Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro SuEskola Fundazioak 25.000 lagunetik gora trebatu ditu bere sorreraz geroztik

SuEskola Fundazioak 25.000 lagunetik gora trebatu ditu bere sorreraz geroztik

Gaur esker oneko ekitaldia eskaini die Aldundian patronu, laguntzaile, babesle eta bezeroei

2017/03/23

Su Eskola Fundazioak eskertza ekitaldia eskaini die gaur foru jauregian bere patronu, laguntzaile, babesle eta bezeroei, eman dioten babesa, eta suteen prebentzioarekiko eta itzaltze lanarekiko erakutsi duten konpromisoa aitortu asmoz. Bertan izan dira fundazioarekin kolaboratzen duten erakunde, larrialdi zerbitzu, enpresa eta bestelako entitateetako 40 ordezkari baino gehiago. SuEskolak Ordizian dituen instalazioen maketa jaso dute oroigarri gisa, hiru dimentsiotan inprimitutakoa, eta Markel Olano diputatu nagusiaren esker ona jaso diute.

Parte hartu dute ere Imanol Lasa SuEskola patronatuko presidenteak, eta Iñigo Aldasoro zuzendariak. 2009an hasi zuen bere ibilbidea Fundazioak. Harrez gero, 25.000 lagunetik gora trebatu ditu jada –gaur egun 4.000 eta 5.000 artean trebatzen ditu urtero-. Estatu mailan aitzindari izan dugu, teknologia berritzaileena erabiliz Ordizian dituen instalazioetan, eta etengabe prebentzioa, sentsibilizazioa eta formakuntza landuz.

Zerbitzua eta formakuntza eskaintzen dizkie norbanakoei, prebentzio legeen arabera langileak trebatzen dituzten enpresei, eta larrialdietako zerbitzuei –suhiltzaileak, polizia, babes zibileko entitateak…-. Gizartea sentsibilizatzeko kanpainak antolatzen ditu suteak eta ezbeharrak saiheste aldera, batez ere haur eta gaztetxoei zuzendutakoak. Gainera, ikerketa eta garapen lan garrantzitsua egiten du bere inguruko enpresa eta zentro teknologikoekin elkarlanean, suteen prebentzio, detekzio eta itzalketarako gailu berriak diseinatu eta frogatu ahal izateko

 Ordiziako instalakuntzei dagokienez, sektore honetan bakarra den teknologia izanik, estatu osoan aitzindaritzat jo daitezke. Teknologia honek, segurtasun maila gorena mantenduz, oso praktikoak diren ikastaroak egitea ahalbidetzen dute, ingurugiro eta jasangarritasun estándar guztiak beteaz.

 Bere hitzaldian, Markel Olanok azpimarratu du gaur egun SuEskola Fundazioa “erreferente argia” dela suteei aurre egiteko formakuntzaren esparruan. “Eta hori, eragile askoren inplikazioari esker lortu da, hala nola erakundeak, enpresak, norbanakoak, edota suhiltzaile zerbitzuak. Hori dela-eta, eskerrak eman nahi dizkiegu horiei guztiei, haien ekarpenak ezinbestekoak izan direlako proiektua indartzeko”.

Diputatu Nagusiaren aburuz, SuEskolak baditu “Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko sustatzen ari garen hainbat elementu: ikerketa eta garapenerako joera, bikaintasuna eta etengabeko hobekuntza, eta lankidetza publiko-pribatua. Gizartearen zerbitzura jartzen dugun tresna da, azken finean”. Fundazioaren telefono zenbakia 943-088050 da, eta web orria, berriz, www.sueskola.net.

  

1596