Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Talentua erakarri eta bertan finkatzeko estrategia, abian

Talentua erakarri eta bertan finkatzeko estrategia, abian

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoa Talent estrategia abiarazi du Donostian, kanpoan lanean diharduten 200 lagun eta 28 enpresa elkartu dituen jardunaldian

Gipuzkoa Talent jardunaldiaren irekiera

“Gure ekonomia ehunak desafio ugariri egin behar die aurre, etorkizunera begira sendo jarraitu nahi badu. Izan ere, orain arte ezagutu ditugun produkzio, antolakuntza eta merkaturatze moldeak eraldatzen ari dira: nazioarteko merkatuak, fabrikazio aurreratua, kudeaketa adimentsua, pertsonen parte-hartzea, produktu berriak… Eraldatze horri eta gure enpresa nahiz gizartearen lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, ezinbestekoa dugu lurralde gisa talentuari eutsi eta talentu berria erakartzea”. Hitz hauekin abiarazi du gaur Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Miramoneko Parke Teknologikoan eskainitako hitzaldian, Gipuzkoa Talent jardunaldia.

Gipuzkoa Talent programa inauguratu baitu gaur Foru Aldundiak, lurraldeko giza kapitala indartu eta talentu hori behar duten enpresetara bideratu asmoz, azken horiek beren etorkizuneko desafioei aurre egiten jarrai dezaten. Euskal Herritik kanpo beren ibilbide profesionala garatu duten pertsonak eta talentu berria behar duten enpresen arteko zubi lana egingo duen jardunaldia izan da gaur goizekoa.

Diputatu Nagusiak adierazi duenez, gaurko jardunaldia “talentua erakartzeko estrategiaren mugarri garrantzitsua” izan da. Aldundiaren helburua baita alor honetan “aukerak” erraztea orain arte “kanpoan beren ibilbide profesionala” garatu duten gipuzkoarrei, batetik, eta enpresek beren desafioei “aurre egiteko behar duten talentua identifikatu dezaten ate berri bat” zabaltzea, bestetik. “Gipuzkoa, Fellows programaren bitartez, aitzindaria izan da talentu zientifikoa erakartzeko garaian. Estrategia hori enpresetara zabaldu nahi dugu”, jakinarazi du Olanok. Apustu horren baitan, era berean, talentu berriaren formakuntzarako programa batzuk martxan jarriko ditu aurten Foru Aldundiak, Jaurlaritza eta Lanbide Hezitarekin elkarlanean.

Gure enpresen eraldatzeari eta ekonomia nahiz gizartearen lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, ezinbestekoa dugu lurralde gisa talentuari eutsi eta talentu berria erakartzea

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, antolatu du Gipuzkoa Talent. Guztira kanpoan diharduten 200 lagunek, formakuntza maila altua eta nazioarteko esperientzia zabala dutenak guztiak, 30 enpresek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Jardunaldian beren profil profesionala aurkezteko modua eskaini zaie, talentuaren eta enpresen arteko topagune bat eraikiz.

Gipuzkoa Talent egitasmoaren helburua da kualifikazio maila altua daukaten pertsonak lurraldeko enpresetara erakartzea, berreskuratzea eta bertan eustea. Gipuzkoako giza-kapitala bultzatu eta indartzea, alegia.

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, gogorarazi du lurraldea apustuak egiten ari dela etorkizuneko sektore estrategikoetan: fabrikazio aurreratua, energia eta mugikortasuna, biozientziak, eta gastronomia eta elikagaien sektorea. “Etorkizuneko sektore horietara begira, gure industriak bidea egin dezan, oinarri-oinarrian pertsonen ezagutza, lana eta gaitasuna egon beharko dira. Horregatik ekiten diogu Gipuzkoa Talent egitasmoari, lurraldeko talentuari eutsi eta talentu berria erakartzeagatik, alegia”, gaineratu du.

  

3826