Aldundiak eta Udalek Gipuzkoako kultur politikak ebaluatu dituzte
Aldundiak eta Udalek Gipuzkoako kultur politikak ebaluatu dituzte
Kultura Saretzen-eko Batzar Orokorra Pasaian
Kultur mezenasgoko foru-lege berria, KBulego zerbitzuaren lehen urtearen balorazioa eta Koldo Mitxelena Kulturuneko berrikuntza izan dira besteak beste, mintzagai.
Itxaso: “Eraldaketa, Partaidetza eta Berrikuntza dira kultur politika berriaren ardatzak”
Kultura Saretzen osatzen duten kulturako zinegotzi eta teknikoek urteko Batzar Orokorra egin dute Pasaiko Kultur-etxean Kultura Departamentuko arduradunekin Departamentuko kultur politika ebaluatzeko eta datozen urteko planak aztertzeko. Kultur mezenasgoko foru-lege berria, KBulego zerbitzuaren lehen urtearen balorazioa eta Koldo Mitxelena Kulturuneko berrikuntza izan dira besteak beste, mintzagai.Gipuzkoako Aldundiaren gidaritzapean sortutako Kultura Saretzen egitasmoaren helburu nagusia da ezagutzak eta baliabideak konpartitzea, elkarlanean eta sarean arituz.
Foru-arau berriaz hitz egiteko bileran Zerga eta Finantza Politikako Zuzendari den BIttori Zabala izan da. Arauak zerga pizgarri esanguratsuak aurreikusten ditu partikularrentzat PFEZren bidez, % 35 bitartekoak, eta enpresentzat Sozietateen gaineko Zergaren bidez, % 20 artekoa. Baina, gainera, artista eta sortzaileei egiten zaizkien donazioek ere –ez soilik erakunde publiko eta fundazioei– pizgarriak izango dituzte, hartara sorkuntza artistikoa sustatzeko eta finantzatzeko beste modurik ez duten pertsonei finantzaketa bideak zabaltzeko
Testuak abantaila horiek izango dituzten proiektu kulturalak mugatuko ditu, eta irizpide batzuk ezarriko dira horretarako: proiektuen eta ondare kultural material eta immaterialaren ikerketarako jardueren eragina; sorkuntza artistikoaren eragina; balioa, prestakuntza artistiko eta kulturalari dagokionez; balioa, herritarren partaidetzari dagokionez; interesa, Gipuzkoako balio artistiko eta kulturalak kanpoan sustatzeari dagokionez; interesa, ikerketa kulturalak egiteari eta jarrera ikertzaileari dagokionez. Eta kultura jardueren garrantzia eta eragin soziala. Arau berriarekin, Arte eta Kulturaren Kontseiluak zeregin gehiago izango ditu kultura proiektuen egokitasuna ebalua ditzan.
Itxasok adierazi duenez neurri honen helburua da sorkuntza artistikoa sustatzeko eta finantzatzeko beste modurik ez duten pertsonei finantzaketa bideak zabaltzea. “Izan ere, gure asmoa baita kultura behar bezala finantzatzea, donazioak modu erakargarrian saritzea eta herritarren protagonismoa areagotzea kultur proiektuak diseinatzeko orduan“.
KBulegoak 2017ko azaroan ireki zituen ateak. Bulego honek ekarri du Foru Aldundiak inplikazio jarraitu bat izatea laguntza eskaintzen dien kultura- eta sorkuntza-enpresak garatzeko prozesuan. Barne hartu du aholku ematea kulturaren alde lan egiten duten sortzaile, elkarte, erakunde eta enpresei, baldintzarik onenak sor daitezen sektore hori garatzeko. Horrez gain, Kultura Departamentuaren laguntza-programei buruzko informazioa ematen du eta baita beste erakundeena ere, eragileen arteko sareak eta hitzarmenak ezartzen lagunduz. Hori dela eta, ezinbestekoa da Udalek Kbulegoaren zerbitzua ebaluatzea, erakundeen arteko elkarlana estua, etengabea eta eraginkorra izan dadin.
Kbulegoak 300 tik gora erabiltzaile izan ditu. Azken hilabeteetan etengabe proiektu eta erabiltzaile berriak gerturatzen ari dira. Zerbilzua egonkortzen ari dela esan genezake. Askotariko perfila dute gerturatu diren pertsonek, profesionaletatik hasita amateurrak diren artista eta erabileenganaino. %60ª donostiarrak dira, nahiz eta azken hilabeteetan udalerrietako teknikariekin egindako harremana dela medio, lurraldeko beste lekuetatik erabiltzaileak ere badiren. Disziplinei dagokionez, %19ª bitartekaritzarekin loturiko zerbitzuak garatzen dituztenak dira, %17ª ikusikoekin loturikoak eta %14ª arte eszenikoetakoak eta musikarekin lotuak. 200etik gora diru-laguntza, beka, lehiaketa, egonaldi eta jaialdi aukeren berri ematen dute. Eskaera gehienak, %51ª diru laguntzei buruzkoak dira.
Koldo MItxelena Kulturunearen berrikuntzari dagokionez, Kulturako arduradunek partaidetza prozesuaren xehetasunak azaldu dizkiete. Entzute ariketa bat izan da, zentroaren berrikuntza eta modernizazioa egiterakoan erabiltzaileen eskaerei eta beharrizanei erantzunez egin behar baita.
Bada, baita ere, prozesu bat, kontuan hartu duena KM berriak datozen 25 urteotako erabiltzaileekin konektatu behar duela –horiek baitira gaurko gazteak–, eta haurrekin ere bai. Kolektibo horietan dago gakoa KMk jarrai dezan izaten zentro bizi bat, bere kultura-dinamizatzailearen zeregina mantenduko duena, baita bere bizitzako lehen 25 urteetan mantendu duen izaera aitzindaria ere.
Itxasoren arabera, “etengabe garatzen ari garen hausnarketa baten ondorioa dira ezarri ditugun politikak sortzaileen, entitateen eta oro har Gipuzkoako gizartearen eskaera, testuinguru eta behar berriei erantzunak emateko. Egindako kudeaketa hiru ardatzetan datza: Eraldaketa, Partaidetza eta Berrikuntza, eta ardatz horiek Gipuzkoarako kultura politika berri baterako oinarriak jarri dituzte, zeinak horiek ere oinarritzen baitira, besteak beste, elementu hauetan: KBulegoa, Elías Querejeta Zine Eskola (EQZE), Koldo Mitxelena Kulturunea liburutegia berritzea, Komunikazio digitala indartzea, Gordailua sendotzea Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentro bezala eta lurraldeko paisaia museistikoari dagokionez, Untzi Museoa birdefinitzea (Euskadiko Itsas Museo berria), Indartzea, funtsen digitalizazioaren bidez, eta jendaurrean jarrita, Gipuzkoako Artxibategi Nagusia eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibategi Historikoa, eta talentuak sustatzeko proiektuak: Kultur Dealers, Meta, Katapulta, Lokal art pareta eta Izango Zara talentuaren aldeko bekak.
1421