ekainberrik gure arbasorik urrunenen artelanetara hurbiltzeko aukera ematen du ere. Ekaingo kobazuloaren erreplikan duela 14.500-10.000 urteko gizakiek buruturiko margoen kopia zehatzak ikusi ahal dira, baina litekeena da bisitaria pertsona haien bizimoduan sakontzeko irrikarekin gelditzea.
Arkeologia esperimentalak geure eskuekin historiaurreko teknika desberdinak eraikitzeko eta Paleolitoan bizirik irauteak zituen zailtasunak ezagutzeko aukera ematen du. “Ekain abenturarekin”, horretarako egokituriko ehiza zirkuitu batean animalia desberdinak ehizatu ditzake bisitariak, hor guztia Sastarrain errekaren ibilbideak markaturiko inguru natural zoragarri batean lan eginez. Ibilbideak inguruko landaredia eta faunara hurbiltzeko aukera ere ematen du. Baina dena ez da ehizarekin amaitzen, margotzen eta sua egiten ere ikasten da, jainkoei ehiza oparoa eskatu behar baitzaie eta harrapakina sukaldatzeko sua prestatu behar baita.
Ekainberriko kanpalekua
Ekain Abenturaren luzapen logiko moduan, Ekainberri pareko zelaian historiaurrean bizirauteko teknika eta elementuak batzen dituen eremua sortu zen: Ekainberriko kanpalekua. Hainbat elementuz osatuta, bisitariek kobazuloen kanpoaldean zeuden espazioak ezagutu ditzakete: etxola, sua egiteko eremua, zaldi edo pottokak, ehizarako gunea… Ekain Abenturarekin egiten den modu berdinean, arkeologia esperimentalaz baliatzen gara bisitarien esperientzia ahalik eta osoena izan dadin. Honela, kanpaleku honetan uda partean eta eguraldiak lagundu egiten duenean historiaurreko bizirautearekin erlazionatutako jarduerak egiten dira.
Historiaurreko Dokumentazio Gunea
Paleolitoa, historiaurreko artea edo Euskal Herriko Historiaurrea sakontasun gehiagorekin ikertzeko jakin-mina duenak, Ekainberriko dokumentazio zentroan bisita gidatuko edo tailerretako edukiak aztertzeko aukera du. Euskal Herriko Labar Artearen Erakusketa Gelaren alde batean kokatuta, liburutegian Historiaurreari eta labar arteari buruzko material bibliografikoa aurkitu daiteke, baita hauekin lotutako beste gai batzuei buruzkoa ere, hala nola arkeologia edo giza eboluzioa.
Ekainberriko Eskaintza Didaktikoa
Ekainberrin hezkuntzako ziklo guztietarako ekintza bereziak daude. Txikienetatik hasita goi zikloetako ikasleetara. Beraientzako egindako programazio berezi honekin curriculumean dauden helburuak betetzeko hainbat eta hainbat erreminta jarri nahi dituzte eskura.
Modu berezi batean nabarmentzekoa da Zestoako ikastetxearekin egiten den “Zestoa ikertzen” programa. Programa honen bidez, Zestoako eta Arroako eskoletako ikasle bakoitzak lau urtetan zehar aztertuko ditu Zestoako Historiaren xehetasunak, beti ere modu arin eta dinamiko batean, jolasak eta jarduerak burutuz eta ondare elementuak lehen pertsonan ezagutuz.
Hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak
2018ko irailaren 11ean egiten ditu Ekainberri hamar urte zehatz. Hala ere, urte guztian zehar banatuko dira ospakizun honetarako ekitaldiak. Honetaz aparte, Ekainberriko logotipo ezagunari “gehigarri” bat egin zaio, hamar urte egiten ditugula ospatzeko.
Hemen ondoren aurkezten diren ekitaldiez gain, urtean zehar hainbat sorpresa emango dira ere.
2018ko lehenengo seihilekoan…
Zestoako herrigunean, urte guztian ikusgai egongo diren banderolak jarriko dira. Errepidetik, espaloitik… ikusi ahal izango dira kobazuloaren sakonean dauden margoak. Honekin, Zestoa ospakizunetara batu egingo da.
Otsaileko bigarren astean. Castellon-go probintzian dagoen Morella herrian ospatuko den mintegian parte hartuko du Ekainberrik. Arte labarreko eta kultur turismo gidentzako nazioarteko mintegi honetan, Ekainberrik bere lana eta esperientzia plazaratu eta azalduko du.
Otsailaren 18an, Ekainberrik, Kobaz Koba Trail mendi lasterketako antolakuntzan parte hartuko du. Zestoa inguruan dauden kobazuloetatik pasatzen den lasterketa hau historiaurrea eta arte labarra modu zuzenean ukitzen du eta Ekainberrik, noski, bere ukitua emango dio, izan ere, lasterketako bi kategoriek Ekaingo bi zonaldeen izenak dituzte: Zaldei eta Artzei.
Euskal kostaldeko Museoen hilabetea. Martxoan ospatzen den ekitaldi honetan, Euskal kostaldeko museo eta zentro desberdinak batzen dira. Ekainberrin, martxoko asteburu guztietan itsasoarekin erlazionatutako txoko eta tailer berezi bat egongo da. Nahiz eta Ekaingo margoen garaian, kostaldea urrutiago egon, garaiko gizakiaren bizitzan itsasoak garrantzi handia izan zuen.
Martxoaren 18an Euskal Herriko Kobazuloen elkartearekin, Lurpea, IX. Koben Eguna ospatuko da Ekainberrin ere. Helburu argia dute taldeko kobazulo denek, lurpeko bisitariari “seigarren kontinentea” deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz.
Martxoaren 15etik 18ra Europa osoko historiaurreko museo sare bat den Ice Age Europe taldeko urteko bilera Gipuzkoan egingo da. Ekainberrik eta Isturitzeko kobak anfitrioi moduan hartuko dituzte Alemania, Kroazia, Italia eta beste herrialde askotako ordezkariak eta Donostia, Irun, Zestoa… erakutsiko dizkiete bilera eta bilera artean.
2017ko apirilean, #IceAgeEuropeNow erakusketa ibiltariko bidaia hasi zen: erakusketak aurkikuntza liluragarriak, aparteko objektuak eta iraganeko eta gaur egungo 15 herrialdetako 15 kokapen baino gehiagoren arteko lotura harrigarriak aurkezten ditu. Erakusketa honek Europan dugun gure kultur ondare partekatuarekin eta gure sustrai komunekin bizitzera eta izotz aroaren ondarea zein den jakitera gonbidatzen zaitu. Alemaniako Neanderthal museo ospetsuan ospatu zen inaugurazioa. Han eta Kroazian, Italian eta Frantzian egon ondoren, Ekainberriren eskutik Donostian, Zuloaga Plazan, egongo da ikusgai 2018ko martxoaren 24tik maiatzaren 10era kaleko erakusketa.
Maiatzaren 18an Ekainberrik bat egingo du Nazioarteko Museoen Egunarekin. Horretarako programazio berezia prestatuko du egun horretarako.
Ekainean, uda garaiaren hasierarekin batera, Ekainberriko pareko zelaian bere historiaurreko kanpalekua inauguratuko du. Orain arte oreinak eta zaldiak izan dituen zelaia berpiztu eta historiaurreko garaietara bidaiatuko du.
Ekainaren 6an, Ekainberrik Nazioarteko Koben Egunarekin bat egingo du. Ekainberrik lehendabiziko aldiz ospatuko du mundu mailako egun honetan.
Ekainen (data zehazteke) duela 14.000 urte gure arbasoak nola bizi ziren irudikatzeko aitzakia paregabea eskainiko du IX. Ekainfest jaialdiak. Sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada izango da, eta, nola ez, urtero ospatzen diren Historiaurreko Olinpiadak ere izango dira.
2018ko bigarren hiruhilekoan…
Uztailaren 7an, Ekainberrin Ekain Gizateriaren Ondare izendatua izan zeneko hamargarren urteurrena ere ospatuko da. Egun benetan berezia Ekain eta Ekainberrirentzat.
Uztailaren 20an, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barruan, Ekainberrik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuarekin batera, Europan dauden arte labarra duten haitzuloen lau errepliken ordezkariekin kongresu bat egingo du. Chauvet (Fra), Lascaux (Fra), Altamira eta Ekain dira mundu mailan koba erreplikak dituztenak. Bakoitzak beren sorrerarako izan duten esperientzia aurkeztuko du, kudeaketa modua eta museo ekipamendu gisa garatzeko era. Lau esperientzia desberdinen partekatzeak mota horretako ekipamenduen etorkizuneko garapenerako metodologiak eta esperientziak trukatzeko aukera emango du.
Irailaren 11a Ekainberriko urtebetetze eguna izango da. Egun honek programazio berezi bat izango du eta sorpresaz beteriko eguna izango da.
Urrian, eta urtero egin den moduan, Ekainberrik Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du. Gainera, 2018a Europako Kultur Ondarearen urtea izendatua izan da ere.
Azaroaren 16an Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunaren inguruan, Ekainberrik ospakizun berezia egingo du, izan ere, Ekain kategoria honen barruan sartu zeneko 10 urte egiten dira.
1645