Rafaela Romerok Azpeitia-Urrestilla bidegorri berria bisitatu du
Rafaela Romerok Azpeitia-Urrestilla bidegorri berria bisitatu du
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bizikleta eta oinezko bide horren % 75 finantzatu du. Eskualdeko herritarrek urteak eman dituzte bidegorri hori eskatzen.
Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, gaur goizean, Azpeitia eta Urrestilla auzoa lotzen dituen bidegorri berria bisitatu du, Azpeitiko alkate Nagore Alkortarekin batera. Herritarrek jada erabil dezakete bizikletarientzako eta oinezkoentzako bide berri hori.
Bidegorri berria 1.550 metro luze eta 3 metro zabal da, eta txirrindulariek eta oinezkoek batera erabil dezakete. Azpiegitura hori abian jarrita, eskualdeko biztanleen erreklamazio historiko bati erantzun zaio, eta aurrera egin da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako "Urola Ibarreko 5. ibilbidean" aurreikusitako jarduketetan. Inbertsioa guztira 1.108.000 eurokoa izan da; Mugikortasuneko Departamentuak zenbateko horren % 75 hartu bere gain hartu eta gainerakoa Azpeitiko Udalak ordaindu du.
Rafaela Romero diputatuak azpiegitura horiek finkatzearen eta indartzearen garrantzia nabarmendu du; izatez, “bereziki garrantzitsua da bizikletaren erabilera segurua eta jasangarria bultzatu behar dugun egungo testuinguruan, baita egungo osasun-egoerari erantzuteko ere”. Nabarmendu behar da bidegorri berri hori Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren parte dela, eta azken lau urteotan 13 milioi euro baino gehiago bideratu direla plan horretara. Bizikletarientzako eta oinezkoentzako azpiegitura garrantzitsu bat eraiki eta egituratu da, eta Gipuzkoan dagoeneko 353 kilometro ditu azpiegitura horrek. Horrez gain, azken urteotan nabarmen egin du gora bide horien erabilerak; 2019an 6 milioi erabiltzaile baino gehiago izan ziren, eta, Departamentuak adierazi duenez, azken hil hauetan % 56 egin du gora erabilerak.
Rafaela Romerok erakundeen arteko lankidetzaren emaitza ona azpimarratu du, aurreko legealdian hasitako proiektu bat amaitzea ahalbidetu duen heinean, eta eskerrak eman dizkio Azpeitiko alkateari akordioetara iristeko erakutsi duen prestutasunagatik eta gaitasunagatik. Aditzera eman duenez, “ekimen horien bidez bat egiten da herritarren beharrekin eta mugikortasun jasangarriaren aldeko gure apustu estrategikoarekin; izatez, lurraldearekin eta pertsonen osasunarekin eta bizi-kalitatearekin arduratsuak diren joan-etorriak ahalbidetzen ditu, bai aisialdirako, bai gure mugikortasunean integratutako eguneroko aukera gisa”.
Bestalde, gaur egun, COVID-19ak sortutako krisialdiak bizikleta bihurtu du ibilgailurik seguruen eta praktikoen; gainera, pertsona guztientzat eskuragarriena da, bereziki pertsona zaurgarrienentzat.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Azpeitia eta Urrestilla lotzen dituen bidegorria herriko bidegorri sarea osatzeko pauso garrantzitsua izan dela azpimarratu du: “Bidegorri honek herritar askoren mugikortasun ohiturak aldatzea ekarri du. Bidegorria bukatu zenetik herritar asko eta asko dira oinez zein bizikletaz mugitzen direnak bi guneen artean, eta herritarren paseorako gune natural bilakatu da hilabete gutxian bidegorria. Bizi dugun egoera berezi honetan, gainera, espazio berdeen eta paseorako guneen beharrari erantzuteko azpiegitura bilakatu da”.
Gaur gertuago dago Azpeitia Urrestillatik duela urtebete baino; hori ekarri du bidegorriak. Hori mugikor jasangarriaren ikuspegitik oso positiboa da azpeitiarrentzat.
Bidegorria egiteko ezinbestekoa izan den Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana ere balioan jarri nahi izan du Alkortak: “Erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da herritarren beharrei erantzun egokia emateko, eta kasu honetan, eskerrak eman nahi dizkiot mugikortasun sailari”, gaineratu du.
1725