Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Jaime de los Riosen Moving Pictures erakusketa Koldo Mitxelenan

Jaime de los Riosen Moving Pictures erakusketa Koldo Mitxelenan

Ikusgai egongo da Koldo Mitxelenaren Ganbaran otsailaren 15etik apirilaren 7ra.

2018/02/14

Donostian jaioa (1982), ARTEK[Lab] Arte eta Zientzia laborategi irekiaren sortzaile da, Arteleku sormenzentroan kokatutakoa. Sortzaile honen lan-ibilbidea diziplina horien eta sistematikaren arteko elkargunean dago, mekanismoen, erritmoen eta eredu naturalekin estu lotuta. Software eta hardware askean espezialista da, eta haren lanaren parte handi bat lankidetzazkoa da. Obren artean, inguru murgiltzaileak aurkitzen ditugu, baita jarrera naturala eta konputazionala lotzen dituzten bestelako dinamikak ere. 2010ean, Artista Berriak saria jaso zuen, eta 2012an Gipuzkoako Foru Aldundiak beka eman zion, teknologia berriekin garatutako instalazioengatik. Azken urteotan, Jaime ArtFutura zentroaren zuzendari eta koordinatzaile ere izan da, eta, bertan, erakusketak egiteaz gain, nazioarteko artistak sustatu ditu. 

Moving Pictures. Jaime de los Ríos

"Pertzepzio egintza oro nolabaiteko sorkuntza egintza da, eta memoria egintza oro, nolabait ere, irudimen egintza da". Gerald M. Edelman

Beti egin izan dut lan hizkuntza ez semantikoaren arloan. Forma liberatzea bilatzen dut, esanahiaz eta tradizio sinbolikoaz harago. Moving Pictures nire obra muturrekoena da, eta, aldi berean, nire azken kezka ongien islatzen duena: kontenplazio ariketaren bidez, gure munduarekiko esperientziarako leiho bat lortzea, eta geure burua irudiek duten inposizio subjektibatzailetik salbuestea.

Moving Pictures sistema bat da, irudiari tresnaren, artefaktu kulturalaren estatusa ematen diona. Argi naturalaren bidez egia bilatzen duen kontzeptu protokonstruktibista berreskuratzeko saiakera bat da, azalpen filosofiko bat, zeinak azaltzen duen nola arrazoiak –beste esanahi batzuk bilatu gabe edo bere argumentuak pentsalari klasikoei edo beste kontakizun batzuei eman izan zaien autoritatean oinarritu gabe– egia bilatzeko eta aurkitzeko aukera eskaintzen digun, norberarena den argia soilik baliatuz: pentsatzeko eta existitzeko askatasuna.  Descartesen ideiak, sakona eta ahantzia, bat egiten du gizarteak saturazio bisuala eta gehiegizko informazioa jasaten dituen garai honetan nik daukadan egikerarekin; horregatik eskatzen du proposatutako singulartasuna.

Obra handi honek, erreproduzigarritasun algoritmikoaren aroan, mihise handietarantz eginiko bilakaera ironiko bat aurkezten du, espresio piktorikoaren obra gailenak gogoratuz, zeina lantzen baita soluzio infinituko abstrakzio konputazional autopoietiko baten bidez. Haren materialtasunak hedatu, kolapsatu eta berriro orekatzen den sistema batean du jatorria. Igarotze hori bilaketa etengabe bat da, prozesu pertsonal bat, bisitariekin partekatu nahi dudana mugimenduan dauden koadro hauetan, etengabe aldatzen ari diren mihiseetan. Inoiz, behatzearen intimitatean, bat egiten dut Moneten pintzelkadarekin, eta, beste batzuetan, Turnerren handitasunarekin; baina, aldizka, Zobelen argia ere aurkitu izan dut. Abentura partikular honek pasio handi baterantz eraman nau: pinturarantz. Gonbit egiten dizuet zorian eta ametsetan oinarritutako hurbilketa psikoanalitiko bat egitera, igerian dabilena enigma irrazional batean, adimenik gabeko eremu batean, irudimenarenean.

“Bigarren izaera” hori, materialtasun digitalekoa, gure aurrean garatzen da ia esploratu gabeko baina eguneroko geruza bat bailitzan, eta haren sortzailetasuna modu bat da (edo izan daiteke) arteak gainera datorkigun mundu postgizatiar ausart honi aurre egiteko.

Horretarako sortu dut liburu-eskultura honetan honako artefaktu hau:

Hiru dado, zorizko joko geometriko bat, lehen ariketa konbinatorioa eta, horiekin batera, objektu konputazional bat, solido platoniko bat, zeinak konbinazio posibleen gaineko botere jakin bat ematen baitigu, eta iradokiz gonbidatzen baikaitu horiek eraikitzera eta pentsatzera. Pintura digitalaren bi dimentsioko infinituaren hiru une dira, tolestutakoan hirugarren dimentsio bat hartzen dutenak, eta denbora ordezten dutenak orain, erakusketa espazioan.

 

  

1735