Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria

Lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpen joria aitortuko diote, irailaren 12an Hendaian egingo den ekitaldian.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorika


Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslari oñatiarrak jasoko du aurtengo Abadia Saria, datorren irailaren 12an Hendaiako Abadia jauregian (Lapurdi) bertan egingo den ekitaldi batean. Kantagile oñatiarrak dagoeneko lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpen joria aitortuko dute horrela. “Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari”, nabarmendu du Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. 

“Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari. Bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu ditu, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean aritu da, literatura eta artearekiko zubiak landu ditu eta hainbat eta hainbat kultur ekimenetan parte hartu du”, azaldu du Mendizabalek. Gaineratu duenez, plazaratu dituen “proposamen esanguratsu eta berritzaileek, lan guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak”, euskaldunon azken hamarkadetako kultur “erreferentzia nagusien” artean kokatzen dute Ruper Ordorika.

Hori guztia dela eta, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen “jori eta agortezinagatik”, Abadia Saria Ruper Ordorikari ematea proposatu du Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak eta hala berretsi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak. Saria emateko ekitaldia datorren irailaren 12an egingo da Hendaiako Abadia jauregian bertan, sariari izena ematen dion zientzialari eta euskararen sustatzailearen omenez.

Ruper Ordorika Ezkurdia Oñatin jaio zen 1956.ean. Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan, horien artean nagusiena Pott Bandaren sorreran, gerora kantariaren ibilbidean garrantzia handia edukiko zuena. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde.

Hautsi da anphora (Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak dagoeneko oso kritika onak lortu zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren Etiopia (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hau. Ordutik diskografia zabala eta anitza ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean. 

Eredu adierazgarriak

Mendizabalek jakinarazi duenez, aurtengo edizio honetan etapa berri bat hasiko du Abadia Sariak, beti ere sariari berari –eta, beraz, saritzen diren balioei– nahiz haren errekonozimendu publikoari garrantzia eta gogo berri bat eman asmoz. Izan ere, datorren urtean 25 edizio beteko ditu sari honek –Ordorikari emango zaionarekin, dagoeneko 24 aldiz banatu da–. Etapa berri horrek Abadia Saria are eta gehiago prestigiatzea eta garrantzia instituzional handiagoa ematea izango du xede. “Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntza berari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak eskaintzen dizkiogu”, aipatu du Mendizabalek. Dagoeneko ideia edo jomuga berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari da Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza. 

Anton Abadia Urrustoik euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpen nabarmena kontuan hartuta, haren izena aukeratu zuen 1996an Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko saria ezartzeko garaian. Halaxe sortu zen Abadia saria, harrezkero bi urtean behin edo urtero eman izan dena. Arrasate Euskaldun Dezagun, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola edota Arantxa Urretabizkaia dira saria merezimendu osoz jaso duten izen ezagunetako batzuk. Azken bi edizioetan, berriz, Fagor Taldea eta Garabide elkarteak euskararen alde egindako lana izan dira aitortuak. Gainera, Abadia saria emateko ekitaldia euskararen alorreko elkarte eta eragileren topalekua ere izan da, urte hauetan guztietan.

  

11933