Salto Systems-en “enpresa-kultura” eta “hazkunderako gaitasuna” nabarmendu ditu Diputatu Nagusiak
Salto Systems-en “enpresa-kultura” eta “hazkunderako gaitasuna” nabarmendu ditu Diputatu Nagusiak
Eider Mendoza enpresako lan-taldearekin bildu da, Adegiren eskutik antolatutako Gipuzkoako sektore ekonomiko ezberdinetako konpainia adierazgarrien bisita errondaren barruan.
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak Salto Systems enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur. Enpresa gipuzkoarra punta-puntakoa da eta nazioarteko erreferentea sarraila elektronikoen sektorean. Bisita Aldundia garatzen ari den agenda ekonomikoaren parte da, eta, zehazkiago, Adegiren eskutik antolatutako errondaren parte, lurraldeko ehun ekonomikoko hainbat sektoretako konpainia adierazgarrien errealitatea eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara ezagutzeko, Aldundiak joan den hilean aurkeztutako Plan Estrategikoa haiekin partekatzeko eta legegintzaldi honetako jarduera ekonomikoari laguntzeko politiken oinarriak finkatzeko helburuarekin.
Mendozak eta Insaustik, Eduardo Junkera Adegiko presidentearekin batera, lan-bilera bat izan dute Salto Systemseko zuzendaritza-taldearekin, Javier Roquero sortzailekidea eta CEO buru dituela. Marc Gomez hartuko du haren lekukoa aste gutxi barru. 2001ean Irunen sortua, Salto Systems nazioartean sarbide elektronikoak kontrolatzeko teknologiaren merkatuko marka nagusietako bat da, eta soluzio berritzaileak garatu ditu, hala nola aplikazio mugikorrak, giltza digitala edo hodeiko sarbideen kontrola, eta estandar berriak ezarri ditu segurtasunaren, babesaren eta efizientziaren arloan instalazioen kudeaketan.
1.700 pertsonak lan egiten dute mundu osoan taldearentzat, eta duela gutxi Salto Wecosystem nortasun berria estreinatu du, bere jarduera-eremu nagusiei dagozkien hiru markak barne hartuta: Gantner (sarraila elektronikoen soluzioak eta bere softwarea), Salto (sarbideak kontrolatzeko sistema elektronikoak) eta Vintia (ticketing-soluzioak, erreserbak eta 'cashless payments'). 40 herrialdetan ditu bulegoak, munduko eskualde guztietara hedatzen den ‘partner’ sare batekin.
Eider Mendozak konpainiaren ibilbidearen bi ezaugarri nabarmendu ditu, bere “izaera berritzaileaz gain”: “Lehenik eta behin, pertsona ardatz duen enpresa-kulturaren adibidea da, horizontala, malgua, langileen inplikazioa eta motibazioa sustatzen dituena eta prestakuntza, kontziliazioa, giro ona eta lurraldearekiko konpromiso sozial eta ekonomikoa zaintzen dituena”. Horren lekuko, 2022an Arizmendiarrieta Euskadi Saria jaso zuen, Arizmendiarrieta Fundazioak eredu inklusibo-parte-hartzailea kudeatzeko balioak eta praktikak aplikatzean nabarmentzen diren enpresei ematen diena.
Bigarrenik, diputatu nagusiak azpimarratu du “hazteko orduan anbizio handikoa” izan den enpresa fisiko bat dela, “nazioartean beste enpresak erosiz eta finantza-kultura ireki baten bidez, baina errotzeari eta erabaki estrategikoen gaineko kontrolari muzin egin gabe. Tamaina irabazten jakin du eta ondo egiten jakin du. Ildo horretan jarraitu beharreko bidea markatzen duela uste dugu, ETEen lurraldea garelako eta ekonomikoki lehiakorrak izaten jarraitzeko daukagun erronketako bat gure enpresa-proiektuak arrakastaz eskalatzea delako”, amaitu du.
1536