Talentua etorkizunaren zerbitzura
Talentua etorkizunaren zerbitzura
Imanol Lasa foru bozeramailearen iritzi artikulua
Aldundiak ilusioa pizten duten bide bati ekin dio aurten, Etorkizuna Eraikizi lotutako ideien laborategi bat abian jarriz. Gipuzkoako elkarte, enpresa, hezkuntza, kultura eta gizarte sare zabal eta aktiboko 35 ordezkari hausnarrean arituko dira etorkizuneko erronkez, besteak beste, sustapen ekonomikoaz, garapen jasangarriaz, kulturaz eta hezkuntzaz, eta horiei erantzuteko abian jarri beharreko proiektuak zehaztuko dituzte, ekonomia arloko lehiakortasuna eta desberdintasunak gutxitzea uztartzen duen lurralde ikuspegia errealitate egiteko.
Jatorri eta profil oso desberdinetako gizon-emakumeak dira –ikerketan, industria aurreratuan edo boluntariotzan ez ezik, artean eta goi mailako kirolean arituak–, baina guztiek ere badute zerbait komunean: goi mailako kualifikazioa, Gipuzkoako errealitatearekiko kontaktua, bokazio ekintzailea eta balio publikoa eta berrikuntza soziala sortzearekin duten konpromisoa. Pribilegio bat izan da prestigio maila horretako profesional anitzen ateak jotzean ezezko bakar bat ere jaso ez izana.
Ekimen hau asmo argi batekin jaio zen: Aldundiarekin komunikazio bideak dituzten mundu ekonomikoaren, elkarteen eta kulturaren lehen mailetatik harago joatea, eta, mobilizatzea, trakzio eta kudeaketa gaitasun handia izan arren eta ekimen arrakastatsuak garatu dituzten arren, errealitate instituzionala nolabaiteko distantziatik bizi duten pertsonak. Lankidetza publiko-pribatua errealitate da aspalditik gure lurraldean, baina gobernantza eredu berriak ezinbestean dakar protokolozko dinamika hori gainditu, eta politika egiteko modu berri baten aldeko apustua egin beharra. Gipuzkoako materia grisa eta kapital soziala mobilizatu nahi dira, lan espazio berean ikuspuntu eta ikusmolde oso desberdinak elkartuz; izan ere, heterogeneotasun horretatik sortuko dira ikuspegi berriak, besteak beste, zahartzaroaren arretari, enplegua sortzeari edo administrazioa modernizatzeari dagokionez. Diren guztiak ez daude hemen, baina dauden guztiak dira.
Nazioarte mailako ereduak izan ditugu ideien laborategi hau abiarazteko inspirazio iturri. Thomas Prehn Mindlab-eko zuzendari exekutiboak, Danimarkako gobernuan integratutako munduaren sektore publikoko liderrak, baieztapen bat egin zuen Tabakaleran egin genuen kongresuan: ez dute think tank bat izan nahi, do thank bat baizik; egitea, eraikitzea eta elkarrekin sortzea dituzte lehentasun. Victor Hugok zioen ideiek mugitzen dutela mundua, baina horretarako ezinbestekoa da ideia horiek ukigarri egitea, Gipuzkoa garatzeko ekimenetan amaitzea. Think tank hori ez da hausnarketa abstraktura bideratutako, epe luzera eraldatzaileak izango diren proiektuetara baizik.
Ideia horietako batzuek ez dute aurrera egingo, eta beste batzuk, aldiz, errotu egingo dira, baina horretarako lanean hartu behar gaitu inspirazioak. Think tankak agenda betea du, hainbat lan saio egingo baitira datorren urteko urtarrila bitartean. Lehen fasea hausnarketarako eta eztabaidarako izango da, eta, bigarrenean, ekintza eremuak eta gauzatu beharreko proiektuak identifikatuko dira. Parte-hartzaileek aplikazio telematiko bat izango dute elkarrekin komunikatzeko. Gainera, aplikaziorako sarbidea izango dute aholkulari talde bateko 100 lagun kualifikatuk ere, eta ideiak emanez lagunduko dute, aurrez aurreko lan saioetan parte ez hartu arren.
Sare neuronal horretan, hausnarketak eta proposamenak trukatuko dira, arreta guneetatik kanpo lan eginez, baina herritarrek ere izango dute aukera erronka eta proiektu horietan inplikatzeko eta beren ideiak eta proposamenak aurkezteko, lehenik eta behin aurtengo udan, hausnarketaren emaitzak aurkezten direnean, eta datorren urtearen hasieran gero, esperimentazio proiektuak ezagutzera emandakoan. Think tankak sortzen duen ezagutza aurreratu hori gizartearen esku jarriko da, horrek Aldundiak abiarazitakoez bestelako ekimen berriak ekar ditzakeelakoan.
Etorkizuna iragartzeko modurik onena etorkizun hori sortzea da, irudikatzea nola nahi dugun lan egin, zahartu, bizi eta prestatu; nola sortuko ditugun kalitatezko lanpostuak sortuko dituzten enpresa berriak, zer sektoretan espezializatu behar dugun, edo nola artatuko ditugun adineko pertsonak eta bazterkeria arriskuan daudenak, gizarte arretako sistema jasangarri eginez. Erronka horiek guztioi eragiten digute, eta ez dira inola ere Aldundiak bakarrik lantzekoak, are gutxiago gure gizarte honetan, zeinetan aurrea hartu izan zaion erakundeen jardunari, ardurak haien esku uzteaz gain.
Gipuzkoan arrakasta izan duten proiektu ugariek ezaugarri komun batzuk dituzte: lankidetza, berrikuntza, esperimentazioa eta ausardia puntu bat. Balio horiek ahalbidetu digute zailtasun handiko garaiak gainditzea eta gure ehun sozial eta ekonomikoa berregituratzea. Lurralde txiki bat gara, bai tamainaz bai biztanle kopuruz; apala eta umila, baina, aldi berean, gauza handiak egiteko gai dena, eta sen kolektibo handikoa. Lehen, arrain handiak txikia jaten zuen; orain, ordea, azkarren egokitzen denak egiten du aurrera, tamaina gorabehera. Malgutasun hori oinarri hartuta, Gipuzkoa indartzeko beharrezko aldaketak eta ekimenak irudikatuz eta abiaraziz diseinatu ahal izango dugu gu guztion neurriko etorkizun bat.
1787