Badator TURISLAN, turismoaren arloko enplegu azokaren bigarren edizioa
Badator TURISLAN, turismoaren arloko enplegu azokaren bigarren edizioa
Turismoaren hazkundeak lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua ekar ditzan
Turismo departamentuak azokan parte hartzeko deia egiten die enpresei, lanpostuak eskain ditzaten, nahiz interesatuei, haien prestakuntza edozein delarik ere.
Itxaso: "Turislan azokak aukera ematen du formazioa emateko, esperientziak trukatzeko, irekitzekotan dauden hotel berriek beharko duten jendea kontratatzeko, eta turismoaren sektoreak lurraldearen ekonomian duen garrantzia geroz eta handiagoa ikusarazteko".
Denis Itxasok, Kultura eta Turismo diputatuak, Gipuzkoako turismoaren arloko enplegu azokaren bigarren edizioa aurkeztu du. Aurkezpenean egon dira, baita ere, Harkaitz Millan, Basquetourreko zuzendaria; Fernando Nebreda, Garapen Agentzien Euskal Agentziako presidentea; Ander Sarratea, Ficobako gerentea; eta Maite Cruzado, Turismoko foru zuzendaria. Ficoban egingo da azoka, otsailaren 26an eta 27an, enplegu profesional eta kalitatezkoa sortu eta, horrela, destinoaren eta sektorearen lehiakortasuna areagotzeko.
Itxasok azaldu duenez, ikusirik Turislanek emaitza oso onak lortu zituela iaz, Aldundiak finkatu egin nahi du proiektua, erreferente izan dadin, Gipuzkoako sektore turistikoaren kalitatea hobetzen lagundu eta destino jasangarri bat garatzeko, bai sozialki, bai ekonomikoki.
Horretarako, edizio honetan hainbat hobekuntza txertatuko dira, azokaren papera indartzeko. Berrikuntzetako bat da Ficobako III. pabiloian egingo dela aurten, handiagoa eta erosoagoa baita, eta, horrela, handitu egingo dira bileretarako zonaldeak, parte-hartzaileen eztabaidarako eta komunikaziorako espazio zabalagoak sortzeko. Gainera, hitzaldi programa bat antolatu da, sektorearen garapen jasangarriari dagokionez funtsezkoak diren bi gai ardatz hartuta: formazioa eta destino arduratsuarekin eraikuntza.
Itxasorentzat, TURISLAN, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, “kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustu bat ere bada”. Bultzada berezia eman nahi diogu gure lurraldeak jomuga gisa duen kalitateari. Turislan azokak aukera ematen du formazioa emateko, esperientziak trukatzeko, irekitzekotan dauden hotel berriek beharko duten jendea kontratatzeko, eta turismoaren sektoreak lurraldearen ekonomian duen garrantzia geroz eta handiagoa ikusarazteko".
Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izango da. Horregatik, aurten lehenago egingo da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo turismoaren sektorean lanean hasteko orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere bada.
Turislanen parte hartuko duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izango dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai posibleak ezagutu nahi dituzte. Azokan parte hartuko dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.
Nola parte hartu
Erakusketariek Turislanen micrositean eman dezakete izena, otsailaren 5era arte. Lan bila ari diren pertsonek, berriz, eskaintzetarako sarbidea izango dute eta hautagai bila dabiltzan enpresetara curriculumak bidal ditzakete otsailaren 8tik 14ra. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko. Azoka otsailaren 26an eta 27an egongo da zabalik. Otsailaren 26an 9.30etik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era, eta otsailaren 27an 9.30etik 14.00etara.
Informazio liburuxkak bidaliko dira eskualdeetako enplegu agentzietara, udaletako zerbitzu sozialetara eta kultura etxeetara, lan bila ari diren pertsonak azokan izena ematera bultzatzeko. Eskualdeetako Garapen Agentziek lan eskaintzen bitartekari lanak egingo dituzte, lagundu egingo dute lan eskaintzak atzematen, pertsonak hautatzen eta hala eskatzen duten enpresentzat azoka egunerako elkarrizketa pertsonalak hitzartzen. Gainera, publizitate handia egingo da sare sozialetan, eta informazioa eskura egongo da turislan.ficoba.org webgunean.
2017ko balantzea
Turislanen lehen edizioa 2017ko martxoaren 27an eta 28an egin zen. Harrera oso ona izan zuen, bai sektoreko profesionalen aldetik, bai lan bila zebiltzanen aldetik ere. 2.236 bisitari izan zituen; 215 lanpostu eskaini ziren; 3.900 curriculum aurkeztu ziren; 120 kontratu itxi ziren; eta 25 hitzaldi eta lantegi antolatu ziren. Itxasorentzat, "hain datu onak" lortu ziren sektorean bazelako horrelako azoka baten beharra, enplegu profesionala eta kalitatezkoa sortzeko eta sektorea profesionalizatzeko helburuarekin.
Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan egin den gastu turistikoa Barne Produktu Gordin (BPG) osoaren % 7,4 da. 2015ean, gastu turistikoa Euskadin 4.100 milioikoa izan zen, eta 1.706 milioikoa, berriz, Gipuzkoan, 2014an baino 71 milioi gehiago. 20.000 pertsonatik gora daude lanean soilik hoteletan, eta 25.000tik gora, berriz, jarduera turistikoko establezimenduetan. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, Donostia lehen postuan dago estatu mailako norako turistiko urbanoen artean, RevPAR neurgailua (fakturazioa logelako) aintzat hartuta.
"Gipuzkoa da turismoaren arloan hazkunde eta proiekzio gehien duen destinoetako bat. Turismoaren sektorea gure lurraldearen garapen ekonomikorako motor garrantzitsuenetako bat da. Aberastasuna sortzen du, eta enplegua ere sortzen du. Beraz, lan bila dabiltzanentzako aukera paregabea da. Administrazioek ahalegina egin behar dute, nahitaez, sektore turistiko desberdinen kalitate indizeak hobetzeko, baina ahalegin hori eskualdeek eta enpresek ere egin behar dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea, eta sektorea profesionalizatzea. Helburu horri begira, funtsezkoak dira Turislan bezalako azokak, hazkunde turistikoa lehiakortasun eta kalitatezko enplegu bilakatzen laguntzen baitute",azpimarratu du Itsasok.
1496