Sarbide berri batek 27 poligonoko eta Martuteneko trafikoa arinduko du
Sarbide berri batek 27 poligonoko eta Martuteneko trafikoa arinduko du
Donostiako eta Astigarragako udalen eskaria aintzat hartuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune erdi berri bat egiteko proiektua idatziko du, Bidebitarteko biribilguneko mugimenduak ahalbidetzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako eta Astigarragako udalen eskaria aintzat hartuz, lizitaziora aterako ditu 27 poligonoa Astigarragako Bidebitarteko biribilgunearekin lotuko lukeen lotune erdi berriaren proiektua idazteko lanak. Lotura berri horri esker, nabarmen arinduko da 27 poligonoko eta Martuteneko biribilguneko trafikoa. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek aurreratu duenez, “27 poligonoa industria eremu handi bat da, eta gaur egun sarbide bakarra du GI-40ko biribilgune batetik. Sarbide hori nahikoa izan zitekeen diseinatu zenean, baina gaitasun mugatua du orain. Hori dela eta, pilaketak izaten dira egunero, poligonora sartzeko nahiz handik irteteko”.
Martutene-Garbera eta Martutene-ospitaleak-Donostiako saihesbidea loturak eraiki ondoren, GI-40 izeneko ingurabide berria sortu zen, eta poligonora sartzeko biribilgunearen bidez ematen dio zerbitzu eskualdeari. Ondorioz, trafikoa nabarmen hazi da azken urteetan. “Sarbide berri horri esker, gaitasun handiko errepide sarerako ia zuzeneko lotura eginda, biribilguneak gaur egun duen trafiko eskaria murriztu egingo da funtsean, eta horrek nabarmen hobetuko ditu GI-40 errepideko zirkulazio baldintzak eta arintasuna”, azaldu du Oiarbidek.
Donostiako alkate Eneko Goia, berriz, pozik agertu da lotune erdi berria eraikiko delako. Alkatearen iritziz, biribilgunea asko erabiltzen da bai poligonoari zerbitzua emateko, bai eta hiriko beste puntu batzuetara jotzeko ere. Beraz, proiektu berri hau "erabilgarri egiteak poligonorako sarbidea eta bigarren mailako trafikoa hobetzen lagunduko du; hori hobekuntza nabarmena izango da puntu arazotsu batean eta, hedaduraz, onura ekarriko die hirirako beste sarbide batzuei ere”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean lotura erdi bat egiteko asmoa du, zeinak ahalbidetuko baititu Astigarragako Bidebitarteko biribilgunerako eta handik kanporako mugimenduak. Hartara, bigarren ingurabidetik, Urumearen korridoretik edo GI-2132 errepidetik Bidebitarteko biribilgunera iritsiko lirateke ibilgailuak, eta handik lotura erdia hartuko lukete poligonora sartzeko. Irteteko noranzkoan ere berbera da ibilbidea: lotune erditik Bidebitarteraino iritsiko litzateke, eta, handik, erraztasun handiz, gaitasun handiko sarera.
Lotune erditik eraikiko den bide berria Petritegiko bidearen gainetik igaroko da, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu, eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuarekin lotuko da. Astigarragako alkate Zorione Etxezarragak adierazi du lan horiek hobekuntza nabarmena ekarriko dietela 27 poligonoaren erabiltzaileei, ez baitute Martuteneko biribilgunetik pasatu beharko lanera iristeko edo handik ateratzeko, eta, beraz, denbora aurreztuko baitute.
“Proiektu garrantzitsua da, bai ekonomikoki, bai eta poligonora bertan eta Martuteneko biribilgunean eragingo dituen hobekuntzengatik ere”, azpimarratu du Oiarbidek. Gaineratu duenez, “lotune berri honek eragin positiboa izango du trafikoan eta inguru horretako enpresen lehiakortasunean”.
Kalkuluen arabera, lotura berria 900 metro luze izango da, eta 60 bat metroko zubibide bat eraikitzea eskatuko du. Proiektua idazteko aurrekontua 120.000 eurokoa da eta epea, berriz, 5 hilabetekoa.
2427