Rafaela Romerok Gipuzkoako pertsona guztiak konektatuko dituzten mugikortasun eta lurralde antolakuntza iraunkorren alde eguten du
Rafaela Romerok Gipuzkoako pertsona guztiak konektatuko dituzten mugikortasun eta lurralde antolakuntza iraunkorren alde eguten du
Rafaela Romerok Gipuzkoako pertsona guztiak konektatuko dituzten mugikortasun eta lurralde antolakuntza iraunkorren alde eguten du
Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuko foru-diputatu Rafaela Romerok esan du legealdi honetan “Gipuzkoa iraunkor batean pertsonak konektatuak egotea” ahalbidetuko duten baliabideak ziurtatzeko lan egingo duela.
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuko foru-diputatu Rafaela Romerok, gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzordean egin du agerraldia legealdi honetarako bere departamentuaren jarduketa-ildoak partekatzeko asmoz.
Romerok bere departamentuaren ildo estrategikoak lau ardatz nagusitan finkatu ditu:
- Mugikortasun iraunkorra sustatzea, garraio publikoa erabiltzea eta intermodalitatea Gipuzkoan.
- Mugikortasuneko eta intermodalitateko proiektu estrategikoak abian jartzea.
- Pasaiako Portuaren eta Pasaialdearen berroneratze integralean aurrera egitea. Departamentuaren apustu nagusia da.
- Gipuzkoako Hiri Agenda lantzea.
Azpimarratu duenaren arabera, mugikortasuna antolatzen dugun edo lurraldea ordenatzen dugun modua "oso lotua dago lurraldea pertsonen beharren zerbitzura egotea nahi dugun moduarekin; eta guk pertsonak ardatz hartzen dituen Gipuzkoa nahi dugu eta horretan sinesten dugu”. Azaldu duenez, gizarte-mailako eskerekin ahalik eta koherentzia handiena bilatuz eta bere proiektuak sustatzeko konpromisoa hartu duen baloreekin —gizarte-kohesioa, oreka eta iraunkortasuna maila guztietan— bat etorriz burutuko du antolakuntza hori.
Halaber, Rafaela Romerok azpimarratu du bere departamentuak arreta berezia emango diela premia handiena dutenei, “mugikortasuneko eta antolamenduko politiken bidez, guztiek lekua izango duten gizarte barneratzaile bat eraikitzen ere lagundu dezakegulako. Eta politika horiek gauzatuko ditugu gure gizarte-ereduan ditugun desparekotasun sozialei, ekonomikoei edo generoaren ingurukoei arreta emateko ahalegin aktiboa eginez. Pertsonak oinarri hartzen dituen Gipuzkoa bat nahi dugulako eta horretan sinesten dugulako. Ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloetan Gipuzkoa iraunkor batean konektatutako pertsonak”.
2019-2023 eperako Mugikortasunaren arloko erronken artean, diputatuak Mugikortasun Iraunkorreko Plan bat garatzea azpimarratu du. Plan horren bidez, iraunkortasuneko helburua lortzeko udalerrientzako jarduketa-esparru komun bat ahalbidetu behar da eta jardunbide egokien gida bat eskaini behar da. Halaber, garraio publikoaren erabilera sustatuko da, finantziazioaren arlotik ekintzak burutzea ziurtatuz, eta “aurrekontuak iristen ez diren lekuetan, beste bide batzuk bilatu eta aztertuko ditugu, adibidez, salgaien garraioaren ibilgailu astunen kargen bidez bildutako diruaren portzentaje bat iraunkortasuna sustatzen duten garraiobideak ordaintzeko erabiltzea".
Bestalde, legealdi honetan, MUGI sistemak hobetzen jarraituko du, bere tarifen politika gizarte-talde ahulenen beharretara egokitzea aztertuz eta sistema modernizatuz, gailu mugikorren bidez MUGI txartela modu eskuragarriagoan eta erosoagoan erabili ahal izateko. Hori guztia, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) baitan erabakiak hartuz.
Halaber, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana aztertuko da, bizikleta eguneroko garraiobide iraunkor eta osasuntsu gisa erabiltzea sustatzeko. Era berean, mugikortasuneko eta intermodalitateko proiektu estrategikoak —Donostialdeko Topoa/Metroa, Loiolako Erriberetako aldageltokia— aztertuko dira, baita Mugikortasun berdinzale eta inklusiboko proiektuak eta Mugikortasun elektrikoko proiektuak ere, Romerok aipatzen duen moduan, “gure eskuduntzen esparruan, Eusko Legebiltzarrean onartutako energia-iraunkortasunaren aldeko konpromiso irmo batekin”.
Pasaia berroneratzea
Lurralde Antolakuntzari dagokionez, Pasaiako portuaren eta Pasaialdearen berroneratze integralak departamentuaren erronka handiena izaten jarraitzen du. Aurreko legealdian ingurune horretarako planifikatutakoaren inguruko lehen emaitzak ikusten hasi ziren eta, orain, prozesua bere fase garrantzitsuenean sartuko da, Hospitalilloko aparkalekua eta Adinberri zentroa eraikitzeko lanekin, Trintxerpeko kaia eta bere pasealekua birgaitzearekin, Pasaialdeko udalerriei diru-laguntzak emateko foru-linea berri bat ezarriz eta narriatuta dauden industria-eremuak berreskuratuz.
Era berean, Gipuzkoako Hiri Agenda bat sustatuko da. Agenda horren bitartez, hiri-plangintzari ekingo zaio, urbanismo inklusiboagoa eta berdinzaleagoa lantzeko biztanleen zahartzea eta beste kolektibo batzuk kontuan hartuz. Halaber, iraunkortasuneko legearekin bat etorriko den Aldundiko egoitzen plan egoki bat prestatuko da.
2039