TicketBAI proiektuaren neurri berrien Foru Agindua onartu da
TicketBAI proiektuaren neurri berrien Foru Agindua onartu da
Araudi berriarekin, sei hilabetez luzatu da borondatezko epea kolektibo guztientzat, eta 60 urtetik gorako zergadunak TicketBAItik kanpo utzi ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean onartu du TicketBAI proiektuaren inguruan hartutako azkeneko neurriak biltzen dituen Foru Agindua. Araudi honen bitartez, foru erakundeak sei hilabetez luzatu du sistema berri honen borondatezko epea eta, ondorioz, derrigorrezko epea 2022ko uztailaren 1ean hasiko da. Honekin batera, 60 urtetik gorako zergadunak salbuetsita geratu dira Gipuzkoan. “Bi neurrien helburua zergadunei sistema hau ezartzeko erraztasunak ematen jarraitzea da. Lurralde bezala, esku artean dugun proiekturik garrantzitsuenetako da TicketBAI, eta Ogasuna eta Aldundia ahalegin honetan laguntzeko gaude”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Agerraldi honetan azaldu duenez, TicketBAIri buruzko azken neurri hauek Foru Agindu batean daude jasota eta, ondorioz, Ogasuneko diputatuak zuzenean onartu du araudia, eta ez Kontseiluak. Mendozak gogoratu du Aldundia eta Ogasuna hainbat bilera ari direla izaten azken hilabeteetan, Gipuzkoako arlo ekonomikoko eragile eta elkarte ezberdinekin. “Topaketa hauetan aurkitu ditugun kezka nagusiak bi dira: alde batetik, aldaketaren aurrean ardura, eta bestetik, erretiroa hartzetik gertu dagoen jendeak erakutsi digun ardura. Foru Agindu berriak jasotzen dituen neurri berriek zehazki bi ezinegon horiei erantzuten diete”, zehaztu du.
Foru Aginduak jasotzen duen lehenengo neurria, borondatezko epea luzatzearena, TicketBAI ezarri behar duten zergadunei “erraztasun gehiago emateko” Aldundiaren ahaleginaren parte da. “Izan ere, erabaki duguna da borondatezko epea 6 hilabetetan luzatzea; honela, zergadunei denbora gehiago ematen diogu, betebehar horretara ahalik eta modu eroso eta errazenean egokitzeko. 6 hilabete luzatzen dugu, baina helarazi nahi dugun mezua da borondatezko epera sartzeko; orain da momentua sistema ezagutu, frogatu eta berarekin lan egiten ohitzeko”, adierazi du foru arduradunak.
Erabaki honen ondotik, derrigorrezko epea uztailaren 1ean hasiko da. Orduan, zerga-kudeaketako profesionalak sartuko dira sisteman. Ondoren, irailaren 1ean, jarduera profesionaletan aritzen direnek egingo dute, eta azaroaren 1ean, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta ostatu-sektorea. Hauen ostean, behin 2023 urtean sartuta, apirilaren 1ean, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa eta aisialdiko, kulturako eta arlo pertsonaleko zerbitzuak; eta urte bereko ekainaren 1ean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta gainerako behartuak.
Bigarren neurriak, erretiroa hartzetik gertu dauden pertsonak ditu jomuga. “Honela, TicketBAI obligazioa betetzetik salbuetsita geldituko dira erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak”, esan du Mendozak. Betiere baldintza jakin batzuk bete beharko dira: 2021eko abenduaren 31n jarduera ekonomikoak egiten aritzea eta 60 urte edo gehiago izatea; derrigorrez elkargoko kide izatea eskatzen duen jarduera profesional batean aritzeagatik administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta dauden pertsona fisikoen kolektibokoak ez izatea; eta 2021 urtean besteren konturako langilerik ez edukitzea.
“Neurri batekin eta bestearekin, Aldundiak eta Ogasunak TicketBAI ezartzeko erraztasunak ematen jarraitzen dugu”, azaldu du foru arduradunak. “Gipuzkoa bezala, esku artean dugun proiekturik garrantzitsuena da, eta honi esker, sekulako aurrerapausoa emango dugu: lurraldeko ekonomia guztia digitalizatuko dugu; zergadunei ematen diegun zerbitzua asko hobetuko da; eta zerga iruzurraren kontrako borrokan jauzi handia emango dugu”, azpimarratu du Mendozak. Gogoratu duenez, TicketBAIren ezarpenean laguntzeko neurri sorta zabala du martxan Aldundiak: kenkariak, inbertsioaren %60 artekoak; kenkarien likidezia momentuan emateko mekanismoak (Kenkariback); eta laguntza zuzenak, COVID-19aren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreentzat. “Gonbita luzatzen diegu TicketBAI ezarri behar duten zergadunei, Ogasunera deitzeko, proiektuari buruz informatzeko eta, batez ere, borondatezko epean sartzeko”, nabarmendu du.
Aldundiaren EPEak
Bigarren erabakia Aldundiaren funtzio publikoko alorrean kokatzen da. Mendozak gogoratu duenez, foru erakundeak onartuta dituen Enplegu Publikoko Eskaintzen (EPE) atealean, 8 deialdi onartzea zegoen aurreikusita abendurako. “Hala ere, gaur gaurkoz, hainbat lege erreforma daude martxan aurki onartuko direnak, EPEei zuzen-zuzenean eragiten dietenak”, adierazi du. Honen eraginez, bozeramaileak iragarri du Aldundiak 8 EPE deialdi hauek atzeratzea erabaki duela, lege aldaketa horiek onartu bitartean.
Mendozak azaldu duenez, batetik, Espainiako Gobernuak uztailean errege lege-dekretua onartu zuen eta, honen arabera, administrazio publikoetan plazen jabetza lortzeko bide berri bat ezartzen da, ohikoaz gain: plazak egonkortzeko berariazkoa, balizko gaitegi mugatu batekin eta puntuatze bereziarekin. Geroztik, errege lege-dekretu hori presazko izaera duen lege-proiektu bihurtu da eta dagoeneko negoziaketa fasean dago Espainiako Kongresuan. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak Kidegoak eta Eskalak arautzeko lege-proiektuaren eztabaida amaitzear du eta hor ere EPEei eragingo dieten aldaketak aurreikusi daitezke.
“Beraz, bi gai hauek argitu arte, segurtasun juridikoak eta zentzuak eskatzen dutena da aipatutako 8 deialdi hauek atzeratzea. Lege berri hauek onartu bezain laster, prozesuak hauen edukieretara egokituta berrabiaraziko ditugu, konpromiso hori hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak”, esan du Mendozak. “Jakitun gara legedi berriaren behin betiko bilakaera ezagutu arteko tartea ez dela inorentzat erraza izango: jendea EPEetarako ikasten ari delako, edo bitartekotasun egoeran daudenak beraien egoera argitu zain daudelako. Baina ziur nago denok egingo dugula ahalegina egoerara moldatzeko, halabeharrez, testuingurua zein de jakinda”, borobildu du.
Funtzio publikoaren alorrari orokorrean erreparatuz, bozeramaileak esan du Aldundiak konpromiso irmoa duela erakundea transformatzeko aurrera eramaten ari den prozesuarekin. “Bide horretan, sekulako garrantzia dute giza baliabideek. Belaunaldi aldaketa baten aurrean gaude, eta asmatu egin behar dugu; talentu berria erakarri, eta oraingo langileen ezagutza mantendu. Aurrera begira, lan horrekin jarraituko dugu”, azpimarratu du.
3121