Gipuzkoak Espainiako eleaniztasunari buruzko V. mintegi diziplina anitzekoa hartuko du
Gipuzkoak Espainiako eleaniztasunari buruzko V. mintegi diziplina anitzekoa hartuko du
Eleaniztasunaren erronkak sistema judizialean
Denis Itxaso: “Legearen aurreko berdintasunaren hastapena bermatzeko derrigorrezkoa da justiziaren eremuan ere hizkuntza eskubideak errespetatzea”
Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Lurdes Auzmendi irakasleak Espainiako eleaniztasunari buruzko V. mintegi diziplina anitzekoa aurkeztu dute. Mintegia urriaren 18an izango da Koldo Mitxelenan, Gipuzkoako Aldundiak antolatuta eta Carles Martíren eta Lurdes Auzmendiren zuzendaritzaren pean.
Mintegiaren helburua da Espainiako sistema judizialaren erronkak aztertzea (botere judiziala eta Justizia Administrazioa) Espainiako errealitate eleanitzari dagokionez, betiere hizkuntza eskubideen eta hizkuntza zerbitzuen ikuspegitik.
Edizio honetako gai zentrala hauxe da: eleaniztasunaren erronka sistema judizialean. Gaiaren bi aldeetatik aztertuko da: hizkuntza koofizialen hiztunekiko erronkak, eta beste edozein hizkuntzaren hizlariek dituzten erronkak immigrazioaren eta erbestealdien ondorioz. Horretarako, legelariek, irakasleek, profesionalek eta abarrek parte hartuko dute.
2013an, linguistikarekin zerikusia zuten autonomia erkidego guztietako profesional, akademiko, aditu eta politiko talde batek hausnarketa foro bat sortu zuen hizkuntzen egoeraren zenbait alderdiren gainean eztabaidatzeko, aintzat hartuta, batetik, Espainiaren errealitate eleanitza, eta, bestetik, kontsentsua bilatu beharra errealitate horri Estatuko esparruetatik eman beharreko erantzunaren inguruan, betiere errealitate soziolinguistikoari eta legezkoari jarraikiz.
Itxasok esan duenez, «Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea eta behar bezala tratatzea oinarrizkoa da justiziaren eremuan, bertan burutzen diren egintzek izan ohi duten transzendentziarengatik eta legearen aurreko berdintasunaren hastapena bermatzeko».
Mintegiak Espainiako justizia auzitegietako interpreteen egoera ere aztertuko du. Orobat aztertuko du biktimentzat zein garrantzitsua den auzitegietan alderdi interesdun guztiek diotena zehazki transmititzeko gai diren pertsonak izatea. Hori guztia interpreteen lanari begiratu eta egunerokotasun handia duen gai bat ekartzeko.
Mintegia Denis Itxasok ireki eta Bingen Zupiriak itxiko du eta parte hartuko dute:
- Lurdes Auzmendi Aierbe, itzultzaile eta interpretea, EHUko Letretako Fakultateko irakaslea
- Pello Salaburu, hizkuntzalaria, idazlea, EHUko irakaslea
- Isidor García Sanchez, abokatua, UBko Zuzenbide Zibileko irakaslea
- Itziar Alonso Araguás, Salamancako Unibertsitateko irakaslea, Itzulpengintza eta Interpretazio Saila.
- Maria Vergés Pérez, aranera hizkuntzaren itzultzailea. Hezkuntza, Kultura eta Komunikazioko erregidorea, Vielhako Udaleko Herritarren Gizarte Ekintza
- Alberto López Basaguren, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionalaren Katedratikoa
- Juan Luis Ibarra, Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidentea
- Izaskun Jaca, Donostiako Auzitegi Penaleko magistratua
Mintegian akademikoak (unibertsitateak, hizkuntza akademiak, Cervantes institutua…), profesionalak edo adituak (irakaskuntza, kultura, publizitatea, komunikabideak…) eta politikariak izango dira, antolakuntzak gonbidatuak aniztasunari eta prestigioari jarraikiz.
Itxasok gogorarazi du V. mintegi hau bat datorrela euskara batuaren 50. urteurrenarekin. Hain zuzen, haren bultzatzaile nagusietako bat Koldo Mitxelena izan zen. Hartara, mintegi hau haren omenaldi txiki bat izango da.
Eranskinak:
1956