Santa Ageda 2025: Bidaia bat gure sustraietara, musika, kantua eta tradizioa lagun, Gipuzkoan
Volver Santa Ageda 2025: Bidaia bat gure sustraietara, musika, kantua eta tradizioa lagun, Gipuzkoan
Santa Ageda 2025: Bidaia bat gure sustraietara, musika, kantua eta tradizioa lagun, Gipuzkoan
Gaur goizean, Gipuzkoako tradiziorik errotuenetako bat den Santa Ageda eguna ospatzeko programatu diren jarduerak aurkeztu dira Gipuzkoako Foru Jauregian.

Prentsaurrekoan, Goizane Álvarez Irijoa Kulturako diputatuak eta hainbat kultura- eta musika-erakundetako ordezkariek hartu dute parte. Bertan izan dira Andoitz, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ordezkaria; Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidentea; Mª Jose Gaztelumendi, Euskal Herriko Txistulari Elkarteatik, Beñat Azaldegi, Gipuzkoako Bertsolari Elkartearen ordezkaria; Orkatz Arbelaitz Soinueneakoa; Xabier Mendizabal, Dantzarien Biltzarreko presidentea eta Xabier Kerexeta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etnografia teknikaria.
Santa Ageda bezpera egunean, otsailaren 4an, elementu erlijioso, kultural eta komunitarioek bat egiten dute. Sinbolismoz beteriko data bat da, kantuen, ahozko tradizioaren eta erritu kolektiboen bidez lotura sozialak eta komunitarioak indartzen dituen jai bat.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak Gipuzkoako ondare immaterialaren aberastasuna nabarmendu du, bai eta tradizio horiek bizirik mantentzeko lan egiten duten kultura-elkarteekin lankidetza estuan aritzearen garrantzia ere: «Santa Agedaren ospakizuna gure ondare immaterialaren balio izugarriaren adibide bat da, musika, kantua, ahozko tradizioa eta erritu kolektiboak biltzen baititu. Kultura-adierazpide horiek gure sustraietara lotzen gaituzte eta komunitatearekiko harremana indartzen dute. Era berean, gogorarazten digute garrantzitsua dela batera lan egitea horiek belaunaldi berriei transmititzen zaizkiela bermatzeko».
Era berean, Álvarezek adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarteekin batera lan egiteko konpromisoa duela; besteak beste, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, Gipuzkoako Bertsolari Elkartea, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa, Soinuenea, Giopuzkoako Dantzarien Biltzarra, Eresbil, Gertu Kultura eta beste zenbait elkarterekin: «Haien ahalegin eta dedikaziorik gabe, tradizio horietako askok beren funtsa eta indarra galduko lukete. Funtsezkoa da ekimen horiek babesten eta sustatzen jarraitzea, gure kultura- eta gizarte-nortasunaren parte baitira».
Bestalde, GFAko Kultura Departamentuko Ondare teknikari den Xabier Kerexetak honako hau adierazi du: «Santa Ageda eguna adibide bat da, erakusten duena nola tokiko tradizioek garai berrietara egokitzen eta beren funtsa mantentzen jakin duten. Ondare bizi bat da, belaunaldiak lotzen dituena eta gure gizartearen loturak indartzen dituena».
Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidenteak esan duenez “argi dago kantua eta gehien bat koruak protagonistak direla Santa Ageda bezperako errituan. Halako tradizioek, euskaldunei, gure sustraiekin lotura sakon bat gogorarazten digute eta adierazten digute zein garen eta zerk ematen digun nortasuna; lotura eginez aintzineko sentierarekin eta bizitzeko era batekin. Aldi berean kantu korala garrantzizko leku batean kokatzen du, merezi duen lekua: ahotsak, hitzak, abesteak eta batez ere taldean abesteak duen indarra eta boterea azpimarratzen duelako. Aurten ez dugu denbora asko izan artikulatzeko beste kolektiboekin estrategia amankomun bat, eta egin dugun ahalegina xumea izan da: gure web orrian Santa Ageda bezperan ospatzen diren lekuak mapa batean biltzea. Datozen urtetarako Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa prest dago jarraitzeko mapa eta informazio hau osatzen, baita tradizio hau indartzeko hemen daude beste talderekin batera ere.”
Orkatz Arbelaitz, Soinueneakoko ordezkariak aipatu duenez “Aitzakia ona da herritarren arteko harremanak giro alaian sendotzeko. Elkartzen diren guztien artean kantari eta makilak astinduz partekatzen duten esperientzia kontsumo hutsera mugatzen ez den festa alaia da; zenbaitetan, eguraldiaren arabera, epikoa ere izan daitekeena.”
Xabier Mendizabal, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko presidenteak azpimarratu du, “Gipuzkoako eta Euskal Herriko dantza taldeok, dantzak zabaltzeaz gain, betidanik gure ohiturak eta folklorea bultzatu egin dugula. Hauen artean, herri ezberdinetako kultur taldeekin batera, hainbat herri ekintza burutu ditugu. Hauen artean, Santa Ageda bezperako koplak. Non gure dantza taldeen eta dantzarien parte-hartzea beti zabala izan da".
Eduardo Conde, Txistulari Elkaertako koordinatzaileak esan duenez “Txistulari Elkartean interesa piztu duen gaia izan da Agate Deunaren trazidioarena, esaterako: Artikuluak behin baino gehiagotan idatzi izan dira "Txistulari" aldizkarian, lehena 1933an Jose Ariztimuño "Aitzol" zenak berak idatzitakoa. Koplen musikaren txisturako harmonizazioa ere argitaratu zen 1957ko 12 zenbakidun "Txistulari" aldizkarian. Luis Urteagaren partitura hain zuzen ere. Aurten abiatu den orain aurkezten ari den jarduera honekin aukera polita dugu txistulariok ere elkarlan honetan parte hartuz gure musika, gure kultura eta euskara bultzatzen laguntzeko”.
Eta azkenik Gertu Kulturako kidean den Amaiak adierazi du "ekimen honekin bat egiten dugu Gipuzkoako kultura-ondare immaterialari balioa emateko eta gizarte-aniztasuna ulertuz egingo dugu".
Santa Agedako tradizioa
Ospakizunaren une nagusia jaiaren bezperan izaten da, otsailaren 4an. Gau horretan, kantari-taldeak, «Santa Ageda abeslariak» izenekoak, kale, plaza eta baserrietan barrena ibiltzen dira, kopla tradizionalak kantatzen. Lurra erritmikoki kolpatzen duten makilekin, parte-hartzaileek emankortasunaren antzinako errituak gogoratzen dituzte, eta oparotasuna, osasuna eta elkartasuna eskatzen.
Makilek sinbolismo sakona daukate: lurra kolpatzen da hura «esnatzeko» negu betean, denak lo dirudien garaian, udaberria eta emankortasuna indartsu etor daitezen. Erritu-elementu horrek nekazaritza-zikloari eta naturari lotutako antzinako ohitura paganoekin lotzen du Santa Agedako kristau-tradizioa.
Nor izan zen Santa Ageda?
Santa Ageda kristau-martiria izan zen, III. mendekoa, Sizilian jaioa. Tradizioaren arabera, torturatu egin zuten eta bularrak anputatu zizkioten fedeari uko egin eta kontsul erromatar batekin ezkontzeari uko egin ziolako. Martirio horrek Santa Ageda emakumeen erresistentziaren, emakumeen kemenaren eta babesaren sinbolo bihurtu zuen. Euskal Herrian, Santa Ageda figura berezia bihurtu da, kristau-fedearekin ez ezik, emankortasunarekin, lurrarekin eta komunitatearekin ere lotua.
Mendeetan zehar, jai santua ohoratzeko ez ezik, gizarte-kohesioa indartzeko ere balio izan du, batez ere landa-eremuetan, non kantuak eta baserrietako ibilbideak komunitatea eta tradizioak bizirik mantentzeko modu bat baitziren.
Jatorria eta sinbolismoa
Santa Ageda eguna neguko tradizioen ziklo zabalago baten barruan sartzen da; Kandelario eguna eta San Blas ere haren inguruan ospatzen dira, adibidez. Jai horiek negutik udaberrirako trantsizioa islatzen dute, eta elementu komunak partekatzen dituzte: argia (Kandelario eguna), osasuna (San Blas) eta emankortasuna eta birsortzea (Santa Ageda).
Kalean barrena taldean abestuz ibiltzeak sustrai sakonak ditu euskal folklorean. Babesa eta oparotasuna eskatzeko modu bat izateaz gain, herrien eta auzoen nortasun kolektiboa indartzen du. Iraganean, tradizio horren protagonista gehienak gizon gazteak izaten ziren. Hala ere, denbora igaro ahala, emakumeek rol aktiboa berreskuratu dute ospakizun horietan, berdintasunez parte hartuz eta espazio publikoan egotea aldarrikatuz.
Gipuzkoan programatutako jarduerak
Hona hemen Gipuzkoan Santa Ageda jaiaz gozatzeko aukera eskainiko duten zenbait herritako programak. Jarduera ugari izango dira lurraldeko 20 udalerritan baino gehiagotan. Esteka honetan duzue informazio gehiago: https://gaf.eus/ekintzak/santa-ageda/
- Antzuola: Txistularien, tokiko abesbatzaren eta Anelkar GKE taldearen emanaldiak 19:00etan. Bildutakoa proiektu solidarioetara bideratuko da.
- Arrasate: 08:00etatik aurrera, Santa Agedako kantariak baserrietan barrena ibiliko dira, eta herrigunean eta udaletxean bukatuko dute 14:00ak inguruan.
- Zestoa: Kantariak eta bertsolariak erdiguneko eta inguruko baserrietan ibiliko dira, musika tradizionalaz lagunduta.
- Elgoibar: Familiako eta eskolako abesbatzekin hiru ibilbide egingo dituzte baserrietan goizez eta arratsaldez.
- Zarautz: Tokiko abesbatzak eta eskola-taldeak egun osoan arituko dira, eta Txinpirin, Zarautz eta Zarazte abesbatzen emanaldiekin amaituko da eguna.
- Mendaro: Santa Ageda bezperan, herriko talde batek kalejira bat antolatzen du udalerrian zehar.
- Aretxabaleta: 2002an, tokiko ohitura bat dokumentatu zen; gazteak ekainaren 23an (San Joan bezperan) hasten ziren kantuan, eta abesten jarraitzen zuten Santa Ageda bezperan, Santa Ageda egunean eta Inauterietako igandeetan, Inauterietako asteartean «sardina erretzearekin» amaitzen zuten arte.
- Segura: Kultura-elkarte batek koordinatuta, tokiko bi bertsolarik edo gonbidatuk parte hartzen dute normalean.
- Gabiria: Zenbait kuadrillak bertsoak abesten dituzte, hala nola eskola-taldeek edo Osinalde elkarteak.
- Azkoitia: Hainbat ikastetxek parte hartzen dute. Bizilore (San Martin): 13:00-14:00 bitartean. Floreaga Salesiar Ikastetxea: 11:00-12:00, herrigunean eta udaletxean. Xabier Munibe Ikastola: 10:00etatik 12:00etara, hainbat lekutan. Azkoitia BHI: 9:00-13:30, ikastetxean eta udaletxean.
- Asteasu: Goizean, Pello Errota eskolako LH5 eta LH6ko ikasleak baserriz baserri ibiltzen dira. Arratsaldean, 16:00etan, Usarrabi Kantu Taldea eta bertako musikariak plazatik aterako dira.
- Ataun: Ohitura denez, kuadrilla bat, etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen da, makilak eskuan hartuta. Amaitzean, afari herrikoi bat egiten dute. Aldaketa kopletan: Duela 10 urte aldatu zituzten, Martin Aramendiren lanari esker, erreferentzia erlijiosoak eta hierarkikoak ezabatzeko.
- Soraluze: Otsailaren 1ean. Santa Eskea baserriz baserri, bertsolariekin eta musikariekin. Otsailaren 4an, arratsaldez, musika-eskolak eta bertsolariak herrigunean ibiltzen dira. 18:00etan txistulariak eta Ezoziko Ama Abesbatza izango dira.
- Errenteria: Santa Ageda bezperan, Ereintza elkarteko gizon eta emakume taldea ateratzen da urtero koplak kantatuz. Beraiekin batera elkarteko txistulari taldea joaten bidean zehar biribilketak joaz. Herriko hainbat lekutan eta tabernetan kantatzen da, urtean zehar herrian gertatutako gai garrantzitsuenak aipatuz. Ondorioz, bertso sorta berriak urtero egiten dira.
9331