SukalBerrik Gipuzkoako gastronomia sektorearen eraldaketa digitala bultzatuko du
SukalBerrik Gipuzkoako gastronomia sektorearen eraldaketa digitala bultzatuko du
Foru Aldundiak laster onartuko du 360.000 euroko laguntza-programa.
Foru Aldundiak laster onartuko du SukalBerri laguntza-programa, Gipuzkoako gastronomiaren sektoreko eragileen eta enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko. Programak 360.000 euroko zuzkidura du, sektorearen balio kate osoa hartuko du kontuan, eta teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala sustatu nahi ditu, haien eragina aurreratuz eta negozio eta kudeaketa eredu berriak definituz. "Tradizioa eta berrikuntza nahastea funtsezkoa izan da Gipuzkoa nazioartean ezaguna izateko bere gastronomiagatik. Programa honen bidez, enplegua eta aberastasuna sortzeaz gain, eta lehen sektorea bezalako beste jarduera batzuk bultzatzeaz gain, lurralde gisa proiektatzen gaituen jarduera bat indartzen lagundu nahi dugu", azpimarratu du Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Proiektuek lau arlo handitan berritzen lagunduko duten jarduerak jaso beharko dituzte: produktuak eta prozesuak, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra, banaketako eta logistikako sistemak eta negozio ereduak. Berrikuntza teknologikoak lehenetsiko dira, bereziki eraldaketa digitala eta enpresa prozesuei aplikatutako adimen artifizialeko tresnen erabilera, eta laguntza ekonomiko handiagoa emango zaie ETE-ei.
Horrekin guztiarekin, Gipuzkoako gastronomia-ekosistemako enpresen eraldaketa digitala sustatu nahi da, bai ikuspegi teknologikotik, bai negozio ereduaren ikuspegitik, bai produktuak eta zerbitzuak sortzeko eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko ikuspegitik: jasangarritasuna, elikadura osasungarria, kontsumo modu berriak, kolektiboen behar espezifikoetara egokitutako produktuak … SukalBerriren laguntzak sukaldaritza jarduerara eta balio kateko beste eragile batzuetara zuzenduta daude, hala nola ekoizleak, elikagaien industria eraldatzailea, sektorerako ekipo profesionalen industria, osagaien industria, bai eta horrekin lotutako beste jarduera batzuetara ere, hala nola prestakuntza edo zerbitzu espezializatuak.
Azken deialdietan bezala, Aldundiak ordainketa aurreratuak izateko aukera eskainiko du, ETEetan berrikuntza prozesuak errazteko. Prozesu horietako asko enpresaren barne baliabideekin finantzatzen dira, eta horrek kasu askotan berrikuntzaren norainokoa mugatzen du, itzulera ekonomiko seguruagoa eta hurbilagoa duten beste barne proiektu batzuen aurka lehiatu behar baita. Neurri honi esker, enpresetako lantaldeek alderdi teknologikoetara bideratu ahal izango dituzte beren ahaleginak, eta ez baliabideak erakartzeko finantza-izapideak edo izapide burokratikoak egitera.
Larrañagak adierazi du eraldaketa digitala "funtsezko palanka dela gure ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko eta gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Hori begi-bistakoa dirudi industriaren eremuan, baina ia jarduera ekonomiko guztietan izaten da horrela, baita gastronomian ere. Horregatik, jarduerari eta enpleguari eusteko eta krisiaren eragina arintzeko koiunturazko neurriak hartzeaz gain, etorkizunerako prestatzen eta gure ekonomiaren eta, horrekin batera, gure gizarte ereduaren bilakaera baldintzatuko duten eraldaketa prozesuetan kokatzen jarraitu behar dugu. Horietako bat digitalizazioa da, zalantzarik gabe".
"Badakigu –esan du amaitzeko– gure gastronomiaren eta ostalaritzaren sektoreak une zailak eta zalantzazkoak bizi dituela, baina uste dugu tunelaren amaieran hasten dela argia ikusten, eta programa honen bidez babesa eman nahi diegu aurrera begiratzeko orduan eta euren bereizgarri izan diren eta etorkizunean ere lehiakorrak izaten lagunduko dieten ezaugarri berritzaileak eta abangoardiakoak mantentzeko orduan".
1794