Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro TicketBAIren borondatezko epea luzatu du Gipuzkoak, derrigorrezko epea baino hilabete lehenago arte

TicketBAIren borondatezko epea luzatu du Gipuzkoak, derrigorrezko epea baino hilabete lehenago arte

Modu honetara, zergadunek indartutako kenkariak aplikatu ahal izango dituzte, nahitaezko epean sartu baino hilabete lehenago arte

2021/07/30

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Foru dekretu-Arau berri bat onartu du aste honetan. Honen bitartez, TicketBAIko borondatezko epea luzatzen da, obligazioa nahitaezkoa bihurtu baino hilabete lehenago arte. Horrela, borondatezko epean sartzea erabakitzen duten zergadunek kenkari indartua aplikatu ahal izango dute, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nahiz Sozietateen gaineko Zergan egindako gastuaren %60 hobaria jasoko dute, 5.000 euroko mugarekin, derrigorrezko epean sartu baino hilabete lehenago arte. Adibidez, nahitaezko epea maiatzaren 1ean hasten duen zergaduna borondatezko aldian sartu ahal izango da apirilaren 1era arte; eta urriaren 1ean sartzen dena, berriz, irailaren 1era arte egin ahal izango dute mugimendu hau.

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak gogorarazi duenez, orain arte pizgarri indartu ahal izateko 2021eko azaroaren 1a baino lehen sartu behar zen zergaduna borondatezko aldian. Horren ondorioz, zergadun-talde batzuek kenkari hori aplika zezaketen TicketBAIren derrigorrezko epea iritsi baino bi hilabete lehenago sartuta, borondatez. Aldiz, beste batzuk, esterako 2022ko abenduaren 1ean nahitaezko aldian sartuko direnek urtebete baino gehiago aurreratu behar zuten TicketBAIra sarrera, kenkaria hau aplikatu ahal izateko. "Horrela, borondatezko epea luzatuta, zergadunen arteko tratamendu-diferentzia orekatzea lortzen dugu", laburbildu du Peronak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da TicketBAI, baina lurralde bakoitzean modu bereizian hedatuko da. Praktikan, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin lotuko du eta, Gipuzkoan, foru erakundeak denbora errealean jasoko du erregistratzen den transakzio bakoitzaren informazioa. "Zerga administrazioak iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia eman ahal izango du, iruzur egiten duenaren lehia desleiala ezabatuko baitu. Aldi berean, zerga-administrazioak zergadunari eskaintzen dion zerbitzua hobetuko dugu, zerga-betebeharrak azkar eta eraginkortasunez betetzea erraztuz", azaldu du Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak. Era berean, azpimarratu du Gipuzkoako sektore ekonomikoa erabat digitalizatuko dela, eta horrek garrantzi berezia hartzen duela COVID-19ren krisiaren testuinguruan.

 

Ezarpen egutegia

Bestalde, Gipuzkoan mantendu egiten da orain arteko TicketBAI obligazioaren derrigorrezko epearen ezarpen egutegia, modu mailakatuan egingo dena. Zehazki, zergadun bakoitzak egiten duen jarduera enpresarial, profesional edo artistikoaren arabera egingo da. Hau oinarri hartuta, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) jasotako epigrafeetan aurreikusten diren taldeen arabera hedatuko da.

2022ko urtarrilaren 1a. Zerga kudeaketako profesionalak.

Indarrean dagoen azaroaren  5eko 582/2014 Foru Aginduaren 9. artikuluan aipatuak.

2022ko martxoaren 1a. Jarduera profesionalak.

1. sekzioan, 834. eta 849. talde bitartekoak.
2. sekzioan, 011. eta 841. talde bitartekoak.

2022ko maiatzaren 1a. Txikizkako merkataritza, ostalaritza, ostatuak eta gainerako profesionalak.

1. sekzioan, 641. eta 665. talde bitartekoak eta 671. eta 687. talde bitartekoak.
2. sekzioan, 851. eta 899. talde bitartekoak.

2022ko  urriaren  1a. Eraikuntza eta higiezinen promozioa, garraioa, eta aisialdi zerbitzuak, kulturalak eta pertsonalekin erlazionatutako zerbitzuak.

1. sekzioan, 501. eta 508. talde bitartekoak; 691. eta 757. talde bitartekoak; 833. taldea; eta 851. eta 999. talde bitartekoak.

2022ko abenduaren 1a. Fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioa, finantzak eta artistak.

1. sekzioan, 011. eta 495. talde bitartekoak; 611. eta 631. talde bitartekoak; eta 761. eta 832. talde bitartekoak.
3. sekzioan, 011. eta 059. talde bitartekoak.

  

3133